Zuzenean

Oihana Azkue

«'Barneko otsoa' kantuak definitzen du taldea»

'Izarrik ez' lana da Orhi taldearen lehen diskoa. Disko iluna baino, norbere baitako iluntasunei begira sortutako lana da taldekideen esanetan. Doinu eta hitz indartsuak josi dituzte pop ukituz leunduak. Taldekideen izaeraren ispilu. Elkartzen dituen laguntasunaren lorratza.

Audio_placeholder

«'Barneko otsoa' kantuak definitzen du taldea»

Loading player...
Orhi taldeko kideak
Orhi taldeko kideak (Ainhoa Garcia Izagirre)

Leire Ugarte eta Ion Ugartek abizena baino askoz gehiago partekatzen dute. Hasteko familia, anaiarrebak baitira. Musikarekiko pasioa ere bai. Eta baita pasio hau garatzeko proiektua ere: Orhi musika taldeko kide dira, Xabier Payros "Pay", Alatz Etxebarriarteun, Ainhoa Martin eta Aitor Narbaiza "Narba"-rekin batera.

Bergara inguruko musikari talde honen oinarrian laguntasun sendo bat dago eta musikarekiko maitasuna ere bai. Nahiz eta bakoitzak bere bidea egin duen, bakoitzak bere gustuak dituen, bere joerak... guztiek bat egiten dute 'Orhi'-ren itzalean.

Ainhoa Martinen ahots indartsua markatzat duen talde honek bere lehen diskoa argitaratu du. Izenburuak, diskoan jasotako atmosfera, giroari buruzko pista bat ematen digu: 'Izarrik ez'. Iluntasuna. Ez dira baina kantu ilunak, iluntasunari abestutakoak baino. Nortasun handiko 6 musikariren joerak eta pasioak uztatzen dituen lana da, energiaz borborka datorrena. Sakontasunez eta indarrez gainezka egiten duten pop doinuak, norbere barruko zuloei begira idatzitako hitzez hornituak.Taldearen estiloa, diskoarena piskanaka eraikiz eta definituz joan dira: 'Barneko otsoa' kantua izan da mugarria. Kantu honek errepresentatzen du direna, izan nahi dutena, egin nahi dutena. Hau izan zen grabatu zuten lehen kasntua ere, Bergarako Udalaren egitasmo baten baitan, eta lortutako emaitzak piztu zuen taldekideen baitan lan osoa grabatzeko grinaren hazia.

Diskoa kalean, lana ezagutzera ematea da orain helburua, eta barruan duten energia hori guztia publikoarekin partekatzea.Hurrengo izarrik gabeko gaua ekainaren 27an izango da, Hernanin, Goiz-Argi tabernan iluntzeko 21:00tan hasita.

Jaurlaritza Logoa