Zuzenean

Elkarrizketa
Jon Salinas eta Martin Ziriza
Tatxers taldeko kideak

«Iruñean gaztetxe bat edo toki bat behar dugu gazteok gure gauzak egiteko»

‘Ezpatei disdira!’ diskoaren lehen hamabost segunduak entzunda, gaur egungo talde bat aipatzeko galdetu eta Tatxers direla erantzungo du ezagutzen duen orok. Soinuari fidel, baina beste gorputz bat duen diskoa kaleratu dute, bigarren lan luzea. Jon Salinas eta Martin Ziriza taldekideekin izan gara.

Audio_placeholder

«Iruñean gaztetxe bat edo toki bat behar dugu gazteok gure gauzak egiteko»

Loading player...
Martin Ziriza eta Jon Salinas hasieratik ari dira Tatxers proiektuan, bigarren diskoa atera dute orain.
Martin Ziriza eta Jon Salinas hasieratik ari dira Tatxers proiektuan, bigarren diskoa atera dute orain. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Kaixo bikote, zer moduz?

Jon Salinas: Kaixo Iker, zer moduz? Gu ongi!

Diskoa atera berritan, jendearen irrika aseta, bake hori behintzat sentituko duzue, ezta?

Martin Ziriza: Oraindik urduri gaude pixka bat, baina ea nola doan.

Zenbat aldiz galdetu dizuete musika berria noiz?

J.S.: Egia esanda aurreko diskoa atera zela urte eta erdi edo pasa da, baina guk ere gogoa genuen kantu berriak kaleratzeko. Taldean bateria-jotzaile berria ere badugu, Sergio Davesa, eta harekin egindakoa erakusteko nahia bagenuen.

Tartean, ‘Eh, tu!’ kaleratu zenuten.

J.S.: Bai, trantsizio moduko bat, Malakiasekin egin genuen hori.

Lehen unetik identifikatzen da zuen soinua disko honetan. Tatxersek marka propioa uzten duela esan daiteke?

J.S.: Nik uste dut baietz.

M.Z.: Dezente aldatu dugu gure estiloa urteen poderioz, baina soinua gurea dela esan daiteke, bai.

Berriz ere Atala estudioan grabatu duzue diskoa. Nabaritu dudana da emaitzan indar gehiago duela zuen musikak, diskoak gorputz gehiago duela aurrekoarekin alderatuz.

J.S.: Guztiz horrela da. Hasieratik esan genion gure buruari berriz ere Atala estudioan grabatuko genuela, oso gustora egon ginelako bertan aurreko diskoan. Baina aurreko diskoa gerora berriz ere entzutean, ez ginen oso konforme emaitzarekin: ahotsak pixka bat baxu, gitarrak arin…

M.Z.: Gitarra guztiak bikoiztu ditugu, adibidez. Aurreko diskoan nik ere zuk esan duzun gauza bera sumatzen nuen, gitarrak pixka bat ahul zeudela zenbait momentutan. Disko honetarako hori ekidin nahi nuen bai ala bai. Hortaz, gitarra guztiak bikoiztuta daude, gitarra eta anplifikadore desberdinak erabili ditugu horretarako, kanal bakoitzean soinu desberdina dago horrela. Zerbait zikindu dut soinua, nahiz eta garbia izaten segi. Horrek guztiak gorputza ematen dio diskoari.

Nahasketan hartu dituzue halako lizentzia batzuk, kaskoekin eta patxadaz entzuten duenak xehetasun asko nabarituko ditu.

J.S.: Soinutxo batzuk ere sartu ditugu gainera; izan euria edota metro bat martxan. Nahasketan gehiago jolastu dugu.

M.Z.: Abesti bakoitzak bere nahasketa du, ez ditugu denak modu berean nahasten eta horrek aukera ematen digu gauza desberdinak egiteko. Iñigoren agindupean geunden zentzu batean, hortaz berak ere aholkatzen gintuen.

«Abesti bakoitzak bere nahasketa du, ez ditugu denak modu berean nahasten eta horrek aukera  ematen digu gauza desberdinak egiteko»

‘Datorrena datorrela’ abestiak irekitzen du albuma. Langile auzo bateko aldaketa giroa irudikatzen dut hau entzutean. Iraultza bigun bat.

M.Z.: Aurreko diskoan bakoitzak berak idatzitakoa abesten genuen eta orain ez da horrela izan. Letra batzuk komunean idatzi ditugu, nahiz eta hau nik idatzi eta nik abestu dudan. Letrari helduta, nik ez nuke hor kokatuko, maitasun kantu bat bezala irudikatu nuelako abesti hau.

