Zuzenean
Naiz Irratiak jarraipen berezia egin dio 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, Aimar Sorazu gidari, txapelketa honetako bertso plazak zabaldu ditugu. Lehia jarraitzen ere ibili dira GARA eta NAIZeko Amagoia Mugika eta Iraitz Mateo lankideak, horregatik, Ilunbeko finaleko atariak biak elkartu ditugu orain arteko baloratzeko eta larunbatean, abenduak 14, izango den finalera begira paratzeko.
Banan bana elkartu dira Amagoia Mugika eta Iraitz Mateo zortzi finalistekin eta haien inpresio eta sentsazioak bildu dituzte:Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Aner Peritz eta Ane Labaka. «Unibertso oso ezberdinak dituzten bertsolariak elkartuko direla» nabarmendu du Iratiz Mateo kazetariak, eta «elkarrizketa oso interesgarriak sortu daitezke», gaineratu du. Bide beretik Amagoia Mugika: «Osagarri asko daude finala leku ezberdinetatik lehertzeko».
17.00etan abiatuko da finala larunbatean eta Ane Ezenarrorena eta Iker Iriarterena izango da finala aurkezteko ardura. NAIZ irratiko zuzenekoa ordu erdi lehenago hasiko da, 16:30etan Aimar Sorazu eta Aitor Sarriegirekin. Azken honek ongi daki zer den final batean kantatzea, Gipuzkoako Bertsolari Txapeldun izan zen 2011 urtean, eta finalista 2007an. Euskal Herriko txapelketako finalean ere lehiatu zen 2009, 2013 eta 2017an.
Arantzazu Loidik jantziko dio txapela aurtengo txapeldunari, bertso eskolen sorrera eta bere ibilbideari omen eginez. Bestetik, Patxi Goikolea arduratuko da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emateaz; lehen aldiz emango da sari hau Gipuzkoako Txapelketan.
Berrikuntza ugari
Berrikuntzekin dator txapelketako finala. Txapelketan zehar ere egin dira aldaketak, batzuk pozik daude aldaketekin, eta beste batzuk ez hainbeste. «Egia da beti kosta egiten zaigula aldaketetara moldatzea, baina niri ez naute asko konbentzitu. Nik bertsolariak bertsotan aditu nahi ditut eta batzuetan iruditzen zait aldaketa hauek traba izan daitezkeela bertsolariak lasai bertsotan aritzeko».
Finaleko saio puntuagarria binaka gaia emanda hasiko da, baina berrikuntza da bertsolariek nahi duten doinuan eta neurrian osatu beharko dituztela launa bertsoak. Txapelketan ere izan dira bestelako berrikuntzak, Ganbarakoan binaka aritu dira, gaia emanda, 6 puntuko motzean, hiruna bertso osatu arte.