Zuzenean
Urteko azken Game Erauntsia irratsaioan gure plataforma gogokoenera itzuliko gara. Azkenaldian Switch 2 misteriotsuari zein PlayStation-en eta Xbox-en kontsola eramangarrien prototipoei buruz ibili gara; oraingoan, Steam-en hardware unibertso eraberritua ezagutu dugu.
Filtrazioak eta zurrumurruak dira, bai, baina esanguratsuak: Valve-kin askotan gertatu den bezala, Steamen bezeroaren nahiz Deck-aren kernel kodeetan zaleek egindako aurkikuntzak dira. Berririk potoloena mahaigaineko Steam PCari lotutakoa da; hau da, Steam Machine gailuen itzulera. Egia izango ote? Horrez gain, VR kaskoak zein hauen aginteak, 3D antzeztoki funtzioa eta Steam Controller 2 mandoari buruzko informazioa ere jaso dugu.
Zerbitzu jokoei begira jarri gara albistegian. Alde batetik, Ubisoft-ek XDefiant tiro jokoaren zerbitzariak itxiko dituela jakin dugu: 2025eko ekainean agur esango diogu tituluari, baina jokalari berriek dagoeneko ezin dute deskargatu. Beste aldetik, Marvel Rivals berriaren eztanda ikusi dugu: Overwatch arrakastatsuaren klonak hamar milioi jokalarien langa gainditu du lehen hiru egunetan.
2024a behar bezala amaitzeko, euskarazko joko berriak aurkeztera gatoz. Berriak, bai, pluralean: Amnesia: The Dark Descent, SOMA eta Amnesia: The Bunker beldurrezko abentura sarituen ordenagailuko bertsioak euskaratzeaz arduratu da Zital bideojokozalea.
Ohi bezala, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendara gehitu ditugu, itzultzeko jarraibide guztiak azalduz. 181 bideojokorekin bukatuko dugu urtea; aurten 31 euskarazko titulu gehitu ditugu!