Zuzenean

Elkarrizketa
Ruth Salaberria
ESK-ko kide eta larrialdietako medikua

«Larrialditako 100 txanda baino gehiago medikurik gabe egon dira. Ezin izan dugu ongi artatu»

Larrialdi zerbitzuetako profesional falta salatu dute udara honetan, beste behin ere, sindikatuek. Ruth Salaberria medikuak bizitzen ari direa «krisi» gisa definitu du. Osasun sailaren partetik neurriak espero dituzte, pasa den astean Alberto Martinez sailburuarekin bildu ostean.

Audio_placeholder

«Larrialditako 100 txanda baino gehiago medikurik gabe egon dira. Ezin izan dugu ongi artatu»

Loading player...
Larrialdiak
Larrialdiak

Udaran zehar luzatu dira kexak eta pasa den abuztuaren 15etik 19rako zubiaren ostean sindikatuek berriz ere salatu dituzte mediku falta larrialdi zerbitzuetan eta horrek izandako ondorioak. Ruth Salaberria ESK sindikatuko ordezkari eta Gipuzkoako larrialdietako medikuak udararo errepikatzen den egoera dela adierazi du NAIZ Irratiaren mikrofonoetan. Urtetako larrialdietako langile eta planifikazio faltaren ondorio direla deritzo eta azpimarratu du Osakidetzaren partetik ez dela plan estrategikorik mahaigaineratu.

«Hondoratu gaituzte»

Aurtengo udara bereziki gogorra izan dela dio Salaberriak. ESK-ko ordezkariak azaldutakoaren arabera, ehun txandatik gora medikurik gabe gelditu dira, eta beraz, kasu askotan ez da medikurik izan anbulantzia medikalizatuetan ezta koordinazio zerbitzuetan ere. «Hau da, hil ala biziko egoera batean 112ra deitu digutenean ezin izan dugu ondo artatu». Langile falta orokorra da: medikuak, erizainak, teknikariak, administrariak… «Izugarrizko krisian gaude larrialdi zerbitzuetan».

Udararekin batera datoz jaiak. Eta jaiekin jende uholdeak. Salaberriak azaldu du Bilboko Aste Nagusian zentro koordinatzailean lau edo bost mediku egon beharrean txanda askotan bakarra egon dela. Dio ez dela kasu bakarra izan, Gasteizko Andra Mari Zuraren jaietan ere medikurik gabe egon ziren koordinazio zentroan, berdin Donostian Aste Nagusian. «Jaietan jende asko pilatzen da, gauza asko gertatzen dira eta ezin izan dugu ondo artatu».

Azken asteko zubiaren testuinguruan kasuak errepikatu eta errepikatu egin dira, ESK sindikatuak ohar bidez astelehenean jakinarazi zuenaren arabera. Besteak beste, Oñatin, abuztuaren 14, 15 eta 16ko gauetan ZIUko mugikorrak langilerik gabe egon ziren edota Araban abuztuaren 16an ez zen mediku fakultatiborik egon. Larrialdi-sareko gainerako baliabideetan ere langile-falta salatu du sindikatuak. Bakio, Bilbo, Basauri, Derio eta Gernikako anbulantziak, 12 ordu baino gehiago egon ziren osasun-teknikaririk gabe, adibidez.

Gipuzkoa osoan zehar egiten du lan Salaberriak. Dio maila pertsonalean oso egoera txarrean daudela profesionalak: «Langileen artean antsietate arazoak ditugu, ezin gara denera iritsi». Azaldu du ezin izan dituztela larrialdiak ongi artatu eta egoera «konpontzeko» egiten ari direla borroka «batez ere pazienteengatik, arreta kalitatezkoa izan dadin eta ongi irits gaitezen hil ala bizko larrialdi horietara».

Neurrien zain

Pasa den astean bildu ziren langileen ordezkariak Alberto Martinez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osasun sailburu berriarekin. «Larrialdietan izugarrizko arazoa dagoela konturatu zen» eta beraz, zein neurri hartuko dituen zain da Salaberria. Urteetako planifikazio faltaz gain, bestelako arantzak ere atera dizkio «estrukturala» deritzon arazo bati, tartean, geroz eta larrialdi gehiago artatzen dituzten bitartean, zerbitzua geroz eta txikiagoa dela nabarmendu du.«Egia da udaran okerrago gaudela baina irailean ere gaizki jarraituko dugu».

Urrun ikusten du medikuak konponbidea eta beraz salaketekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu du. «Ezin dugu premiazkoa den zerbitzu bat horrela izan, ezin dugu biztanleria emergentzia arretarik gabe eduki».

Jaurlaritza Logoa