Zuzenean
Amerikara, eta zehatzago Andeetako mendikatera bueltatu da Mundu Bat Herri, kontinenteko hizkuntza gutxitu nagusietako bat eraberritzeko egiten ari diren lanaz jabetzeko. Ekuadorko zati kontinentalak (Galapago uharteak ere estatu honen parte dira-eta) hiru zonalde natural nagusi dituela esan daiteke; kostaldea mendebaldean, Amazonia ekialdean eta bien arte sendo altxatzen diren Andeak. Mendikate hori da ere Ekuadorko kitxuek okupatzen duten lurraldearen bizkarrezurra. Datuekin tentuz ibili behar bada ere, gaur gaurkoz 800.000 hiztun direla kalkulatzen da, nahiz eta gehiago diren euren nortasuna kitxuatzat daukatenak, uneren batean arbasoen hizkuntza galdu zuten arren.
Baina, mende luzez pairatu behar izan duten bazterkeriaz jabetu eta honen aurrean antolatu ostean, euren erroekiko birkonektatzeko konbentzimendua dute kitxuek. «Identitate eta hizkuntza propioa bilatzeko prozesuan daude», dio Kichwakamak Sisaryi elkarteko koordinatzaileak, «historikoki, hizkuntza desprestigiatu egin zen, eta hor haustura bat egon zen transmisioan».
Imbabura eskualdeko Ibarra hiritik gertu bizi da Tuquerres eta bertatik hitz egin du bideodeiez saio honekin. Eskualde horrek du ere kitxua hiztun portzentajerik handiena. Badira hamarkada batzuk antolatuta daudela politikoki eta sozialki, bereziki lurraren defentsa eta tradizioei dagokienez. Tuquerresek dio ordea, hizkuntza mantentzearen garrantziaz ere jabetu direla. Prozesu horretan, bidelagun dituztela azaldu du Garabide Elkarteko Joanes Igeregi, «hori da hango lagunekin batera lantzen gabiltza gaietako bat, zelan egin mugimendu indigena guztien artean hizkuntzaren gaiak zentralitatea handiagoa har dezan». Bigarren aldiz egin du bat Mundu Bat Herrirekin elkarte honek, tarifit hizkuntza ezagutu ostean.
Baztertuak, etxean
Peru edo Boliviako quechuen gertuko diren kitxuek euren ama hizkuntza progresiboki galdu izanaren arrazoi nagusia, historikoki jasandako «karga historikoa» dela dio Ibarrako ekintzaileak; espainiarrak heldu zirenean euren «hizkuntza, ohiturak, eta erlijiosoa inposatu» baitzuten, alegia, kosmobisio berri batean, bigarren mailako bihurtu zirela jatorrizko herriak. Independentzien ostean elite kriolloekin mantendutako paradigma bera, antolakuntza indigena iraultzen saiatzen ari dena. Etxeko testuingurura mugatua izatera behartuak izan ostean, «egia da», dio Igeregik, «kitxua proportzio handiagoa dagoen herrietan ari direla lan egiten eremu urbanoetara ere irits dadin».
Ekintzailetza eta hezkuntza
Kitxuen antolaketak, eta hizkuntza 2008ko Ekuadorko Konstituzioan jasota egoteak ordea ez dute bermatu ordea honen presentzia esparru publikoan. Tuquerresen arabera, azken hiru gobernuek «ez dute benetako interesik eduki hizkuntza indigenak sustatzeko». Baina kitxuek urratsak ematen dihardute; alde batetik ekintzailetza sozial eta kulturalean euren identitatea harro agertuz. Bestetik, hezkuntzan dute jarrita esperantza. Sisaryi elkarteko koordinatzaileak gogora ekartzen du 90. hamarkadan hezkuntza elebiduna, aldarrikapenen «harribitxia» izan zela. Baina honek eman du eman beharrekoa, Igeregik azaltzen baitu, Ekuadorko hezkuntza elebidun kitxua, EAEko A ereduarekin alderatu daitekeela.
Hezkuntza erabat kitxua da helburua. Euskal Herriko testuingurua ongi ezagutzen duela erakutsiz, Tuquerresek dio, «hezkuntza formalean iraultza bat» nahi dutela, euren ezaugarrietara egokitutako murgiltze eredu moduko bat.