Zuzenean

Elkarrizketa
Malen Osa
Mendi korrikalaria

«Hamargarren kilometrotik irribarrea ahotik ezin kenduta aritu nintzen; horrekin geratzen naiz»

Pasa den igandeko emozio eta tentsio guztiak zertxobait baretuta, erdi-gaixorik topatu dugu Malen Osa (Oñati, 2002), baina era berean «oso pozik» bere Zegama-Aizkorri maratoiko lehen parte-hartzean lortu duen bigarren postuarekin. Askoren lehenengoa izatea espero du.

Audio_placeholder

«Hamargarren kilometrotik irribarrea ahotik ezin kenduta aritu nintzen; horrekin geratzen naiz»

Loading player...
Malen Osa, ikurrinarekin, Zegamako helmugara marrara iristen, bigarren postuan.
Malen Osa, ikurrinarekin, Zegamako helmugara marrara iristen, bigarren postuan. (Roger SALANOVA | ZEGAMA AIZKORRI ANTOLAKUNTZA)

«Helburu bakarra disfrutatzea zen», azaldu du Malen Osak NAIZ Irratian, Zegama-Aizkorrin bigarren postua lortu eta egun gutxira. Bere lehen parte-hartzea zen, eta ez zuen inondik inora espero horrelakorik, emaitza «barneratzen» dabil oraindik ere. Ikaragarri gozatu zuela adierazi du, baina uneren batean sufritu ere bai, «lasterketako lehen kilometroetan, batez ere». Errenka amaitu zuen lasterketa oñatiarrak, baina hobeto duela baieztatu digu.

Gertuko jende asko izan zuen inguruan Osak ibilbide osoan zehar, «jendearekin flipatu» egin zuen oñatiarrak. «Zegama is Zegama» esan ohi da askotan, baina Osaren hitzetan «bizitu arte ezin ulertu daiteke hori».

Lehen parte hartzea Zegama-Aizkorrin eta bigarren postua. Hori ezin du jende askok esan.

Ez, egia esan amets bat izan zen. Nire estreinako Zegama-Aizkorri egitera nihoan eta helburu bakarra zen disfrutatzea eta ingurukoekin ondo pasatzea. Aurreikuspen guztiak gainditu nituen eta egia esan, oso pozik.

Zer moduz belauna? Errenka bukatu zenuen igandean...

Apur bat barneratzen nabil gertatutako guztia. Egia esan, belauna gero eta hobeto, ondo nabil deskantsatzen egun hauetan. Orain tentsio dena jaitsi zaidala, erdi ondoezik baina pozik.

Emozio askoko egunak ari dira izaten hauek, ezta?

Bai. Batez ere etxekoekin, argazki eta bideoak ikusten... Zaila da burua deskonektatzea. Nik berriz esango dut, pribilegiatu bat sentitzen naiz aukera hori eduki nuelako eta gainera, eguna borobila izan zelako.

Aipatzen zenuen lasterketa bukatzean ez zenuela podiumean egotea espero. Ze aurreikuspen zenituen?

Panorama dezente aldatu zen aurkari gogor batzuk baja izan zirelako azken momentuan. Nik nire burua postu edo denboretatik apur bat kanpoan neukan hasieratik, beste lasterketa batzuetan ez dut disfrutatu lehiatzeaz niri gustatzen zaidan moduan eta helburua horri buelta ematea zen. Lehendabiziko maratoia izanda, garrantzia gehiago ematen nion disfrutatzeari. Egia da kontziente nintzela oso ongi entrenatzetik nentorrela eta gauzak ongi ateraz gero, zerbait polita lortu nezakeela. Baina hortik eta bigarren postu batera, salto bat dago (barrez).

Lau ordu, 25 minutu eta 20 segundo. Erreferentziarik edo estimaziorik bazenuen?

Apur bat kalkulatzen nuen lau eta erdi inguru horretan ibiltzea. Egia esan pentsatuta geneuzkan partzialak oso ondo bete nituen Urbiara arte. Urbiatik aurrera, lehendabiziko maratoia izatearen ordaina jaso nuela eta minutu batzuk galdu nituen. Ez diot garrantziarik ematen ze azken kilometroetaraino disfrutatu nuen, azken anoa-postutik irribarre batekin igaro nintzen eta horri balore gehiago ematen diot, bost-sei minutu galdu izanari baino. Gutxi gorabehera, denborari dagokionez, aurreikuspenak ongi bete ziren eta are gehiago, kontuan izanda zaila dela maratoi bat kudeatzea lehendabiziko aldiz.

Horrelakoetan disfrutatzearen eta sufritzearen arteko oreka bilatzea zaila izaten da.

Lasterketa hasiera izan zen nahiko txarra alde horretatik. Oso sentsazio eskasekin hasi nintzen, txapelketatik kanpo sentitzen nintzen. Kilometroak aurrera egin ahala, nire erritmoa hartzen hasi nintzen. 10. kilometrotik irribarrea aurpegitik ezin kenduta aritu nintzen, argazki eta bideo guztietan irribarrez nago eta horrekin geratzen naiz.

