Zuzenean

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Enaitz Olaeta
‘Euskal Pilota Mundura’-ko hautagaia

«Gure hautagaitzak kirol proiektu bat defendatzen du»

Larunbat honetan ezagutuko dugu Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente berria. ‘Euskal Pilota Mundura’ hautagaitzako buru den Enaitz Olaeta izan da NAIZ Irratian. Beraien ildo nagusiak azaldu ditu eta helburu nagusia ere argitu du: «Nazioarteko Federazioan partaidetza egonkortzea».

Audio_placeholder

«Gure hautagaitzak kirol proiektu bat defendatzen du»

Loading player...
Enaitz Olaeta ‘Euskal Pilota Mundura’-ko hautagaia.
Enaitz Olaeta ‘Euskal Pilota Mundura’-ko hautagaia. (Enaitz Olaeta)

Enaitz Olaetaren (Bilbo, 1990) ‘Euskal Pilota Mundura Taldea’ da Euskal Pilota Federakuntzako hauteskundeetara aurkeztu den bigarren hautagaitza. Zortzi puntuz osatutako programa xehatu du bilbotarrak NAIZ Irratiko uhinetan: Nazioarteko Federazioan egonkortzea, pilotarien formazio eskubideak, ranking bat egituratzea eta erabiltzea, lurraldeko federazioen harreman ona mantendu eta sustatzea, emakumezkoen pilota indartzea –«trabarik ez jartzea, txapelketen egutegiak ez solapatzea partaidetza handitzeko»–, enpresa profesionalekin hitzarmena sinatzea eta aurrekontua handitzea. Guzti horien bueltan hitz egin du bilbotarrak, bai eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaz ere.

Euskal Pilota Mundura Taldea da zuen hautagaitza. Hau izango al da zuen helburuetako bat?

Gure helbururik garrantzitsuena da Nazioarteko Federazioan egonkortzea da eta Euskal Selekzio bat lortzea behin betiko.

Orain arteko kudeaketa egokitzat jotzen duzue?

Beti dago hobetzekorik, baina uste dut Gotzonek egin duen lana goraipatzekoa dela. Gotzonek Federazioa topatu zuen moduan topatu zuen, ekonomikoki oso gaizki, ixteko gutxi falta zen. Lehen lau urteetan jende askok esan zuen Federazioan ez zirela gauza asko egiten, baina lehen lau urteetan ekonomikoki onbideratzea izan zen helburua. Azken lau urteak beste kontu bat izan dira. Lehen aipatu legez, lortu du lurraldeko federazioak elkarren artean ondo konpontzea. Ematen du erraza izan behar lukeela, baina ez da horrela izan; orain arte bakoitza bere aldetik joan da, eta harremanak ez ziren lar onak. Orain bertan harreman osasuntsu bat daukagu denon artean, eta hori asko da. Gainera, Nazioartean onartua izatea lortu du, txapelketak mantendu egin ditu, bai kantitate bai partaidetza aldetik. Nire balorazioa oso ona da.

«Sartu berri gara Nazioarteko Federazioan, barruan zenbait Federazio daude, horien artean Espainiakoa eta Frantziakoa. Kontu handiz aritu behar da honekin»

Mahai gainean daukagun gai potenteena da Euskal Selekzioaren ofizialtasuna. Nazioarteko Federazioak bertako kide izatea onartu du. Zalantza asko ere sortzen dira, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko pilotaririk gabeko Euskal Selekzio batek zentzurik baduen, besteak beste. Zein da zuen jarrera honen gainean?

