Zuzenean

Maite Bidarte

«Ekoizpenera ere iritsiko da aldaketa, eta pentsatzen dut adimen artifizialetik etorriko dela»

Txintxua Films ekoiztetxeko burua da Marian Fernandez, burubelarri ari dira orain ‘Karmele’ filmaren filmaketarekin. Berriki izendatu dute EPE-IBAIA ekoizleen elkarteko lehendakari. Hori gutxi ez, eta hurrengo proiektua egosten hasia da: ‘Zeru-Ahoak’ telesaila, Nerea Garcia inspektorearekin.

Audio_placeholder

«Ekoizpenera ere iritsiko da aldaketa, eta pentsatzen dut adimen artifizialetik etorriko dela»

Loading player...
Marian Fernanez (Txintxua Films) ‘Karmele’ filmeko errodajean
Marian Fernanez (Txintxua Films) ‘Karmele’ filmeko errodajean (Dabid Herranz)

‘Karmele’ pelikularen filmaketa Lekeition egiten ari den bitartean, Txintxua Filmseko ekoizpen taldea Trintxerpeko bulegotik ari da lanean. Telefono bidezko elkarrizketak etengabeak dira, hurrengo zazpi asteetan ez da akatsik komeni. Leiho handietatik argia sartzen da azkarki, langileek ez ezik, bulegoko loreek ere estimatzen dute hori, sano itxura dute. Txintxua Filmseko buru Marian Fernandezen eguneko eginbeharren zerrendak dozena bat puntu izango ditu eta, hala ere, lasaitasunez hartu gaitu bere bulegoan.

Imajinarioa ez da zuekin oso justua. Zorrotz fama duzue. Aurrekontura mugatzeko zuzendariari hegalak moztea tokatzen omen zaizue...

Ezin dituzu hegalak moztu hasi baino lehen. Nik ekoizle bezala ere amestu nahi dut. Oso lan itsusia iruditzen zait mugak jartzearena. Nire lana gehiago da oreka bat bilatzea. Ez naiz gidoilaria eta oso argi dut hori, baina saiatzen naiz gidoia irakurri eta harago joaten. Zuzendariarekin asko hitz egiten dut identifikatzeko benetan zer den pelikulako gauzarik garrantzitsuena eta zer den defendatu behar dena, erabakitzeko zein den pelikularen arima.

Nire ekoizpenen atzean beti dago lan serio bat. Ez ditut gauzak erdipurdi egin nahi, oso perfekzionista naiz, baina proiektuak ez dira nireak. Txintxua-k autore lanak ekoizten ditu eta bakoitzak badu bere marka pertsonala. Eta nire ardura da dena lotua egon arte amore ez ematea. Obsesio hori dut.

Azken urteetan filmaketa asko ari dira egiten Euskal Herrian. Iruditzen zait, zinema-areto eta banatzaileekin alderatuta, zuek askoz egoera hobean zaudetela.

Nik esango nuke gauzak asko aldatu direla azken urte hauetan. Baina aldatu dira, batez ere, banatzeko eta kontsumitzeko moduan. Gaur egun, banatzaile asko daude eta asko aldatu da haien figura. Lehen oso ardaztuak zeuden zinema-aretoetan, baina orain badakite pelikula bat banatzeko aukera ezberdinak daudela. Aretoak daude eta zirkuitu alternatiboak, eta noski, streaming plataformak... aretoen kasuan, uste dut ikuslearen atentzioa mantentzeko beste bide batzuk bilatzen ari direla. 

Gure arlora ere eta iritsiko da aldaketa. Ni ez naiz gai ikusteko zein izanen den aldaketa, baina pentsatzen dut adimen artifizialetik etorriko dela. Aldaketa handia izanen da eta gure ekoizpen prozesuak aldatuko dira.

«Ez ditut gauzak erdipurdi egin nahi, oso perfekzionista naiz, baina proiektuak ez dira nireak. Txintxua-k autore lanak ekoizten ditu eta bakoitzak badu bere marka pertsonala»

Eta horren aurrean beldurra sentitzen duzu?

Beldurra? Beldurra, ez! Gehiago dut ikusmina, ni irekia nago datorrenari. Hala ere, pentsatzen dut guk ez dugula gure esentzia galdu behar eta zinea ulertzeko gure eredua defendatzen jarraituko dugula datorrenari bizkarra eman gabe. 

