Zuzenean
Kepa Anabitartek Euskal Herriko historiaren garai estrategiko eta garrantzitsu anitz bizi izan ditu lehen eskutik. Hori dela eta, Eneko Bidegain idazleak bere bizitzari buruzko liburu bat idatzi du. Izan ere, idazleak nabarmedu duenez, «Anabitarteren bizitza kontatzeak balio du Euskal Herriaren azken urteetako historia azaltzeko».
Frankismo garaian, Anabitarteren nerabezaroaren azken urteetan, Serafin Esnaola apaiz militantea ezagutu zuen. Bidegainek azaldu duenez, Esnaola bera izan zen, Anabitarte ELA sindikatuan sartu zuena klandestinitatean. Bertan, hasi ziren Anabitarteren interes politikoak.
Ildo beretik, Municheko bilkura oso garrantzitsua izan zen Kepa Anabitarteren bizitzan. Franco hil ondorengo Espainiako prozesuan, EAJk akordioa sinatzeari lehentasuna eman zion orduko indar anti-frankistekin batera. Bertan ezagutu zuen Iñaki Aginaga. «Iñaki Aginagak pentsatzen zuen akordio horrek Euskal Herria ez zuela askatasunera eramango» azaldu du Bidegainek.
Horrek EAJren postura politikoa ahultzea ekarri zuen beste eskaintza politiko batzuk sortuz. Gainera, Iñaki Aginaga ELAn sartu zen Anabitarteren bitartez, bertan bere gogoeta politikoak idazten hasi zen alderdi sozialista gaitzetsiz, eta horrek ELAren zatiketa sortu zuen.
Franco hil ondoren, Espainiaren egoera tamalgarria aprobetxatu behar zela defendatzen zuen Anabitartek Euskal Herriko autonomia martxan jartzeko asmotan. Bidegainek adierazi duenez, «1977ko hauteskundeetara aurkeztu behar izan ziren Anabitarte eta lagunak, ez zutelako argi nola atera klandestinitatetik».
Idazleak nabarmendu duenez, «Euskal Herriaren askatasunari begira egiten ziren ekimenak ondo ikusten zituen Anabitartek». Hori dela eta lagundu zuen GARA proiektuaren sorkuntza prozesuan.