Uste dut antzeko iritzia daukagula Joxemari Mitxelenaren ‘Pilota 7 haizeetara’ hautagaitzak eta gureak. Agian, ezberdintzen gaituena moduak dira. Norberak nahi duena ikusteaz aparte, beste aldea ere begiratu behar dugu. Gu oraintxe sartu berri gara Nazioarteko Federazioan. Barruan zenbait Federazio daude, horien artean Espainiakoa eta Frantziakoa, boto askorekin. Kontu handiz aritu behar da honekin. Sartu eta segituan hasten guk nahi duguna eskatzen bagara, jakinda euren kontra goazela, agian sartu garen moduan irten ere egin gaitezke. Esan bezala, oraindik gauza pila bat daude ixteko eta negoziatzeko. Niri beldurra ematen dit; ezagutzen ditut nortzuk diren eta nolako jarrera daukaten. Jardun beharreko kontu bat da, berba egin behar da. Niri gustatuko litzaidake aurrerago berba egitea, jada barruan gaudela, jada partaidetza ziurtatuta daukagunean Munduko txapelketetan.

Begi onez ikusiko zenukete hasiera batean EAEko pilotariek osatutako selekzio bat izatea eta gero, posible bada, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko pilotariak batzea?

Modua aurkitu behar da denok eroso egon gaitezen. Irizpide bat lizentziak izan daitezke. Badaude formak nafar pilotariak Euskal selekzioan parte hartzeko. Kontu handiz ibili behar dugu, euren sentsibilitatea aintzat hartuz, haserretu ere egin daitezkeelako. Ez daukat arazo hori soluzionatzeko giltza, baina suabe  joatea izan daiteke modua.

Beste puntuetako bat da emakumeen pilota. Nola sustatu daiteke hauen parte hartzea, baldintzak hobetzea?

Federazio guztietan sustatzen gabiltza ahalik gehiena. Sustatu ez ezik, erraztu egin behar da. Euskadiko Federaziotik egin behar duguna da lurraldeko federazioekin hitz egin, antolatu, ea zenbat fitxa dauden eta egutegi bat adostu, partaidetzarik handiena lortzeko. Horrez gain, trabak kendu behar dira; esate baterako, asteburu berean hiru partida ez edukitzeko. Enpresa profesionalekin batera (Eraman, Emakume Mastercup eta Ados Pilota) egutegi bat egituratu behar da.

«Emakumeen pilota, sustatu ez ezik, erraztu egin behar da. Asteburu berean hiru partida ez edukitzeko, enpresa profesionalekin (Ados Pilota, Emakumeen Mastercup eta Eraman) egutegi bat egituratu behar da»

Aldaketa batzuen beharra ikusten duzue txapelketa jakin batzuetan? Zuretzat zergatik da garrantzitsua ranking hau?

Behar bat ikusten dut. Beti egon da gerra bat txapelketa pribatuen eta ofizialen artean. Txapelketa pribatuak ezinbestekoak dira, pilotak aurrera egiteko, eta eskertzen dut elkarteek egiten duten lana. Baina lortu behar dugu eurekin batzartu eta egutegi bat adostea. Zergatik ematen diodan garrantzia rankingari? Txapelketa pribatuetara pilotariak joaten dira eta horiei eman zaie inportantzia, enpresa profesionalak horietan jartzen zutelako fokua, eta ez ofizialetan. Rankinga garrantzitsua izan daiteke selekzioaz egoteko, baina erakusleiho ona izan daiteke dena egituratzeko.

Espainiako Federazioarekin hartu-emana sustatu beharreko zerbait dela diozu. Zenbateko garrantzia du haiekin harreman on bat edukitzeak?

Urtarrilean hasten da Espainiako txapelketa, eta modalitate guztietan egiten digute egundoko mina. Nik nahiko nukeena da Euskal Herriko txapelketa potente bat edukitzea. Baina guk antolatzen dugunean, eurak ere Espainiakoa antolatzen dute. Gaur egun, Espainiako txapelketak Euskadikoak baino maila gehiago dauka. Autonomia Erkidego bakoitzeko maila handieneko pilotariak Espainiako txapelketara joaten dira. Geratzen zaigu Euskal Herriko txapelketa izan ahalko zena baino maila baxuagoko bat. Federazio espainolean presidente izango denarekin batu eta ea adostu dezakegun, agian guk aurreratu eta beraiek atzeratu.

