Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Izaskun Bilbao
EAJren europarlamentaria 15 urtean

«Europa indartsu bat izateko Europako armada bat behar dugu»

Igande honetako Europako hauteskundeetarako EAJk egin duen aldaketa nabarmenetako bat zerrendaburuarena da. 2009tik Izaskun Bilbao izan da jeltzaleen ahotsa Europako Parlamentuan. Bere ibilbideaz eta EAJk Europarako dituen politikez hitz egin zuen atzo NAIZ Irratiarekin elkarrizketan.

Audio_placeholder

«Europa indartsu bat izateko Europako armada bat behar dugu»

Loading player...
Izaskun Bilbao.
Izaskun Bilbao. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Herrialdeko politikak eta alderdi nagusien lehiak tarte handia dauka kanpainan. Europako elementuen aipamen falta nabaritzen duzu?

Ez zaio behar duen garrantzia ematen Europako Legebiltzarrean egiten denari. Guk erabaki, lege eta direktiba asko adosten ditugu, Euskadiko sektoreak entzun eta haien proposamenak sartuta. Elkarteekin batera egin dugu bidea, norbanakoek bidali dizkiguten kexa eta arazoak kontuan izanda, eta ibilbide horrek ez dauka behar duen eraginik batez ere komunikazioetan. Beste hitzarmen mota bat behar da hedabide guztiekin. Benetan inporta bazaigu proiektu hau, zer egiten den erakusteko. Oso garrantzitsua da, egunerokoan eragiten du. Adibidez, Erasmus existitzen da lan handia egin dugulako ez desagertzeko eta indartzeko.

Herritar askok Europan erabakitzen direnak urrun ikusten dituzte. Tokikoagoa izan beharko luke Parlamentuak?

Alde batetik, diputatu bakoitzak zer eta nola egiten duen zehaztu dugu. Guk aldarrikatzen dugu hartutako neurri guztietan administrazio lokalek eta erkidegoetakoek posizio desberdina eduki behar dutela instituzionalki eta, nola ez, gurea bezalako herriek beste presentzia bat izan behar dutela. Euskadiko ahotsa EAJ izan da Europako instituzioetan. Areago, Europa mailan ere erkidego konstituzionalak direnek beste toki bat izan behar dute. Urkulluk beste lehendakari batzuekin aurkeztu zuen argitasunaren direktiba, estatu batean lurralde gatazkak gertatuz gero Europako marko bat edukitzeko. Hemen garrantzitsua ez da nor egongo den, baizik eta nork ordezkatuko duen Euskadi eta nork egingo duen lan Europako Legebiltzarrera jendearen kezkak eramateko. Gainera, gure alderdia da bakarra ordezkaritza zazpi lurraldeetan duena.

Ipar Euskal Herriko hautagaitzak talde ekologista bat hautatu du; Hego Euskal Herriko EAJ, aldiz, Renew Europekin lotzen da. Ez da bitxia?

Pentsa daiteke gu EAJ bezala ez gaudela trantsizio ekologikoaren eta itun berdearen alde, eta hori ez da egia. Adostasun orokor bat dago Renew taldean ere: 2050erako karbono isuria amaitu behar dugu. Beste gauza bat da nola pentsatzen dugun egin behar dela ibilbidea. Sektoreekin egin behar da bidea, egitura, lidergoa eta enplegua mantentzeko, inor atzean utzi gabe.

Ceus Europa Solidarioaren aldeko Koalizioak ere industria babestea proposatu du. Ez da kontraesankorra Renew Europen izaera liberalarekin?

Renew taldean liberalak eta demokratak daude. Kasu horretan ados gaude. Euskadin ere industria-zaleak gara eta ikusi dugu krisi ekonomikoaren aurrean industria berriztatzaileak dituen gizarte bat hobeto mantentzen dela. Gizarte bezala badauzkagu balore batzuk eta guk eskatzen dugu Europa ere industrializazio garbi baten bidean egotea, teknologikoki neutroa izanik.

Nekazaritzan zein industrian babeserako politikak aplikatzen badira, gero Europak gaitasuna eduki beharko luke jardun ekonomiko hauen kostu ekologikoa ere bere gain hartzeko.

Hartutako neurrietan jada badauzkagu fondo batzuk trantsizio ekologikoa egiteko, baina nekazaritza eta arrantzaren kasuan beste neurri batzuk ere hartu behar dira. Europako neurrietan malgutasuna eta erraztasuna eskatzen ditugu. Digitalizazio bidean laguntzea ere bai. Produktuek ere katean posizio hobea eduki behar dute. Errentagarria izan behar du sektoreak. Ibilbide horretan sartuta daude.

NATOk eta industria militarrak dituzten behar ekonomikoei galga jartzeko gaitasuna du Europako Parlamentuak?

Europako Parlamentua aspalditik dago arduratuta gauza oso larriak gertatu direlako. Alde batetik, Errusiak Ukrainan egindako erasoa Ukrainatik harago doa. Beldurra sortu du beste estatu batzuetan ere, adibidez, Finlandia, Letonia eta Estonian. Guk argi izan dugu beti hori onartezina dela eta Ukrainari laguntza eman behar zaiola. Zein da Errusiaren helburua? Ez zaio gustatzen Europako eredua, non ongizatea eta baloreak diren nagusi. Gerrari eta Europako defentsari buruz asko hitz egiten da.

Guk beti defendatu izan dugu Europa indartsu bat izateko Europako armada bat egon behar dela, baina ez gerra egiteko, baizik eta, inguruan gertatutakoa ikusita, defendatzeko. Hori esanda, bakearen diplomazia ere indartu egin behar dugu. Europa bake proiektu bezala sortu zen eta onartezina da Israelek egiten duena. Hor ere agente aktibo bat izan behar dugu bakearen eta konponbide politikoaren alde.

Jaurlaritza Logoa