Zuzenean

NAIZ Irratia

Kazetaritza Matxistaren Behatokia: «Ez dago kazetaritza matxista egiterik»

Kazetarien artean oraindik ere errotuta dauden lan ohitura matxistak detektatu eta azaleratzeko jaio da Kazetaritza Matxistaren Behatokia. Bertako kide den Iker Mertxanek oraindik ere ematen diren jardunbide matxistez ohartarazi du. Periodismomachista.com da beren webgunea.

Audio_placeholder

Kazetaritza Matxistaren Behatokia: «Ez dago kazetaritza matxista egiterik»

Loading player...
Martxoaren 7an aurkeztu zuten EHUko eta ‘Pikara Magazine’-ko ordezkariek Behatokia.
Martxoaren 7an aurkeztu zuten EHUko eta ‘Pikara Magazine’-ko ordezkariek Behatokia. (Aritz LOIOLA)

Heteropatriarkatuak eta honi lotutako matxismoak bizitzaren alor guztiak zeharkatu eta baldintzatzen ditu, tartean, noski, kazetaritza ere. Kazetaritzaren zeregina, ordea, berezko botere egiturak zalantzan jartzea ere bada, eta sinesmen horretatik jaio da, ‘Pikara Magazine’ eta EHUko Bitartez taldearen elkarlanetik, Kazetaritza Matxistaren Behatokia. Taldeko sortzaileetako bat da NAIZ Irratian elkarrizketatu dugun EHUko irakasle Iker Mertxan. «Ez dago kazetaritza matxista egiterik», nabarmendu du.

«Guk uste dugu kazetaritza matxista kazetaritza txarra dela. Ez dago kazetaritza matxista ona egiterik, hori ez baita existitzen», gaineratu du.

Izan ere, nahikoa da prentsara eta bereziki lerroburuetara jotzea, inertzia matxista asko mantentzen direla ikusteko, edota «kutsu erromantikoa» dutenak, finean, oinarrizkoa den genero ezberdintasuna ezkutatzen dutenak. Beste eredu bat izan daiteke, ikerlariaren esanetan, kargu baten izendapenean, kazetariek emakume izaeran soilik azpimarra egiten dutenean. «Askotan badirudi bertan jarri dutela emakumea, emakumea delako», kritikatu du Mertxanek.

Behatokiaren helburua da hedabide guztietan (ikus-entzunezkoak barne) errepikatzen eta mantentzen diren lan ohitura matxistak detektatu, aztertu eta ondorioak gizartearen esku jartzea, kontzientziazioa eta lan eredu berriak sustatzeko. Kazetaritza Matxistaren Behatokian nahiago lukete euren proiektua bertan behera utzi, horren beharrik ez dagoelako, baina Iker Mertxanek ondorioztatu duenez, zoritxarrez, ez dute uste materiala faltan izango dutenik.

Edonork kontsultatu eta ikas dezan

Urte luzez egin dute lan elkarrekin EHUk eta ‘Pikara’-k. «Orain dela urte batzuk ikasleekin eskolan egin genituen froga batzuetan ikusi genuen askori matxismoa berrietan nabaritzea kostatzen zitzaiela», oroitu du Mertxanek proiektuaren sorburuaz galdetzean.

’Pikara’ eta beste hedabide batzuetan kazetaritzan egindako okerrak salatu eta begi bistan jarri izan dira. Orain, horiek batu eta modu ordenatuan plazaratu dituzte periodismomachista.com webgunean, edonork kontsultatu eta horietatik ikasi dezan. «Hori da gure helburua, gure klasean modu arruntean egiten duguna zabaltzea».

Irakaslearen iritziz, halako lerroburuak idazten dituzten gehienek ez dute matxista izan nahi. Oharkabean pasatzen zaizkigun inertzia batzuk daude.

Bederatzi matxismo mota

«Albiste matxista horiek hartu, sailkatu, eta azaltzen ditugu jendartea jabetu dadin begirada hori hor dagoela. Bederatzi mota ezberdin aurkitu ditugu, gehiago ere aterako dira. Esaterako, sarri emakume bat izendatzerakoan izena erabiltzen dugu; aldiz, gizon bat izendatzean, abizena. Biktima erruduntzen da besteetan. Eta emakumeen kontrako indarkeriari buruz ari garenean erromantizismo horretara jotzen dugu».

«Horrek zenbat min egiten duen! Halako titular pila aurkitu ditugu. Hogeiren bat argitaratu ditugu, baina baditugu beste 70 ikertzen ari garenak eta hemendik gutxira webgunean izango direnak. Demagun: ‘Isuna goizaldean emakume bati maitasun kantak abesteagatik’. Ematen du koitadu honek modu erromantiko batean egiten duela, eta badakigu ez dela hala gertatu. Isuna jarri badiote, zer motatako jazarpena egingo ote zion emakume horri».

Izenburu hau ere bai: ‘86 urteko gizon bat inputatuta 82 urteko emaztearekin sexu harremanak izaten saiatzeagatik’. «Nik dakidala sexu harremanak izaten saiatzea ez da inolako delitua inon, are gutxiago emaztea baldin bada. Ez dute horregatik inputatu, beste zeozer larriagoagatik baizik».

«Gainera, askotan gertatzen da titularra alde batetik doala eta gero berria irakurri eta argi geratzen dela zer gertatu den. Gure buruari eskatu behar dioguna da titularra idazterakoan berriarekin bat etortzea».

Emakumeen arrakastak generoaren araberako mesedeei egoztea ere askotan gertatzen da. Ematen du leku boteretsu batean jarri dutela emakume bat emakumea delako.

Ardatza izan nahi dute aldaketa lortzeko

Euskarazko eta gaztelaniazko prentsa aztertu dute, eta ez dute alderik aurkitu. Hemendik gutxira ingelesezko eta beste hizkuntza batzuetako albisteak ere ikertzea nahi dute. «Jaio berri denBehatokia lehen urratsa da lehen eskolan egiten genuena luzatzeko, eta ardatz izateko aldaketa lortzeko»

Orain arte egunkariak aztertu dituzte, prentsa idatzia, errazena hori denez bertatik hasi dira, baina aurrerantzean ikus-entzunezkoak ere behatuko dituzte. Hitzekin ez ezik keinuekin ere adierazten diren matxismo kasuak agerian jarri nahi dituzte.

Egitasmoa zabalik dago herritarren ekarpenetara, matxistatzat jotzen dituen albisteak bidali ahal izateko, eta pozik daude zenbat kasu jaso dituzten eta zenbat herritarrek bat egin duten ikusita.


Jaurlaritza Logoa