Zuzenean

NAIZ

NAIZ Irratia Parisen: Txapeldunen Ligako PSG-Reala kanporaketa zuzenean emango du

Txapeldunen Ligako PSG-Reala partidaren kontakizuna NAIZ Irratiak eskainiko du, Paristik bertatik. Final zortzirenetako joaneko partidaren jarraipen berezia egingo dute Ion Garate eta Zuriñe Iglesias kazetariek, partidaren zuzeneko kontakizunarekin.

Txapeldunen Ligako baloia, Anoetan, multzoen faseko Reala-Inter partida hastear dela.
Txapeldunen Ligako baloia, Anoetan, multzoen faseko Reala-Inter partida hastear dela. (Jon URBE | FOKU)

Txapeldunen Ligako kanporaketa baten epikotasunak merezi duen jarraipen berezian sinetsita, NAIZ Irratiak urrats bat egingo du aste honetan. Parisera bidaiatuko du, bertatik bertara kontatzeko PSG-Reala partidari buruzko guztia, norgehiagokaren zuzeneko emankizunarekin batera.

Ion Garate eta Zuriñe Iglesias kazetariak ibiliko dira Parisen, Realaren azken ordua, Estatu frantseseko hiriburura joan diren zale txuri-urdinen sentsazioak, bertako giroa eta partidaren nondik norakoak kontatzeko. Honekin, NAIZ Irratiaren hazkuntzan beste urrats bat ematen da.

Garate eta Iglesiasen kontakizuna gidatzen, Donostiako estudiotik, Iker Gurrutxaga egongo da, Ane Urkiri lagun duela. Hala, partidaren kontakizun ahalik eta osoena lortu nahi da honekin, partidaren inguruko analisi aberatsa eskaintzeko entzuleei.

Zuzeneko kirol emankizunez beteta dator hilabetea

Pariskoa ez da NAIZ Irratiak zuzenean emango duen partida bakarra; hain zuzen ere, futbol egutegia bere faserik erabakigarrienean sartu den honetan, apostu sendoa egin nahi da zuzeneko kirol emankizunekin.

Otsailaren azken astean, Kopako kanporaketen itzulerako partidak jokatuko dira Anoetan (hilaren 27an, 21.30ean) eta San Mamesen (otsailaren 29an, 21.30ean), eta bi estadio horietan ere presentzia izango du NAIZ Irratiak, zuzeneko saioa egiteko. Horrez gain, Txapeldunen Ligako itzulerako partida ere emango du, martxoaren 5ean, 21.00etan, Anoetatik bertatik.

2019an hasi zen NAIZ Irratia Tourreko etapen zuzeneko emankizunarekin, Zurriolan kokatua dagoen NAIZ Gunean, publiko eta guzti. Duela bost urte abiatutako kirol emankizun hori mugarria izan da NAIZ Irratian eta urtez urte, Tourreko saioa egonkortzeaz gain, kirol gehiago batu dira. 2022 eta 2023ko Kontxako Banderen bigarren asteburua zuzenean eman da eta Tourra legez, ohitura bihurtzeko mugarri guztiak ditu.

2022an lehen futbol emankizuna ere eskaini zen, emakumezkoen Euskal Selekzioak Txileren aurka jokaturikoa, Mendizorrotzan. Ion Garate, Zuriñe Iglesias, Peli Lekuona, Iker Gurrutxaga eta Ane Urkiri izan ziren bertan.

Jaurlaritza Logoa