Zuzenean

Oinatz Aizpuru
NAIZ Irratia. Haria 2ko gidaria

«Memoria kolektiboa osatzerakoan, bidaietan hildako senide eta lagunen aitortza beharrezkoa da»

Gasteizen, Loma generalaren plazan Etxeratek mobilizazioa egin du 'Memoria eguna' dela eta. Espetxe politikak eragindako senideen heriotzak aitortzeko neurriak exjitu dituzte. Naroa Hernandezek, Etxerateko bozeramaleak, bide horretan erakunde nagusiei «urrats sendoak» eskatu dizkie.

Audio_placeholder

«Memoria kolektiboa osatzerakoan, bidaietan hildako senide eta lagunen aitortza beharrezkoa da»

Loading player...
Sakabanaketaren ondorioz senideek izandako kotxe istripua
Sakabanaketaren ondorioz senideek izandako kotxe istripua (NAIZ.EUS)

Euskal presoen senide eta lagunen elkarteak, Etxeratek, Gasteizen deitutako mobilizazioa dela eta Nora Hernandezek memoria, aitortza eta erreparaziorako neurriak eskatu ditu sakabanaketa politikak eraginda hildako 16 senide eta lagunentzat. Halaber, ziegetan hildako 35 presoen memoria ere aldarrikatu du Etxeratek.

Zer da egun honetan aldarrikatu duzuena zehazki?

Azkenean, dispertsioaren ondorioz urte luzetan egin diren espetxetako bidaietan hil diren senide eta lagunak gatazkaren biktima direla. Gatazkaren konponbiderako ezinbestekoa da euren aitortza eta erreparazioa. Lehen urratsa da eragindako mina aitortu eta erreparatzen hasteko.

Dispertsioaren biktimak aitortzea nahikoa da? erreparazioa eskatzen duzue?

Gogoratzea bai, baina aitortu eta erreparatzea ere bai. Dispertsioa diseinatu zutenek argi zuten mina eta sufrimendua areagotuko zutela preso eta senideen artean. Memoria kolektibo ofiziala osatzerakoan, azken hamarkadetan euskal herritarrek sufritutako min horren aitortza aldarrikatu nahi da. Aitortza lehen urratsa da, mina sendatzean hasiera bat. Biktimez hitz egitean, horren aitortza ere ez duzunean, gatazkaren konponbidean bigarren mailakoa sentitzen zara eta horrek ez du laguntzen sendatze bidean. Amorrua eta frustrazioa sortzen du. Senideak gatazka horren protagonista ere izan dira; ez zaie aitortzen ondorio zuzenak jasan dituztela.

Erakundeek zein urrats ematea eskatzen duzue?

Lehenik onartzea euskal preso, errefuxiatu eta deportatuei ezarri zaien salbuespen politikak min asko eragin duela. Memoria kolektibo ofiziala osatzerakoan, aitortzea 16 senide eta lagun hil direla bidaietan eta 35 kartzeletan. Hortik aurrera ikusiko da zein behar dituzten pertsona hauek, zein urrats eman beharko liratekeen. Adibide batzuk badaude, udaletan mozioak onartu dira surfrimendua aitortuz. Aurrerapauso txikiak dira, alderdi askok ez dituzte onartu. Kasu askotan EH Bilduk, EAJ eta Podemosek onartu dituzte, kasu isolatuak dira eta ez dira nahikoak.

Gasteizko parlamentuaren kanpoaldean ekitaldia egiten da. Haiek interpelatzerakoan zein erantzun jaso duzue?

Urtero egiten dugu elkarretarartzea ez dagoelako aitortza hori eta ez luke hala izan behar. Gasteizko parlamentuaren kanpoaldean biktimei egiten zaien omenaldian kontuan hartu behar lituzkete 16 senide eta lagun hauek eta 35 hildako presoak. Ez dute onartzen eta ez dute egin nahi. Hori aitortu arte han izango gara. Jaso dugu EH Bilduko legebiltzarkideen babesa omenaldi txiki horretan eta asko eskertzen dugu.

16 senide eta lagun bidaietan hil dira dispertsioaren eraginez, 35 euskal preso ziegetan...

Senideak eta lagunak aipatzen direnean dispertsio politikaren albo ondorioak ere aipatu behar dira, ez heriotzak bakarrik. Ondorio ekonomikoak, errepidean zerbait gertatzearen beldurra, kontziliazio familiarra, adina edo gaixotasunagatik senideak ezin bisitatu... Ondorio ikusezinak izan dira. Ezin dira ahaztu ere, hildako 35 presoak ziegetan. Mendeku politikaren ondorioz lehen gradua, asistentziarik eza, jipoiak, gaixotasunekin espetxean... horrek eragin du 35 presoen heriotza.

Gasteizko mobilizazioa nolakoa izan da?

Loma plazan elkartu eta azkena izatea nahi dugu. Horrek esan nahiko luke memoria eta gatazkaren konponbidean aurrerapausoak ematen ari garela eta aitortza hori dagoela. Aipatu egun euskal presoak bertako kartzeletan ditugula, baina ez da nahikoa. Legedi arrunta aplikatu eta etxeratzeko bidean jarri behar dira; hala balitz, asko etxean leudeke.

Jaurlaritza Logoa