Zuzenean

Bigarren Kafea

«Gure lana beharrezkoa dela erakusten diguten jarrerak bizitzea tokatu izan zaigu»

15 urtetik gora daramatza Emagin elkarteak indarkeria matxistaren aurrean prebentzio lana egiten. Udan herrietako festetan informazio eta arreta puntuak jartzen dituzte eta alor  horretan zein beste hainbatetan egiten duten lanaren inguruan aritu dira gurean Maider Kery Avaristo eta Ainara Saralegi

Audio_placeholder

«Gure lana beharrezkoa dela erakusten diguten jarrerak bizitzea tokatu izan zaigu»

Loading player...
Maider Kery Avaristo eta Ainara Saralegi Emagin elkarteko kideak
Maider Kery Avaristo eta Ainara Saralegi Emagin elkarteko kideak (Bigarren Kafea)

Uda garai lanpetua izaten da Emagin elkarteko kideentzat. Aipatu informazio eta arreta puntuekin herriz herri ibiltzen dira baina horrek aurretiazko lanketa bat ere eskatzen du eta udaz haratago, hilabeteetako prestaketa izaten du. «Hainbat herritan urte dezente daramatzagu lanean eta eremu horietan jada konfiantza bat eraikita dago. Modu horretan, beraiek zer landu nahi duten esaten digute eta guk horren gainean egiten dugu lan».

Jai giroan dauden herrietan eskaintzen dituzten zerbitzuak hiru alorretan banatu dituzte. Alde batetik, arreta telefonikoa dago. «Herrian jartzen den telefono bat da eta indarkeria matxistarekin loturiko edozer gertatzen bada, zenbaki horretara deitu eta guk jasotzen dugu deia. Behin deia jasota, jarraipena egiten hasten gara. Erasoak erregistratzeko eta eraso bat dagoenean sostengu bat emateko modua da».

Beste bietan, arreta lekuan bertan modu fisikoan ematen da. «Udaletxeek eskaintzen dizkiguten espazioetan zaintza lan moduko bat egiten dugu. Aurrez herrian sentsibilizazio kanpaina bat egitena da jendeak puntu hori non dagoen jakiteko. Herriko talde feministekin koordinatuta aritzen saiatzen gara».

Hirugarren alorra gune morea da. «Hau ere sentsibilizaziorako puntu bat da. Arratsalde partean eskuorriak eta antzekoak banatzen ditugu sentsibilizatzeko. Jendeak kontzientzia hartzen du eta eskaintzen dugunaren berri jasotzen du. Beti gauarekin lotzen dugu gune morea baina prebentzio lanerako, eguneko beste hainbat une ere egokiak izan daitezke».

Argi dute beraien lanean ahaldunduta aritu behar dutela. «Ezagutzen ditugu gune moreen aurkako erasoak. Jendeak gure lana zalantzan jarri izan du, esan izan digute gure lana ez dela beharrezkoa eta gizonak etorri zan zaizkigu jarrera oso oldarkorrekin. Garbi dugu egoera horietan ahaldunduta egon behar dugula, nahi dugulako egiten dugun zerbait delako».

Entzun Emagin elkarteko Maider Kery Avaristorekin eta Ainara Saralegirekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia. 

Jaurlaritza Logoa