Zuzenean

NAIZ IRRATIA

Oporrak Bakean: «Hilabete baino gutxiago gelditzen da eta larri gabiltza»

Harrera familia gehiagok Oporrak Bakean programarekin bat egin ezean, hamarnaka haur saharar udan Euskal Herrira etortzeko aukerarik gabeko gelditzeko arriskua oso erreala izan da. Esti Barriosek eta Itziar Goienetxeak urratsa ematera deitu dute.

Audio_placeholder

Oporrak Bakean: «Hilabete baino gutxiago gelditzen da eta larri gabiltza»

Loading player...
Aurtengo otsailean aurkeztu zuten Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzeko kanpaina.
Aurtengo otsailean aurkeztu zuten Oporrak Bakean egitasmoan parte hartzeko kanpaina. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hamarkada asko dira haur sahararrek udan Euskal Herrirako bidea egiten dutenenik, ateak zabaltzen dizkieten harrera familiei esker. Onura askoko esperientzia da gaztetxoentzat; are onuragarriagoa akaso, gonbidatua etxean hartzen duten euskal familia horientzat.

Egoera zailean da ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haurren etorrera kudeatzen duen Oporrak Bakean programa, gaur gaurkoz ez baitaude nahikoa familia izena emanda. «Hilabete baino gutxiago gelditzen da (programan izena emateko) eta larri gabiltza», dio Pasai Donibaneko Itziar Goienetxea egitasmoko parte-hartzaileak, «urduri» jartzeko momentua dela adieraziz.

Goienetxeak dioenez, «egia da orain dela astebete baino pixka bat hobeto gabiltzala, baina momentu honetan 25 bat familia izan daitezke eta gehiago behar dira». Iaz 170 haur baino gehiago heldu ziren, beraz, zenbakiak argia dira.

Itziar Goienetxearen ustez, batez ere covid-19aren pandemiaren ostetik «jendeak bere zilborrari bakarrik begiratzen dio», eta gizarte osoaren arazoa dela dio. Horregatik, haur bat ez hartzeko aitzakiak bilatzen dituztenen kasuak ugari dira, Goienetxeak azaldu duenez.

Horrekin batera, arazoa Sahararen egoera Estatu espainolak «estaltzen duela» da, «ez zaiolako gustatzen». «Sahara ez bada existitzen, haurren egoera ere ez da existitzen», laburbildu du Goienetxeak NAIZ Irratian.

Zergatik?

Harrera familia izateko borondate duten, baina ohiko kezkak dituztenei zuzendu zaie 15 bat urtez Oporrak Bakean programan parte hartu duen Esti Barrios gasteiztarra. Beldurrak uxatu eta parte hartzera deitu du. «18 urte nituela nire guraso eta anaiarekin hartu genuen Ahmadi, 10 urte zituena. Momentu horretatik aurrera bere familia nire familia bihurtu zen. Urte batzuk hemen pasa zituen eta gero bere ahizpa beste hainbat urtez etorri zen gure etxera. Duela bost urte nire bikotekidearekin bere lehengusuak hartzen ditugu gure etxean udan. Uste dut ez dela esan behar baina esperientzia oso ona izan da».

Itziar Goienetxeak, bestalde, haur bat hartzeko betebehar garrantzitsuena gogoa izatea dela esan du. «Zure bizitzaren zatitxo hori berari eskaitzean» datzala azaldu du, betebeharrak baino, «emateko asko» dagoela esanez, bai harrera familiaren partetik, baita haurraren partetik ere. «Beraiek izugarri ematen digute guri, zu zeu osatuta ateratzen zara», azaldu du, jendea, «gutxienez», galdetzera animatzearekin batera.

Jaurlaritza Logoa