Tenpo nahiko lasaian egindako kantua da.

M.Z.: Pixkat bai. Biok batera abesten ditugun kantuakk azkarragoak dira eta hau lasaienetakoa da. Erritmo nahiko ohikoa da, baina bateriaren jotzeko modu berrira ohitu behar izan dugu, saltsero samarra da, eta hori izan da zailtasun bat.

Bateria-jotzaile berria sartu eta esperimentatzen ibili zarete?

M.Z.: Hortik ere zerbait badago, baina aurretik bagenuen gogoa halako zerbait egiteko. Horren adibidea da ‘Iruñea’, aurreko diskoko kantua. Ez da erritmo hau, baina badu saltsa hori. Hau The Smiths edota The Jam bezalako taldeen giroan koka genezake.

J.S.: Nik baxuarekin hiru nota baino ez ditut jotzen abesti honetan. Hasieran abestia poperoagoa izatea nahi nuen, baina El Columpio Asesino bezalako taldeen ingurura gerturatu ginen.

M.Z.: Gogoratzen dut, entsegu batetara etorri zinela esanaz El Triangulo De Amor Bizarro taldeari elkarrizketa batean entzun zeniola bi akorderekin egiten zituztela abestiak eta halako zerbait egin nahi zenula, zerbait sinplea.

‘Oasi bat’ kantua dator atzetik eta bertan elementu berri bat ere topatu dugu, sinteren bat Melenas taldeko Oihana Herrerak jota. Hemen gitarrak bi baino grabatu dira?

M.Z.: Ez dakit hori horrela den, baina soinua guztiz desberdina da. Zikintasun nahiko eman genion jakinda kantu poperoa izango zela.

J.S.: Abesti poperoena da, baina gitarra zikinenak ditu.

Abesti hau entzunda, ‘Datorrena datorrela’ kantuko protagonistek kalez aldatu dutela dirudi.

J.S.: Bada, ez neukan pentsatuta! Nahi gabe izan zen. Biniloa eskutan nuela, kantuen izenburuak irakurrita, esaldi moduko bat ere osatzen dela iruditu zait. Halako kasualitateak gertatzen dira.

Bi pertsonen arteko sekretu bat, bietako bat hiltzen denean bihurtzen dela sekretu esaten duzue.

J.S.: Ez dakit nori irakurri nion, ez da nire esaldia. Walter Benjaminen esaldi bat da, gustuko nuen eta sartzen zen abestian. Martini buruz ari naiz abesti honetan, berari eskainitako kantua da.

M.Z.: Justu esaldi hori ez dakit niretzat ona den edo ez… Hori ere esan behar dut!

Oasia Martin bera da?

J.S.: Ez, oasia Martinek merezi duen zerbait da. Gaztetxe bati egiten diot erreferentzia oasia aipatzean. Iruñean behar dugulako gaztetxe bat edo toki bat gazteok gure gauzak egiteko. Hurrengo abestiaren izenburua ‘Loretxea’ ere horregatik da. Nik ez nuen ezagutu, baina 80etan badirudi Iruñean Loretxea izeneko toki bat bazela eta oasi moduko bat zen Iruñean.

Abesti horri helduz, esperantzatik ezin dela bizi nabarmendu nahi izan duzue?

J.S.: Beno, hori ere bai. Gauzak egiteko daude, ezin zara itxaropenarekin geratu.

Abiadura igotzen da berriz ere, baina ahotsak eman dit atentzioa. Hiru abesti eta hiru modu desberdinetan tratatuta iruditu zaidalako.

M.Z.: Izan daiteke, bai. Nire kasuan oihu egiteari utzi eta abesteko modu berri batean hasi naiz, gisa lasaiagoan. Estudioan mikrofono ugari ziren eta horietako bat anbientekoa zen. Hortaz, hori ere baliatu dugu batzuetan gehixeago, erreberberazio naturala osatzen zuelako mikrofono horrek hartutako soinuak.

J.S.: Bai, hala da, ahotsari distortsioa, oihartzuna… halakoak eman dizkiogu.

«Imagina gaitzazu, gaztain eta sagardoz, txalupan Argatik». Nik irudikatu dut.

M.Z.: Oso irudi polita da hori e?

J.S.: Planazo bat.

Orain bolo bat falta zaizue gisa horretan.

M.Z.: Tamesis ibaian bezala, ezta?

