Zuzenean
«Klubik ez balego, alferrik arituko ginateke lanean»
Euskadiko Euskal Pilota Federazioko hauteskundeak ospatuko dira larunbatean, bi hautagairen artean. ‘Pilota 7 Haizetara’ hautagaitzako buruak «kluben kluba» izatea nahi du. Euskal Herriko txapelketak sustatu, emakumeen presentzia indartu eta euskararen pisua eta indarra handitzeko esperoan.

«Klubik ez balego, alferrik arituko ginateke lanean»

Larunbat honetan Euskadiko Euskal Pilota Federazioko hauteskundeak izango ditugu eta bi hautagaitza ditugu: bata zuena, ‘Pilota 7 Haizetara’, eta bestea Enaitz Olaeta buru duen ‘Euskal Pilota Mundura’ taldea. Egun gutxiren faltan, nola zaudete?
Lanean! Klubekin berriz ere egoten eta beraien zalantzak argitzen. Horretan gabiltza.
Zuen hautagaitzaren izena, ‘Pilota 7 Haizetara’, hala ulertuko al zenukete euskal pilota selekzio bat: Euskal Herriko zazpi lurraldeak biltzen dituena?
Bai, hori garbi daukagu. Baina egun hauetan ikusten ari gara izenarekin asmatu ote dugun, «7 Haizetara» jarri beharrean «8 Haizetara» jarri beharko dugun; diasporan dagoen jendea deika ari da esanez, «aizue, guk ere euskal selekzioarekin jokatu nahi dugu!» Txile, Mexiko edo Argentinako pilotari ezagunak, jatorri euskalduna dutenak, beraiei ere jakinmina, ikusmina eta gurekin jokatzeko gogoa... sortu zaizkie. Baina tira, printzipioz guk Euskal Herria bere osotasunean ikusten dugu eta horrela gustatuko litzaiguke lan egitea.
Euskal pilota selekzioaren ofizialtasunaren gaia mahai gainean dugulako, izan ere, denok dakigunez, Nazioarteko Federazioak eskubide osoko kide izatea onartu du. Zein da zuen jarrera honen guztiaren inguruan?
Hori federazio bat da, gu bitan baikaude banatuta. Bat da Munduko Pilota Konfederazioa eta hor 2016tik aurrera gaude eta erakunde horrek antolatzen dituen txapelketa guztietan ofizialak gara eta euskal selekzio ofizial bat bezala jokatzen dugu, eta nahikoa emaitza onekin. Eta bertan parte hartu dugu Nafarroako eta Iparraldeko pilotariek; badaude Nafarroako eta Iparraldeko pilotariak Euskal Selekzioarekin Munduko txapeldun direnak. Ba gauza berbera gustatuko litzaiguke Nazioareko Euskal Pilota Federazioarekin ere. Besteekin izan tratu ona eta ibilbidea nahiko genuke; ez dugu inolako polemikarik edo istilurik sortu. Modu normalean jokatu dugu. Bada, gauza berbera gustatuko litzaiguke: guk sortutako federazio horretan orain ez geundenak, baina «Inuxente Egunetik» –abenduaren 28tik– barruan dago jada eta ea zer erabakitzen den eta espero dugu onartzea eta normaltasunez jokatzea.
«2016tik onartzen du Munduko Pilota Konfederazioak Euskal Selekzioa eta hor baudade Nafarroako eta Iparraldeko pilotariak ere»
Ez dakit zuek begi onez ikusiko zenuketen, hasiera batean behintzat, soilik Euskal Autonomia Erkidegoko pilotariek osaturiko euskal selekzio bat, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariak barne hartu gabe?
Bestarekin –Munduko Pilota Konfederazioarekin– ez dugu inolako arazorik izan. Hemen gustatuko litzaiguke gauza berbera izatea. Horretarako, lehenbizi, pilotariek nahi izan beharko dute. Pilotariek nahi badute gurekin jokatzea, hori izango litzateke ere guk nahiko genukeena. Bigarrenik, (Nazioarteko) Federazioak ea uzten digun, edo behintzat beste aldera begira dezala eta ez oztoporik jarri eta represaliarik ez izatea. Alegia, Munduko Pilota Konfederazioan utzi digute eta hemen ere hori nahiko genuke. Gure asmoa behintzat hori da: zazpi lurraldeetako pilotariek elkarrekin jokatzea.
Zuen programan diozue pilota maite duzuen hainbat kidek osatzen duzuela zuen hautagaitza; ideia eta pentsamendu ezberdinetako jendea. Hain justu, Enaitz Olaetaren hautagaitzaren programan nabarmentzen da hauteskundeak heltzean beti egin izan direla bi bando sentsibilitate politikoaren arabera, Bildu eta EAJri erreferentzia eginez, kirol proiektuari jaramon askorik egin gabe. Ez dakit honekin ados zauden.
