Zuzenean
Bazen Hernani inguruan, Manttalin izeneko baserri bat. Bertan nexka gazte bat bizi zen, alai, haurren modura jolasean eta pixkanaka gauzak ikasten. Berak ordea, ez zekien Gerra Zibilaren ondorioz bere herriko lehen eraildua izango zela. Gerrak bere herria estali zuenean, Manttalingo alabaren irribarrea betirako itzali zen.
Neska horren historiatik tiraka sortu zuen poema liburu bat Mikel Etxaburuk, gerra zibilaren kontextuan eta bertan gure herriak jasandakoa kontatuz. Baina, sortzaileak noizbait esan izan du poemak asko irabazten dutela ahoz, eta geldirik egon ezinak ikuskizuna sortzera eraman du Mikel.
«Ondarrutik Saturraranerako bidea oso ederra da, eta ondarrutar askok ohitura dugu paseotxo hori egiteko eta horrelako ibilaldietan etortzen zitzaidan burura zelan garai batean errepresiorako toki bilakatu zen», dio Etxaburuk. Gehitu du Manttalingo alabaren fondoan dagoen elementu garrantzitsuenetako bat dela nola balnearioa emakume kartzela bihurtu zuten.
Poema liburua ikuskizunera eramateko gogoa izan zuen Mikelek eta Irina Alvarez biolinista, Jon Gardoki akordeonista eta Nerea Zuloaga abeslariarekin jarri zen kontaktuan. Entsegu artean dabiltza gaur egun, baina Etxaburuk argi du haiek ez direla erabat profesionalak: «Nirekin lan egiteko elkar maitatzeko baldintza dago; gu ez gara profesionalak, ez dugu dirurik irabazten, ondorioz gure arteko elkarrekintza sanoa eta polita ezinbesteko elementua da».
Gernikan, Astran, egingo dute estreinaldia eta ekainaren 7an Saturraranen izango dira, horietarako prestatze bidean dabiltza gaur egun, dena emanez: «Horrelako proiektu bat ezin da ia dena eman gabe egin».