Zuzenean
Abenduaren hasieran atera zuen Sarek larunbateko zitara begirako spot-a. ‘Behin betiko’ lemadun zigilu bat, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Beñat Uribe-Etxeberriaren esanetan, «Euskal gizarteak gatazkak utzitako ondorioak eta konponbideak zigilatzeko duen eskubide eta beharra irudikatzeko». Horixe da urtarrilaren 11ko manifestaziora eramango den aldarria. «Lege arrunta aplikatuz gatazkak utzitako ondorio honen konponbidea zigilatzeko aukera izatea eskatzen dugu».
122 dira oraindik espetxean dauden Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak. Bi presok 30 urtetik gora bete dituzte dagoeneko giltzapean, beste 13k 25 urtetik gora eta 60k 20tik gora. 14 dira gaixotasun larriak dituztenak. Hauexek dira salbuespen politikek utzitako zifrak.
Salbuespena
Estatuen arteko zigorra bikoiztea bertan behera gelditu izana jakin bezain pronto adierazi zuen Sarek ez dela momentua «legearen berridazketa baloratzeko, aplikatzekoa baizik». Oraindik gauzatu ez dela eta, orduan esandakoa berretsi du Uribe-Etxeberriak, «heldu da erreforma gauzatzeko momentua, inolako salbuespenik gabe». Bidea, baina, hasia dago. «Bidea indibidualizatua denez, indibidualki eman dira eskaerak. Batzuk sartuak daude, baina bide administratiboa denez denbora eskatzen du eta eskaera bakoitza ere pauso ezberdinetan dago».
Beste salbuespenetako bat da 7/2003 legea. Sareko bozeramaileak ekarri du gogora lege honen aurkezpenean orduko Espainiako presidente Jose María Aznarrek esandakoa: «Que se pudran en la cárcel». Horrek erakusten omen du zertarako sortua izan zen Beñat Uribe-Etxeberriaren ustez. Lege horrek ahalbidetu zuen zigorren gehiengo betetze zifra 30 urtetik 40ra igarotzea, «bizi arteko espetxe zigor estalia». «Estrategia antiterroristapean sortutako lege honek orduan ere erakusten bazuen, egun hare salbuespen handiagoa erakusten du».
Beste hitoetako bat izan da Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskuduntza hartu izana. Orain espetxeak Gobernuko PSEren esku daude. Berregokitzapenak ekarri duen «geldialdi tekniko» hori atzean utzita, argi utzi du Uribe-Etxeberriak «eremu judizialari bezain beste» eskatuko diotela «eremu politikoari, bere esku dagoen guztia egiteko». «Konponbidearen bide horretan eragileak hainbat gara. Gizartea da eragile nagusia, baina eremu judizial eta politikoek ere badute bere ardura». Zigorraren laurdena bete duenak, baimenetarako eskubidea izatea. Zigorraren erdia bete duenak, hirugarren gradurako eskubidea izatea. Zigorraren hiru laurdena bete duenak baldintzapeko askatasunerako eskubidea izatea. Finean eskaera bat eta bakarra: lege arrunta aplikatzea.
Konponbide integrala
Larunbateko mobilizazioan pertsona erreferentzial ezberdinek eramango dute pankarta, indarkeria ezberdinen biktimak tarteko. Horrek adierazten du, Beñat Uribe-Etxeberriaren iritziz, «badagoela elkarbizitzarako behar bat». «Konponbide integrala» eskatzen du Sarek, «euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea. Baina baita biolentzia ezberdinen biktimek egia jakiteko duten eskubidea eta aitortzarako beharra ere».
Luzeak izan ohi dira amaierak. Ikusi nahi dela, bidea badela, baina oraindik itxaron egin behar. «Akaso ikusi dezakegu gure burua azken txanpa batean, dena ondo bidean, baina argi dago gogorra eta luzea izango dela», dio bozeramaileak. «Horregatik da garrantzitsua larunbateko manifestazioa. Inoiz baino gertuago dugulako konponbide integrala».
Autonomia kalea beteko duten dozenaka mila pertsonei bota die mezua: «Jendetsua eta arrakastatsua izan behar du manifestazioak gizartearen estutua ezinbesteko delako eremu judizial eta politikoek presioa sentitzea beraien lanean jarraitu dezaten. Konfrontazio eta sufrimenduaren hamarkadetako ondorio guztiak zigilatzeko».