J.S.: Hori nire amets bat da, e, Iker? Argan balitz primeran, baina Nerbioin izango balitz ere bikain! Badut lagun bat itsas-ontziak gidatzeko baimena atera duena eta esan zidan txalupaz San Anton zubiraino errez iritsi daitekeela. Hortaz, hor ere kontzertu bat egin daiteke… nik zer dakit!

Gogoeta asko sortzen ditu dena dela abestiak.

M.Z: ‘Egun motelak’ kolektiboari erreferentzia egitea zen asmoa. Dagoena eraitsi eta berriz eraikitzearen ideia hortik doa. Gazteok aurrera eraman nahi ditugun proiektuak garatzeko espazio bat izango litzateke ‘Loretxea’.

Kolektiboari buruz zerbait gehiago kontatzerik bai, mesedez?

M.Z.: Bai, noski. Aurten, urtarrilean jaio zen kolektibo bat da Egun Motelak. Urtarrilean egin genuen lehen jaialdia eta, momentuz, hiru egin ditugu. Iruñeko musikari eta artista asko gabiltze horren bueltan. Diskoa Burlatako gaztetxean aurkeztu genuen, Egun Motelak kolektiboaren jaialdi batean, ikasturteari ongietorria emateko.

Edizio fisikoa biniloan etorriko da. Besterik ez?

M.Z.: Kamisetak ere aterako ditugu, baina fisikoki biniloan soilitik aterako dugu diskoa. Digitalean ere bada entzuteko aukerarik.

Nork egin du diseinua?

J.S.: Ander Amurizak, ‘Tokion‘ kantuaren erruduna, bera han izan baitzen, eta Niko Bortolinik, NIZE taldeko kidea eta gure soinu teknikaria dena.

Collage moduko bat dirudi azalak.

J.S.: Portada Anderrek egin zuen, Nikok testurak bilatzen eta lagundu zion arren, eta, bai collage moduko bat da.

Material desberdinak, testura desberdinak…

J.S.: Eta buruhauste asko!

Promo argazki batzutan uretan sartuta ikusi zaituztegu.

J.S.: Mutrikuko portuan dago eginda. Diskoaren portadako argazkia urpean egitea nahi genuen, sakonera handia behar genuen horretarako, baina argazkiak ilunegi atera ziren.

M.Z.: ‘Etsaiak agurtzen’ kantua grabatu genuen eguna aprobetxatu genuen. Itsasontzi batean egin nahi genuen zerbait eta portuko unea baliatu genuen argazki horiek egiteko. Zikin taldeko abeslariaren, Bediaren, familiako itsasontzi bat baliatu genuen.

Kontzertu sorta polita duzue hasiera honetan. Denak Euskal Herrian bat izan ezik, abendua hasieran, Madrilen izango zarete. Humo Internacional zigilu asturiarrarekin bide hori landu nahi duzue? Hau da, Euskal Herritik kanpora gehiago jotzeko nahia duzue?

M.Z.: Bai asmoa dugula urtarriletik aurrera Euskal Herritik irteteko eta data batzuk itxi ditugu dagoeneko. Zigiluak eskaini zigun Madrilen jotzeko eta aukera baliatu dugu. Baina Euskal Herrian aurkeztu nahi genuen guztia.

«Diskoa Burlatako gaztetxean aurkeztu genuen, Egun Motelak kolektiboaren jaialdi batean, ikasturteari ongietorria emateko»

‘Gorramendi’ kantu esperimental eta atmosferikoa da azkena.

J.S.: ‘Nik nahi dudana II’ esan daiteke honen ahaide zuzena dela.

M.Z.: Beti gustatze zaigu halako abestiei aukera bat emateko, soinu bitxiagoak probatzeko eta abar. Ez dut inoiz aipatzen, baina erabili genuen ‘Leslie’ anplifikadoreak chorus moduko bat sortzen du. Errotazio mekaniko bat du barruan eta horrek ematen dio soinu berezi hori.

Gorramendira inoiz igo zarete?

M.Z.: Ni sekula ez eta hori ama baztandarra dudala. Haren inguruan abesti bat egiteko nahia nuen 2021etik edo, eta, bertako istorioa berezia denez, kutsu literarioa eman diogu guztiari. Hau da, abestikoa fikzioa da.

J.S.: Baina nork daki benetan gertatu daitekeen…

Eta ezpatak eskuan!

M.Z.: Edo taloak, ez dakit.

Nik nahiago horiek. Bikote, disfrutatu biraz eta datorrenaz.

Mila esker!

Jaurlaritza Logoa