Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

Erakundeek «huts egin» ostean, herriari esker «zauria ixten» hasiko da Salegi familia

Mikel anaia hil zuteneko 50. urteurrenean NAIZ Irratira ekarri du mende erdiz familiak jasan duen minaren kontakizuna Itziar Salegik. Berarekin batera, ‘1974 Mikel Salegi. Oroitzapenetik memoriara’ liburua idatzi duen Javier Buces, Aranzadiko historialaria.

Audio_placeholder

Erakundeek «huts egin» ostean, herriari esker «zauria ixten» hasiko da Salegi familia

Loading player...
Itziar Salegi eta Javier Buces Naiz Irratiko estudioan.
Itziar Salegi eta Javier Buces Naiz Irratiko estudioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

2024ko abenduaren 18an 50 urte bete dira Mikel Salegi 21 urteko gaztea Guardia Zibilak tirokatu zuenetik kontrol batean. Odolustuta zendu zen donostiarra eta horrek betirako markatu zuen Salegi sendiak aurretik izango zuen bide malkartsu eta mingarria. Izan ere, mende erdia pasata Mikel Salegik ez baitu inolako aitortza eta justiziarik jaso; are gutxiago erreparazioa. «Beti egon gara 50 urtez erakundeei begira eta konturatu gara ez zegoela aukerarik hor. Huts egin digute», azaldu du Itziar Salegik NAIZ Irratiko mikrofonoetan; «konturatu gara hortik jarraitzea sufritzea zela», gaineratu du.

Pasa den astean Donostiako Kursaalen egindako ekitaldiak, baina, administrazioak beti ukatu dien babes hori beste alde batetik jaso dutela irudikatzeko balio izan die, gizarte zibil eta memoria arloko eragileengandik. Salegiren esanetan, «orduan hasi zait zauria ixten eta ari naiz lortzen barne bakea benetan dolua egiteko. Uste dut orain baietz, Nekanek (ahizpak) eta biok bai sendatuko dugula zauria». Betirako oroituko dute ekitaldi hura, betirako oroituko duten bezala Mikelen «irribarrea».

Bereziki eskertuta agertu da ere Mikel Salegiren familia Aranzadi Zientzia Elkarteak beraiekiko izan duen konpromisoagatik. «Aranzadi eta Javier Bucesekin gaude izugarri eskertuta. Liburu izugarria egin du, gizatasunez betea, analisi arrazionala eta ikerketa egin du kontrola ondo aztertzeko. Guk beraien eskuetan Mikelen istorioa uztea izan da bakea», adierazi du Itziar Salegik, Aranzadiko historialariak idatzitako ‘1974 Mikel Salegi. Oroitzapenetik memoriara’ liburuari erreferentzia eginez.

Itziar Salegi eta Javier Buces NAIZ Irratiko estudioan. (NAIZ IRRATIA)

Erailketa baten testuingurua

Ikuspegi demokratiko batetik Mikel Salegiren heriotza zentzugabea suertatzen bada ere, heriotza eman zeneko garaiak hilketa eta horren osteko gertakariak hobeto ulertzen laguntzen dute. Gako batzuk eman ditu Javier Bucesek: «Testuinguru horretan hemen Guardia Zibilaren nagusia zen Antonio Tejero. Denok dakigu zein den. Eta Poliziaren nagusia Manuel Ballesteros, torturatzaile famatuena. Hori da testuingurua, biolentzia, errepresioa eta batez ere Polizia eta Guardia Zibilaren inpunitatea. Hor ikusten da argi Mikelen kasua».

Lankideen arteko afari baten ostean Donostiarantz zetozen hiru auto, Errekalde auzoaren parean Guardia Zibilaren kontrol batekin topo egin zutenean, gau euritsu eta ilun batean. Bi auto gelditu zituzten eta Salegik zehaztu duenez, hirugarren kotxe bat zetorrela azaldu zieten guardia zibilei, baina hauek «aurretik, albotik eta atzetik tirokatu zuten. 18 tiro eta esan behar da gainera tirokatu zutela hiltzeko». Familiak argi du neurrigabeko ekintza horrek egun horretan bertan ETAk hildako bi guardia zibilekin lotura duela, Mikel Salegik horrekin inolako zerikusirik ez zuen arren. Arrebak ez du inoiz ahaztuko polizia kidego horretako koronel batek bere amari esandakoa: «Kontrolak ez ziren jartzen abisatzeko, baizik eta harrapatzeko». Komenigarria da zehaztea auto horrek ez zuela inoiz kontrola gainditu, poliziek kaskilloak bildu zituztela proba oro kentzeko eta afaldu zuten jatetxeko faktura aldatzen saiatu zirela edan zutena baino gehiago edan zutela irudikatzeko asmoz.

Mikel Salegi zihoan autoko gidaria atxilotu egin zuten nahiz eta ez zuen ezer egin. Mikel Salegi, berriz, ospitalerantz eraman zuten, hori bai, aurretik beste kontrol batean (Armadun Poliziarena kasu honetan) beste 10 minutuz gelditu ostean, donostiar gaztea odolusten ari zela. Baldintza horietan hil zen Mikel Salegi, baina krudelkeria hasi baino ez zen egin. Egun mingarri horien errepasoa egin du Salegik: Ospitalean «inork ez zigun ezer esan», gainera, «Mikelen gorpua lapurtu zuten eta eraman zuten Polloera», hilotza ikusteko aukerarik eman gabe. Poliziak hartutako hilerrian ere ez zieten gorpua ikusten utzi eta baimen berezi bat eskatu behar izan zuten. «Oso krudela izan zen erailketa eta nola tratatu gintuzten» salatu du Salegik.

Errepresioa orokortu baino ez zen egingo hortik aurrera. Izan ere, Santa Maria elizan egindako hiletatik ateratzean, inguratuta topatu ziren, poliziaz harago baita Euskal Herritik kanpo heldu ziren ultraeskuindar askorekin, ETAk hildako Carrero Blancoren omenez (1973ko abenduaren 20an hil zuten) egindako elizkizunetik zetozenak «amorru bizian». Hauxe da, Itziar Salegiren hitzetan, egun horretako balantzea; «guztiak jo, 200 atxilotu, torturatuak eta zauritu asko, baina 12 bakarrik ausartu ziren ospitalera joatera. Ama jo zuten eta bere lankideak esan zion ‘ez jo ama da, ni jo nazazue’. Jo zuten, haurdun zegoen eta umea galdu zuen».

Bertsio ofizial sostengaezina

Mende erdian erakunde publikoek ez dute inoiz deus ere egin Salegi familiarengatik, euren mina salatzeko saiakera oro isilarazten saiatzeaz gain. Izan ere, Bucesen arabera bertsio ofizialean «ikusten duguna da informazioa falta dela. Ez daukate intentziorik ikerketa sakon bat egiteko. Aipatzen dira gauza batzuk gainetik eta argi ikusten da gezurrak ari direla esaten. Kasu honetan dauzkagu lekukoak. Baina baditugu ere Mikel bidaiatzen ari zen autoko argazkiak, non ikusten den tiroka egin zutela aurretik eta alboetatik, ez bakarrik atzetik. Beraz, gidariak ez zuen gainditu kontrola. Eta badugu ere Mikelen gorputza, hainbeste tirorekin». Benetan gertatu zena frogatzen duten datu andana bildu ditu Aranzadiko historialariak liburuan, baina argi utzi duenez «badaude gauzak oraindik argitzeko».

Jaurlaritza Logoa