Zuzenean
Gizonezkoen Euskal Selekzioa berdegunera itzuliko da larunbat honetan, lau urteren ondoren. Uruguai izango du arerio, 20.00etan hasiko den deman, San Mamesen. Jagoba Arrasateren gidaritzapean arituko da Euskal Herriko taldea, 20 jokalariz osaturiko talde batekin. Berritasun asko –13 orotara– eta izen handien hutsunearekin, lehiakor izatea bilatuko dute euskaldunek, mundu mailan nabarmentzen ari den talde baten aurka, Marcelo Bielsaren Uruguai, hain zuzen ere. Amerika Kopa prestatzen buru-belarri, Argentina eta Brasil bezalako potentziei irabaztetik iritsiko da Bilbora.
Jagoba Arrasate berak «ilusioz» hartzen du partida hau, sentimendutik ere baduelako ardura honek, NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan zehaztu zuen legez. Era berean, tinko nabarmendu zuen, berdegunean ez ezik, beste esparru batzuetan ere jokatzen dela partida, hala nola, bulegoetan. Herri ekimeneko plataformek ere ofizialtasuna aldarrikatzeko abagune paregabea dela azpimarratu dute, Federazioak lau urte hauetan eduki dituen gabeziak kritikatzearekin batera. Gu ere bai eta Gure esku dago dinamikek, esaterako, kalejira bat deitu dute.
Hala, hitzordu garrantzitsu hau, zuzen-zuzenean emango du NAIZ Irratiak. Realaren Txapeldunen Ligako kanporaketa eta Kopako finalerdiekin hasitako bidea urratzen jarraitzen du irratiak, kirol emankizunek bere lekutxoa eginda. Duela bi urte, Mendizorrotzan, emakumezkoen Euskal Selekzioa eta Txileren arteko futbol partidaren emankizuna lehendabizikoa izan zen NAIZ Irratiarentzat eta larunbat honetan, formula bera errepikatuko da.
Saioa Iker Gurrutxagaren gidaritzapean jorratuko da, Ion Garate partidaren narrazioan egongo dela eta Ane Urkiri solaskide moduan. 19.30etatik aurrera konektatuko du NAIZ Irratiak San Mamesetik, giroaren berri eta hasierako hamaikakoen azken nobedadeak eskaintzeko. Partida, 20.00etan hasiko da.
Kopako finalak ere NAIZ Irratian
Euskal Selekzioaren lagunarteko partida ez da izango NAIZ Irratiak futbol denboraldi honetan emango duen azkena. Izan ere, euskal futbolak beste bi hitzordu garrantzitsu ditu datozen hilabeteetan. Lehenik, gizonezkoen futbolean, Athleticek Kopako finala jokatuko du Mallorcaren aurka, apirilaren 6an, La Cartujan. NAIZeko erredakzioko lan taldeko bat bertaratuko da Sevillara, finalaren emankizuna eskaini eta bertako giroa uhinen bitartez gerturatzeko.
Berdina gertatuko da maiatzaren 18an emakumezkoen futbolarekin, Realak Kopako finala jokatuko baitu Bartzelona ahalguztidunaren aurka. Kasu honetan, oraindik zehaztu gabe dago lekua eta ordua, baina NAIZ Irratiaren lantalde bat bertaratuko da, talde txuri-urdinaren historiako bigarren Kopako finala zuzen-zuzenean emateko.