Itxaropenik baduzu Espainiako Federazioak Euskal Herriko txapelketa antolatzeko orduan laguntzeko jarrera hori hartuko duela?

Ez dakigu nor aterako den larunbatean. Javier Conderekin harremana badaukat. Urte luzez Nazioarteko Federazioan diruzaintza berak eraman du, bidaietan berarekin asko hitz egin dut eta bera prest dago, orain arte behintzat hori esan izan dit. Gero ikusi beharko da. Orain arte Nafarroako presidentea izan da eta berak argi eta garbi ikusten zuen nik komentatzen dudana.

«Nik nahiko nukeena da Euskal Herriko txapelketa potente bat edukitzea, baina guk antolatzen dugunean, eurak ere Espainiakoa antolatzen dute. Gaur egun Espainiako txapelketak Euskadikoak baino maila gehiago dauka»

Nola baloratzen duzu une honetan Federazioaren finantza egoera? Nola lortu daiteke aurrekontua handitzea?

Alde batetik, diru publikoa –ea Eusko Jaurlaritzak zenbat diru eman ahal digun–, eta bestetik, finantzazio pribatua. Alde bietatik lortu daiteke lau urte hauetan aurrekontua handitzea, orain arte eduki dugun aukera ez baitugu sekula eduki. Selekzio potente bat edukitzeko, estruktura potente bat eduki behar da. Guk Euskal pilotan badakigu jokatzen, baina hortik Munduko txapelketa bat irabaztera bide luze bat dago. Egin behar duguna da ongi estrukturatu, dietistak, teknikoak... Lan asko egin beharra dago atzetik. Hau da, bideragarria izateko dirua behar da. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzari dirua eskatu, ea beraiek noraino lagundu ahal diguten, eta, beste aldetik, enpresa pribatuengana ere joan.

Zuen programan ere aipatzen duzu hauteskundeak iristen direnean egin izan direla bi bando, EAJ eta EH Bilduren ildotik, kirol proiektuari jaramon askorik egin gabe. Hau nabarmendu nahi izan duzu.

Bai. Esaten dizudan moduan, ni pilotaria naiz eta uste dut beti egin dela akats berdina, alde batetik zein bestetik. Nik badakit gure hautagaitza ez dela alderdi politiko batek aurrera eramaten duen hautagaitza bat. Nire ekimen bat izan da, osatu dugu taldea, denok lagunak gara, pilotariak gehienak. Guk defendatzen duguna kirol proiektu bat da. Iruditzen zaigu, gainera, datozen urteak oso garrantzitsuak izango direla, aldaketa asko egongo direlako. Lau urte hauek gakoa dira gauzak ondo egiten hasteko. Elkarte guztiei eskatuko nieke larunbatean hori baloratzeko. Ez dakit zein proiektu den hobea, baina behintzat kirol proiektuak eta pertsonak baloratzeko, alde batera uzteko gerra politiko hori.

Orain arte Bizkaiko Federazioan aritu zara. Zertan uste duzu lagunduko dizula esperientzia honek?

Federazioak antzekoak dira. Pasatzen dena da lurraldeetako Federazioetan hasten diren proiektuei gero jarraitutasun bat eman behar zaiela Euskadikoan. Gainera, Bizkaikoan egoteak ahalbidetu digu Imanol Arreseri eta niri Euskadiko Federazioan egoten; ez gara zerotik hasiko, eta horrek erraztasuna ematen du.

Zalantzan dagoen bati zein arrazoi emango zenizkieke zure hautagaitzaren alde bozkatzeko?

Gu jada bagaude Federazioan sartuta, lanean ibili gara, azken hiru urte eta erdian ezagutzen dugu zertan aritu garen. Gainera, lan taldea indartu egin dugu, gure hautagaitza oso potentea da, denak dira pilotariak, alor bakoitzari buruz dakien pertsona dago. Hori da gakoa. Orain dauzkagun harremanak beste federazioekiko, gogoz gaudela, gurea kirol proiektu bat dela eta hori defendatzera gatozela.

Jaurlaritza Logoa