«Bizi arte ez duzu ulertuko zer den Zegama eta zorteduna sentitzen naiz aukera hori eduki nuelako»

Gertuko jende asko ere izango zenuen ibilbide osoan zehar. Honek asko laguntzen dio bati duen onena ematen, ezta?

Bai, zalantza gabe. Zegama-Aizkorri edonorentzat da berezia, edozeinek dauka zaletuen artean disfrutatzeko aukera ze hau ez da beste inon topatzen. Atzerritarra den edozeinek nabarmentzen du hori. Eta bertakoentzako are eta bereziagoa da. Hainbeste ezagun, hainbeste gertuko jendek beti ematen du hauspo gehiago korrika egiteko. Jendearekin flipatu egin nuen. Bizi arte ez duzu ulertuko zer den Zegama eta zorteduna sentitzen naiz aukera hori eduki nuelako.

Lasterketa hasieran sufritu zenuela esan duzu. Non sufritu zenuen gehien eta non gozatu?

Hasiera hori izan zen okerrena, lehendabiziko bost-sei kilometroak agonia bat izan ziren ez nuelako topatzen nire lekua. Hortik aurrera dena aldatu zen eta ez dakit aukeratu dezakedan momentu kuttunenik. Baina lehendabiziko zaletuak bistaratzen dituzunean Sancti Spiritun, oraindik gainera indartsu zaude, une horrek ez dauka parekorik. Helmuga ere asko disfrutatu nuen, oso polita izan zen eta etxekoak bertan egon ziren. Helmugako oso oroitzapen politak ditut.

«Zalantzarik gabe, irabaztea da helburua eta ea laster ematen den»

Lasterketa amaitu osteko adierazpenetan aipatzen zenuen, ametsa beti izango dela Zegama-Aizkorri irabaztea. Anbiziorik ez zaizu falta!

Mundu horretan eta maila horretan gabiltzan korrikalari guztion ametsa izan ahal dela Zegama-Aizkorri moduko maratoi bat irabaztea. Hor daukat helburu hori. Ez dakit hurrengo urtean edo hemendik hamar urtera izango den. Ez nuen espero horrelako estreinaldia eta ez daukat emaitza hobetzeko tarte askorik (barrezka). Zalantzarik gabe, irabaztea da helburua eta ea laster ematen den.

Lasterketaren aurreko egunak nola pasa zenituen?

Asteburu osoa izaten da oso berezia. Jende asko egoten da ostiralean, larunbatean... Nerbio aldetik, bai izan nituen normalean baino gehiago edo desberdinak, beste panorama baten jokatzen nuelako. Uste baino askoz hobeto eraman nituen eta alde horretatik ere oso pozik nago, ez delako samurra emozio horiek guztiak kudeatzea.

Nola ikusi duzu zure burua distantzia honetan?

Nik banekien gustora egingo nuen distantzia bat izango zela. Gustatzen zait luze entrenatzea eta kilometroak egitea mendian. Ez da berdina txapelketa batean egin edo txapelketatik kanpo, beraz uste dut lan asko daukadala egiteko arlo horretan. Esan dezaket oso ondo kudeatu nuela lehendabiziko aldi honetan.

Alderdi psikologikoa nola eraman zenuen?

Ez zitzaidan inondik inora ere gogorra egin bukaerako txanpa hori. Zaletuek indar handia ematen dute. Momentu bakar batean ere ez zitzaidan bola egin eta ez nuen arazorik eduki.

Esaldi aski ezaguna dugu «Zegama Zegama da». Zure esperientzia pertsonaletik nola deskribatuko zenuke etxeko lasterketa?

«Zegama Zegama da» baina benetan bizi arte ez dakizu horrek zer esan nahi duen. Aurreikuspenak altu nituen baina guztiak gainditu zituen. Ez dauka izenik pasio horren erditik aurrera egiteak. Zoragarria da.

Honen atzetik gehiago etorriko al dira?

Bai, nahi dut Zegama urteroko hitzordua bilakatzea. Ahalik eta gehien egongo naiz bertan eta ea urtetik urtera hobetzen joaten naizen, edo behintzat aurten bezainbeste disfrutatzen dudan. Alde horretatik ere uste dut maila oso altu jarri dudala. Nire helburua askotan gozatzea izaten da eta aurten bezainbeste gozatzea zaila izango da.

Aurrera begira, zein hitzordu dituzu?

Egun batzuk lasai emango ditut, ondo errekuperatzen nahi dut zentratu. Ondoren, abuztu erdialdean Golden Trail Seriesean segituko dut, Polonian daukadan lasterketarekin. Eta Espainia aldean egingo dut beste lasterketaren bat dorsala jartzeko. Hiru bat hilabetean entrenamenduan zentratu, hobetzen jarraitu eta gero Golden Trailean dena emateko.

Jaurlaritza Logoa