Berriki elkartu zarete IBAIA eta EPE/APV ekoizle elkarteak, eta zu zara lehendakari berria. Zergatik zeuden bi ekoizle elkarte handi EAEn?

Txintxua sortu nuenean, 2008an, bi ekoizle elkarte zeuden. IBAIA eta EPE/APV. Nik erreferenteak nituen bi elkarteetan; IBAIAn Txepe Lara eta Luis Goya EPE/APVn. Ez nuen ulertzen zergatik zeuden bi elkarte eta hori azaltzeko jasotzen nituen azalpenek ere ez zuten zentzu handirik.

Baina orain lortu duzue biak fusionatzea.

Duela bost urte IBAIAko lehendakaritza hartu nuen eta urte hauetan beti egon naiz harremanetan EPE/APVrekin. Hasieratik nire helburua izan da bi elkarteetatik bakar bat sortzea, ez zeukan zentzurik bi elkarte izateak. Indarra, denbora eta dirua galtzen dira. Orain, hurrengo urratsa da beste norbait etortzea nire ardura hartzera eta haize berria ekartzea. Laster etorriko da erreleboa.

Lehendakari izan zarenez, izango duzu Jaurlaritzako dirulaguntzen berri. Egonen da euskarazko ekoizpenentzako partida berezirik?

Azken urte hauetan lan sakona egin dugu dirulaguntzen sistema hobetzeko. Ikusten genuen gero eta ahulagoa zela egoera, batez ere ingurukoekin konparatuta –Katalunian, adibidez, azken lau urteetan 10 milioi eurotik 35 milioi eurora igo dira zinemara bideratutako dirulaguntzak–. Egorera kezkatzeko modukoa zen. Baina lortu dugu gure kezka ongi komunikatzea. Hori bai, bide honetan ez dugu guk bakarrik egin lan. Poltsa berri bat egongo da euskarazko telesailak sortzeko, eta diru gehiago euskarazko beste ekoizpenetarako.



Asier Altuna zuzendaria ‘Karmele’ film luzea filmatzen ari da egun hauetan. Txintxua filmsek ekoiztuta, Kirmen Uribe idazlearen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberrian dago oinarritua. Ekoizpen aldetik zein izan da erronka handiena?

Ba fase ezberdinak pasa ditugu, eta fase bakoitzean erronka ezberdinak daude. Pentsa, dela lauzpabost urte hasi ginen proiektu honekin. Orduan, ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’ eleberritik gidoi bat idaztea zen helburua. Ez zen batere erraza izan. Ondoren, finantziazioa lortzea izan da erronka. 40. hamarkadan kokatzen da istorio hau, Euskal Herria, Paris eta Caracasen gertatzen da, pertsonaia asko daude... eta hori guztia ongi kontatzeko dirua behar da.

Behin finantziazioa ziurtatuta, hurrengo fasera pasa ginen, filmaketarekin. Arropak, koloreak, ontziolako tresnak...  eta nola filmatu 40. hamarkadako Euskal Herrira, Paris eta Caracas gaur egungo Euskal Herritik atera gabe? Ba lortu dugu! ikusleak bidaiatuko du Euskal Herritik atera gabe.

«Duela bost urte IBAIAko lehendakaritza hartu nuenetik nire helburua izan da bi elkarteetatik bakar bat sortzea, ez zeukan zentzurik bi elkarte izateak. Indarra, denbora eta dirua galtzen dira» 

Eta zein izango da Euskal Herriko Caracas?

Dena ez dizut esango! (Barrez)

Autore zinema erran duzu lehen. Kirmen Uribek esan zigun autore zinema dela ‘Karmele’. Ados zaude?

Nik esango nuke ‘Karmele’ filmak osagai ezberdin asko dituela. Badu zerbait historikotik, epikotik. Badu autore begiradatik asko, eta zine klasikoaren zaporea ere badu. 

Eta etorkizun hurbilera begira, zertan ari da Txintxua?

Ba, ‘Zeru-ahoak’ telesaila idazten ari gara momentu honetan. Koldo Almadoz eta Harkaitz Cano ari dira idazten, ‘Hondar-Ahoak’ telesailaren sekuela izanen da eta protagonista, Nerea Garcia (Nagore Aranburu), inspektorea izanen da. Istorio berri bat da, pasaia berri batean. Udazkenean filmatuko dugu eta orain buru belarri gaude proiektu horretan.

Jaurlaritza Logoa