Zuzenean

NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Onintze Oleaga
EH Bilduko Udalgintza arduraduna

«Jauzi kuantitatiboa eman genuen eta orain aktibatu behar dugu potentzial hori»

Bigarren Konferentzia Munizipalista egingo du EH Bilduk larunbat honetan Durangon. Onintze Oleagak NAIZ Irratian azaldu duenez, «ziklo munizipalistaren hasieran jauzi kuantitatiboa eman genuen eta orain jauzi politiko batean itzuli behar da, gure potentzial hori guztia aktibatzeko».

Audio_placeholder

Onintze Oleaga NAIZ Irratian

Loading player...
Onintze Oleaga, EH Bilduko Udalgintza arduraduna.
Onintze Oleaga, EH Bilduko Udalgintza arduraduna. (Idoia ZABALETA | FOKU)

EH Bilduk udalgintzan eragin zabala duenez erronka izan daiteke lehentasunak bateratzea. Halako beharretan lan egiten duzue?

Bai, eta justu horretara dator ere larunbatean egingo dugun Konferentzia Munizipalista. Behin baino gehiagotan esan dugun moduan, bagara lehen indar munizipalista, eta botoetan ere lehen indar politikoa gara Hego Euskal Herrian. Hori baliatu behar dugu herri honetan politika publiko berdinzalegoak egiteko eta baita ere herri honek subiranotasunera urratsak eman ditzan. Horretarako, ezinbestean, indarrak batu behar ditugu. Norabidea guztion artean zehaztu eta hurrengo urratsak guztion artean eztabaidatu, ibilbide orria idazteko.

Hor larunbatean izango den ziklo munizipalista berriaren norabidea. Zentzu honetan zeintzuk izango dira berritasunak EH Bilduren partetik?

Berritasun handiena ezarri genuen jada ziklo munizipalista berria hasi baino lehen. Iaz, otsailean, jardunaldi batzuk egin genituen eta bertan iparra bera zehaztu genuen, herri honek dituen bost erronka nagusiak zehaztu genituen eta horiei erantzun bat emateko hamazazpi ildo zehaztu genituen. Besteak beste trantsizio energetikoa, trantsizio ekosoziala bere osotasunean ere, politika berdinzaleagoak, zaintza, euskara eta euskal kultura.

Ziklo munizipalista berri horri heltzeko iaz, otsailean jada, prestatzen hasi ginen. Maiatzean herritarrek konfiantza eman ziguten eta horren ondorioa da 149 alkatetza gobernatzen ditugula, haien artean Iruñeko Udala, eta Gasteizen ere lehen indarra izan ginen. Herri honek eman digun konfiantza horri arduraz erantzun behar diogu. Herritarrek konfiantza jarri dute gugan uste dutelako EH Bildu dela tresna bat beraien bizitza hobetzea ahalbidetzen duena.

Erantzukizunez erantzun behar dugu, gobernuetan gaudenean eta oposizioan lan egiten dugunean, proposamenak eginez eta lan eginez batez ere herritarrekin. Entzun behar diegu eta aintzat hartu. Beraien arazoak konpontzeko bideak aztertu eta konponbideak mahai gainean jartzeko lan eginez. Eta uste dugu lan hori udaletatik hasten dela, badirelako herritarrengandik gertuen dauden erakundeak. Eskuekin ukitzen duten erakundeak direlako. Oso garrantzitsua da herritarren konfiantza irabazteko.

«Erantzukizunez erantzun behar dugu, gobernuetan gaudenean eta oposizioan lan egiten dugunean, proposamenak eginez eta lan eginez batez ere herritarrekin»

Esparruka landuko diren erronkak aipatzen zenituen, trantsizio soziala, gizarte berdinzalea, euskara, kultura...

EH Bilduk 12 urtetako esperientzia munizipalista dauka eta aurretik ere ezker subiranistak esperientzia munizipalista oso luzea eta emankorra izan du. Baina azken 12 urte hauetan asko ikasi dugu, bai gobernatzeko eran eta baita ere herritarrak kezkatzen dituzten gaien inguruan.  Bai trantsizio ekosozialean bai etxebizitza arloan bai zaintzan zein kulturgintzan mahai gainean soluzio bide berritzaileak eta eraikitzaileak jarri izan ditu EH Bilduk eta horrek konfiantza eta sinesgarritasuna eman digu herritarren partetik.

Eta egun ditugun erronka globalak ikusita erantzunbideak hortik bertatik etorri behar direla uste dugu, trantsizio ekosozialean jauzi bat ematetik, ez soilik energia arloan baina baita ere energiaren sorkuntzan eta energiaren kontsumoaren inguruko hausnarketaren inguruan. Zaintzari dagokionez, erronka demografikoak erakusten digu zaintzaren eredua aldatu beharra dagoela, zaintzaren ardura aldatu behar dela eta beraz hor dugu herritarrekin batera sistema osoa eraikitzeko ibilbide bat. Eta nola ez, euskararen erabileraren atzeraldiaren aurrean eta euskararen aurkako oldarraldi judizialen aurrean badugu ere herritarrekin batera eraikitzeko bide oso bat. Txikitik handira egin behar da. Udaletatik beste erakunde batzuetara, beste sektore batzuetara, eta gizartera salto handi bat emanez.

Beste aipagaia da oposiziotik jardutea; sakondu ahalko zenuke?

148 alkatetza gobernartzeak lan andana ematen du eta zentralitatea hor ere jartzen da, izan ere alkatetza bat izateak ematen dizkizu baliabideak politika publiko eraldatzaileetan eta gobernantza ereduan ere jauzi handiak emateko. Baina oposiziotik ere lan asko egiten dugu, lan eraikitzailea, eta hauteskundeen emaitzak badira horren isla.

Datozen hiru urteetan hor ere sakontasunez lan egin beharko dugu, aztertu beharko dugu oposiziotik nola jardun behar dugun, ze estrategia jarraitu beharko dugun. Proposamenak egiterakoan herri batean eta bestean nola partekatu aztertu beharko dugu, guztion artean indarrak biltzeko.

Konferentzia Munizipalista hautetsientzat da edo edozein herritarrek dauka aukera gerturatzeko?

Edozein herritarrentzat aberasgarria da bertan parte hartzea. Gure kide askok eta askok udalgintzan eta herrigintzan jarduten dute udal hautetsiak izan ez arren. Udalgintza ez da udal hautetsietara soilik murrizten. Bada esparru oso bat EH Bilduko kideak bertan jarduteko, ikuspegi zabal bat emateko herri batean eta bestean zer egiten ari garen ikusteko. Esan genuen ziklo munizipalistaren hasieran jauzi kuantitatiboa eman genuela eta orain jauzi politiko batean itzuli behar da, gure potentzial hori guztia aktibatzeko.   

Jaurlaritza Logoa