Ba ez. Beraiek horrela pentsatuko dute, baina gure taldean ez dago inongo alderdi politikorik atzetik. Gure taldean pentsaera politiko ezberdinetako jendea dago, alderdi ezberdinetara bozkatzen duten pertsonak, eta badakit jakin denok ez dugula berdin pentsatzen politikoki. Baina gauza batek bai batzen gaituela: pilotak. Pilota nahi dugu eta maite dugu, eta pilotaren alde lan egingo dugu, gainera.
Zein balorazio egiten duzue orain arte Gotzon Embilek zuzendutako Federazioaren inguruan?
Azken lau urteetan berarekin egin dut lan diruzain bezala; lehendik ere banuen harremana Federazioarekin, kargu hau proposartu baino lehenagotik, azken bederatzi urteetan «joko zuzenetako» arduraduna izan nazelako. Horrek ez zuen esan nahi Zuzendari Batzordean nengoenik, ez bainengoen, baina azken lau urte hauetan, bai.
Nire esperientziagatik 40 urtean banketxe batean lanean, komentatu zidan –Embilek– ea diruzain lanetan hasi nahi nuen, nahiko egoera larria zelako. Eta, tira, baietz esan nion eta ikusi nuen nola zeuden gauzak eta zera proposatu nion: ‘diruzain’ izena aldatzea, dirurik ez zegoenez ‘zorzain’ izea edo halakoren bat jartzea (irribarrez). Baina tira. Azkenean zor guztiak ordaindu ditugu eta beraz, ez diogu inori ere ezer ere zor. Horretaz aparte, joko zuzenetaz arduratu naiz, eta alor horretan izugarrizko laguntza eta babesa eman dit Gotzonek. Horrez gain, euskara plan bat egin genuen eta plan horren arduradun jarri ninduen eta gustura egin. dut lana, egia esan! Eta hainbat proiektu martxan jarri ditugu eta horiek aurrera jarraitzeko asmoa dugu orain.
Zein dira ‘Pilota 7 Haizetara’ hautagaitzaren helburu nagusienak?
Lehenengoa, «kluben kluba» izan nahi dugula. Hau da, guk klubak indartu eta babestu nahi ditugu, eta haiengandik gertu egon nahi dugu. Hargatik, gure hautagaitzan 14 lagunetik 9 klubetako zuzendaritza batzordeetan gaude. Oinarri oinarritik dakigu zein behar, zein kezka... dauzkagun. Asko hitzegiten da Euskal Selekzioari buruz, pilotako profesionalei buruz, baina klubik ez balego, alperrik ariko ginateke eta jai izango genuke. Lehenengo eta behin, klubak behar dira eta klub horiek indartsu, gogotsu eta motibatuak egon behar dute. Hori litzateke gure ardatz nagusiena.
Gero letorke euskara. Indarra eman nahi diogu euskarari, pilota baita gure herriko hizkera daraman bakarra eta guretzat pilota eta euskara gauza bera dira. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzarekin plan bat hasi genuen eta horregatik urrezko «Bikain» bat eman ziguten, baina ez dugu hor geratu behar. Aurrera jarraitu behar dugu eta horretarako pertsona egokienak ditugu: batetik, azken hamar urteetan Korrikako zuzendari izan den Asier Amondo, duela gutxira arte klub bateko presidente izan dena, eta bestetik Oier Zearra pilotari profesional ohia; berak izugarrizko gogoa erakutsi du euskal pilotaren esparru guztietan euskara indartzeko.
Komunikazio aldetik ere indartzea gustatuko litzaiguke, berdin hedabideetan nola sare sozialetan. Eta horretarako dago gure hautagaitzan Jon Eskudero kazetaria, ‘Berria’-n idazten duena eta hainbat pilota partidako esatari ere badena. Hortik ere beste diru-sarrera bat espero dugu, babesleak eta pixka bat hurreratuta.
Beste atal bat emakumeena izango litzateke. Emakumeak pilotan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira; gero eta fitxa gehiago daude. Eta horretarako gure hautagaitzan hiru emakume doaz, hiru emakume hiru esparru ezberdin menperatzen dituztenak. Alde batetik Alaitz Badiola. Ikaspilota proiektuan hasi zen eta 20 urte darama zuzendari bezala. Eskola kirolen arloan ederki ezagutzen du eta sei urtetik gorako haurrekin eta gazteekin gure kirola hor sartzen ari da. Bestetik, Itsaso Erasun pilotaria dago. Berak dakizki pilotariek dituzten kezkak, nahiak eta beharrak. Ez dadila geratu hor behean. Eta beste hirugarren arlorako Itsaso Zubizarreta dago. Markinako zuzendaritza batzordeko kidea da. Klub bat daki kudeatzen, ez bakarrik nesketan. Hiru esparru horiek, behe-behetik, betetzen ditugu emakumeen pilota idazteko.
