Zuzenean

Martxan da Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak beka. Azken bi edizioen arrakastaren ostean, errotuago eta parte hartzaile kopuru altuagorekin heltzen da. Euskal Herriko sortzaileek proposamenak egiten dituzte literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkigintza arloan. Bekaren irabazleek euren proiektua garatzeko berme ekonomikoa jaso eta udalerri jakin batean hainbat asteko egonaldia egiteko aukera dute. Abian dira bilerak eta bi aldeek egokien ikustean hasiko dira egonaldi horiek. Udazkenean zehar emango dira ezagutzera emaitzak, aipatu arlo artistiko ezberdinetan.
«Sortzaileei eskatzen dieguna da gaitasuna edozein herritan egokitzeko. Proiektua irekia izan behar da ez dakitelako ze herri tokatuko zaien», dio Udalbiltzako zuzendari Clara Rougetek, «interesatzen zaiguna interakzioa sortzea da. Sortzaileak herria ezagutzea, herriari eskaintza egitea, berak jasotzea herritik baina herriak ere jasotzea sortzailetik», gaineratu du.
Badu eskarmentua Geuretik Sortuak egitasmoan Maite Aizpuruak, hirugarren aldiz izango baitu egonaldi hori egiteko aukera, egokitzen zaion herriko pertsonekin zuzeneko harremana edukitzekoa. Lehen edizioan Metrokoadroka konpainiarekin parte hartu zuen, bigarrenean idazle gisa eta aurten berriro antzerkian Infinito konpainia sortu berriarekin. Aizpuruaren arabera, «alde batetik daude baliabide materialak. Baina bestalde ere bai testuinguru sozial bat zure sormena garatzeko».



