Zuzenean
Gobernuak ELN Askapen Nazionalerako Armada gerrillarekin abiatutako negoziazio sorta berriaren baitan, Kolonbia eta bertako herritarrak protagonista Mundu Bat Herrin. Aberastasunaren birbanaketari eta aldaketa sozialari ekiteko, bake osoa lortu behar da eta horretarako baldintzak egungo gobernuarekin eman litezkeela uste du Diana Urreak, «Petrok eta Marquezek (gobernuko presidente eta presidenteordeak) argi esan dute bake dela lehentasuna».
Euskal Herrian nahiko ezaguna bilakatu da Diana Urrea, politikagintzan egindako biderengatik. Alternatiban militatzen du, eta gaur egun Gasteizko Legebiltzarreko parlamentari da EH Bildurekin. Konpromiso handia erakutsi du beti, besteak beste, berdintasun, eskubide sozial eta internazionalismoarekiko; ez dira gutxi Kolonbiara begira bakegintzaz egin dituen hausnarketak. Badaki zer dion, bera ere Kolonbian bertan jaioa delako, zehazki Armenian, kafearen ardatzean kokatzen den Quindío departamentuko hiriburuan.
Bi aldeek beraz, euren burua aurrerakoitzat duten gobernuak eta gerrillak, amankomuneko esparruak antzeman beharko dituzte negoziazioetan. «Gizarteak bake eraikuntzan parte hartzea, eraldaketa soziala eta biktimak» dira, ELNk bere «plan orokorrean» dituen gaietako batzuk, Urreak azaldu duenez.
Lurra da gakoa
Kolonbia estatu gisa jaio zen unetik, gerran izan da urte gutxi batzuk salbu. Ez bertako herritarrak gerrazaleak direlako, baizik eta Kolonbian baldintza guztiak betetzen direlako, eliteek klase baztertuenak esplotatzeko. Lurren jabetza da sistema honen oinarria. «Lurra esku gutxitan dago, monopolioa duten oligarkien eskuetan. Horrek esan nahi du lapurreta sistematiko bat eman dela». Paradigma honetan, nekazari pobreak, indigenak edota afrikar jatorriko komunitateak dira piramidearen behekaldean daudenak, aldaketarako esperantzarik gabe, orain arte.
«Zaporetsu bizi»
Francia Marquez presidenteordeak ederki ezaugarritzen du Kolonbian 2021ean zabaldu zen aro politiko berriak klase baxuenentzako suposatzen duen baikortasuna. Abokatua, giza eskubide eta ingurumenaren aldeko ekintzailea, emakumea eta beltza. Urrearen esanetan, «indarkeria ezberdinen aurkako ahotsik indartsuenetako» bat bilakatu da Marquezena herrialdean. «Zaporetsu bizi» Kolonbiako presidenteordeak asko erabiltzen duen esaldia da eta Urreak ederki azaldu du honen esanahia, «beldurrik gabe bizitzeaz ari da, duintasunez bizitzeaz».