Aipatu duzu kluben kluba izan nahi duzuela. Uste duzue askotan ahaztuak izaten direla?
Bai. Askotan klubetatik urruti ikusten dugu Federazioa eta hori nahi genuen pixka bat gerturatu. Ondoan egon, babestu eta kluben beharrei aurre egin.
Emakumeen pilota zuen beste arretaguneetako bat da. Argi dagoena da gero eta emakume gehiago ari direla pilotan, baina agerian dago oraindik ere asko dagoela egiteko alor horretan. Eta bi hautagaitzek gainera nabarmendu nahi izan duzue hau. Ez dakit non ikusten dituzuen hemen gabeziarik handienak: parte-hartzean baldintza ekonomikoetan, baliabideetan orokorrean...
Denetan ziurrenik. Badirudi eskupilota bakarrik ikusten dela, baina baita ere palan, zestan... indartu nahi dugu. Zesta ere indarra hartzen ari da, emakumea sartu da eta hori ere nahi dugu, ez bakarrik eskuzkoa. Euskal pilotak 27 modalitate ezberdin ditu eta orduan gustatuko litzaiguke denetara sartzea. Gero, joko zuzenetan emakumeak munduko txapeldunak dira. Orain dela 10 urte ez zekiten jokatzen eta begira orain, ez da bakarrik ikasi dutela, baizik eta oso lehiakorrak dira eta izugarrizko aurrerapausoa eraman dute neskek.
Azkenean ikusten ari gara hemengo emakumeak pilotariak direla, nahiz eta agian ez dominatu hainbeste modalitate baten. Ezker paretetatik plaza librera joaten dira eta badakite jartzen, badakite nola egin, zer egin. Eta hori txiki-txikitatikan daramagun gauza bat da. Eta joko zuzenetan oso emaitza onak izan ditugu eta eta orain espero dugu beste modalitateetan ea uzten digute parte hartzen Euskal selekzio ofiziala bezsla eta eta hor ere ea emaitza onak lortzen ditugun.
Gustatuko litzaiguke ahalik eta modalitate gehienetan emakumeak hor egotea. Ikusi dugu pausoa eman dutela bai eskuzkoek, frontoitik plaza librera. Erremintan hala ikusten dugu frontoian eta trinketean ere ondo dabiltzala. Eta zestan zer esanik ez. Eta zergatik ez modalitate guztietan ere ikusi eta indartu?
Txapelketen formatuari, egutegiari dagokionez, ez dakit zerbait planteatzen duzuen. Esaterako, beste hautagaitzarekin; Enaitz Olaetarenak pilotarien ranking bat proposatzen du. Ez dakit txapelketen inguruko kezkarik darabilzuen buruan...
Bai, noski. Nahi duguna da Euskal Herriko txapelketak indartu. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketan hasi ginen eta jada 10 urte jokatu ditugu. Hor parte hartu dute Euskadiko Euskal Pilota Federazioko pilotariek, Nafarroakoek, Iparraldekoek, eta ikusi da urtez-urte indartuz joan dela, gero eta pilotari gehiago daudela eta maila ere handiagoa dela. Eta hori da pixka bat nahi duguna. Hau da, guk antolatzen ditugun Euskal Herriko txapelketak, horiek indartu eta lehen komentatu dugun bezala, modalitate gehienetara pasa.
Rankingak eta antzekoak frontoietan eta plazetan erakutsi behar dira. Baina denak, ez eliteko batzuk bakarrik. Eliteko horiek izango dira onenak agian, baina denei eman nahi diegu aukera. Egin dezakegu beste herrialdeetan egiten den bezala: Belgikan, Herbehereetan, Valentzian... Beste kiroletan egiten den bezala: futbolean, saskibaloian.. Hau da, liga bat, liga potente bat: 20 taldekoa, 18koa, 16koa... Eta ez bakarrik eskuzkoan. Hori nahi dugu batez ere indartu: Euskal Herriko txapelketak modalitate desberdinetan eta gero hortik aterako dira pilotari onenak. Beti esaten da kantitatetik ateratzen dela kalitatea. Hori pentsatzen dugu indartu behar dela: Euskal Herriko euskal pilota txapelketak.
