Zuzenean
Ekoizpenaren deslokalizazioa iragarri zutenetik eta eguberriak tartean, egun gogorrak bizi izan dituzte Ezkirotzeko BSHko langileek. Lur hartzeko baliatu behar izan dute itzulerako lehen eguna, LABetik Asier Calderonek kontatu digunez.
Zalantza da nagusi, eta enpresaren arabera ekainean dira lantegia ixtekoak. Etorkizun beltz hori aurretik dutela, parekoa da kaltetuen ikuspegia. Eta zalantzak argitzeko bidea elkarrizketa izaten da, baina ez dirudi Alemaniako ordezkariek hitz egin nahi dutenik. Mikel Irujo industria kontseilaria ere mintzatu izan da horren inguruan.
«Joan den astean itzulera hau prestatzeko bilera bat izan zen, itzulera arraro hau nolabait prestatzeko», azaldu du Calderonek. Horretan, «garbi gelditu zitzaien langileen ordezkariei bertako zuzendaritza ez dela bitartekari baliagarria. Alemaniatik etorri zaie erabakia».
Bilera ez da langile ordezkaritzatik abiatu, instituzioen eremutik baizik. Asier Calderonen ustez, Alemaniako zuzendaritzaren jarrera «ez enpatikoa» ikusita, ulergarria da hurrengoa Madrilgo ministeritzan egiteko prest agertu izana, baita Iruñeko gobernuarekin ere, beren «elitismoari» erantzuten baitio horrek.
Prozesuaren lehengo fasean salaketa nagusitu zen, manifestazio masibo baten bitartez. Orain, enpresaren erabakiak zehazki zeri erantzuten dion ikustea dagokie, eta erabakia «modu baketsuan atzera botatzeko aukerarik dagoen aztertzea».
Oinarririk gabeko deslokalizazioa
LAB sindikatuak deslokalizazio kasutzat salatu izan du hizpide duguna, eta ohartarazten du, gainera, dinamika hori ez dela berria. Hainbat ekoizpen prozesu lekualdatu izan dituzte aurretik ere Polonia edo Turkiara. Bertako produkzio eremuak hustea litzateke orain asmoa eta, besteak beste, aipatzen da Alemaniak bizi duen egoera ekonomikoak bultzatuta ere etorri dela erabakia.
LABeko ordezkariaren ustez, ordea, «arriskutsua» da hori baieztatzea: «zentro desberdinak dituen enpresa transnazional batez ari garenean, osotasunaz ari gara. Hala, kontu ekonomikoekin jokatzen dute lantegi hau baliagarri zaien ala ez jakiteko».
Zentzu horretan, argi dauka Calderonek ez daudela kolokan «ez taldearen ez lantegiaren bideragarritasuna». Aldiz, eskura izan dituzten datuekin, ondorioztatu dute beste gai batzuei erantzuten diela erabakiak: «diru-gosea da oinarria».
Deslokalizazio Legearen baliozkotasunari buruz, Calderonek uste du lubaki oro izan daitekeela borrokarako espazio, eta hau ere badela beste bat. Hain zuzen, espazio konkretu honetan aldarrikatu izan dutena da bere funtzioa betetzen ez duen deslokalizazio bat eman dela, eta azken berriek «modu makabroan» ematen diete arrazoia, dioenez.
«Gizartearen presioa», ardatz
Sunsundegi enpresako gatazkarekiko antzekotasunik edo elementu partekaturik badute, esan du Calderonek ez dela Nafarroako industria krisiaren baitakoak direla biak, «enpresarien handinahikeria eta langileekiko enpatia falta» baizik.
Hori gainditzeko, «mobilizazio soziala eta gizartearen presioa» proposatzen dituzte LAB sindikatutik erantzun gisa, enpresariei ulertarazteko ez dutela onartuko «Nafarroako ehun industriala desegitea».
Uneotan eskura dagoen aukera ez den arren, ez dute baztertzen momenturen batean beste enpresa batek jarraipena eman ahal izatea Ezkirotzeko jarduerari, baldin eta BSHk irmoki aurrera jarraitzeko asmoa azaltzen badu.
Nafarroako Gobernuak, hori bai, paper garrantzitsu bat jokatu beharko luke aukera horretan, beste enpresa batzuei interpelazioak egiteko garaian. Langileek euren lanpostu zein lan baldintzak mantentzen badituzte, enpresaren izena ez zaie sobera inporta.
Beste aukera bat ere makineria bertan, Ezkirotzen, mantentzea litzateke: «Ezkirotzeko lantegiko produkzioa hustu badu zuzendaritzak, oso argi daukagu ez dugula onartuko sei hilabeteko prozesu honetan lantegia bera fisikoki hustea».
Momentuz geratzen den aukera bakarra, borrokaren bidea agortzearekin batera, enpresaren hurrengo pausoei adi egotea.