«Ahalik eta modalitate gehienetan Euskal Herriko txapelketak indartu nahi ditugu. Rankingak eta antzekoak frontoietan eta plazetan erakutsi behar dira»
Euskara ere aipatu duzu, zuen ardatzetako bat izango da. Ez dakit nabaritu duzuen gure hizkuntzaren erabilera galtzen ari ote den klubetan, pilotarien artean edo nondik datorren kezka hau?
Hobetu egin da. Gazteek oraindik ere nik uste euskara gero eta gehiago menperatzen dutela eta agian desberdintasuna da irteeran aldetik. Baina behintzat azkenean saiatu eta ahalegindu! Oraindik uste dugu behintzat teknikariek eta edo entrenatzaile batzuek ez dakitela eta horiei pixka bat lagundu behar zaie eta bideak jarri denok euskaraz egin dezagun, baina behintzat behe-behetik hasi eta denak batera ea gai garen gure hizkuntza indartzeko. Nire ustez azkeneko bi urte horietan gorakada handia eman dela nabaritu da euskal Eusko Jaurlaritzarekin egin dugun plan horri esker eta hortik jarraitu nahi dugu.
Bi urtetan gorakada handia egin dugu, baina ez du horrek esan nahi hemen bukatu denik. Alderantziz. Beste bi edo hiru urtez behintzat Eusko Jaurlaritzak jarritako laguntzarekin aurrera jarraitu nahi dugu. Ezin dugu esan «honaino iritsi gara eta nahikoa da». Ez dugu inor derrigortu nahi, baina bai lagundu gero eta euskara gehiago entzun dezagun frontoietan, trinketean eta plazetan.
Elkarlana ere aipatzen duzue zuen programan: klubekin, beste federazioekin... Hemen pentsatzekoa da Espainiako Pilota Federazioan ere presidente aldaketa bat izango dugula laster. Ez dakit zuen ustez garrantzitsua den Espainiako Federazioarekin harreman on bat sustatzea.
Bai, noski! Orain arte harremanik ez dakit bagenuen ere, eta baldin bagenuen, nahiko txarra. Orain aldaketarekin, ezagutzen dugu Javier Conde Nafarroako presidente bezala. Guk behintzat oso harreman ona izan dugu eta pentsatzen dut bioi asko lagunduko digula.
Orain arte guk antolatzen genituen Euskal Herriko euskal pilota txapelketak eta Espainiako Federakuntzak antolatzen zituen ere data berdinetan. Guk aldatzen bagenituen datak, Espainiakoak berehala aldatzen zituzten, beti gu izorratzeko. Gure lehentasuna izango da gu gure Euskal Herriko txapelketei garrantzi gehiago ematea, hori garbi daukagu. Baina Espainiako Federazioak antolatzen dituen txapelketetan ere parte hartu nahi dutenei ez diegu inongo oztoporik jarriko, baldin eta harreman on bat baldin badaukagu eta posible dugun denak denon artean elkar laguntzea.
Baina batez ere aurrena gurea nahi dugu egin, gurea indartu. Oraindik asko daukagu hori indartzeko eta gero ondo etorriko litzaiguke bai Espainiako Federazioarekin eta baita ere Frantziakoarekin ulertzea. Iparraldeko txapelketek askok hobetu beharra dute, hobetu behar dugu eta mahai batean eseri eta orain arte behintzat Javier Conderekin oso harreman ona izan dugu. Lilou Etxeberriarekin ere, Frantziako pilota presidentearekin ere ondo konpontzen gara. Eta gero Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko lehendakariarekin ere oso harreman ona daukagu; ea denon artean kapaz garen hau dena hobetzeko.
Baikorrak zarete alde horretatik?
Bai, bai, egia esan bai. Gure aldetik behintzat ateak irekita daude eta eta espero dugu aurrean daudenak ez ixtea eta itxita baldin badaude, joko dut tinbrea edo aldaba, ea irekitzen diguten. Lehen Garcia Angulok ez zigun irekitzen. Orain uste du Condek irekiko digula eta eta hitz egingo dugula.
Oraindik zalantzak dituenari zer esango zenioke, zerk bereizten du zuen hautagaitza?
Kluben kluba izan nahi dugula. Oinarri-oinarritik gatoz. Badakigu «lokatzetan eta han egiten», badakigu kudeatzen, eta badugu baita ere eskarmentua kudeatzen federazioetan, bai lurraldeetakoan eta bai Euskadikoan ere, eta kapaz garela. Jende oso indartsua dagoela, oso gogotsu lanerako. Lana egingo dugu, hori seguru eta prest gaude gauzak aurrera ateratzeko eta ahal denik eta arazo gehien konpontzen saiatzeko.
Zuen partetik guztia jarriko duzuela, alegia.
Bai. Eta lehen esan dugun bezala, beti kluben alde. Klubik gabe ezinezkoa da. Klubik ez badago, jai du pilotak.