Zuzenean

Estreinako lehen lan luzea kaleratu du Intzak, ‘Aheri’

Musikan ibilbide luzea jorratu duen arren, Intzaren (Orio, 1996) lehen disko luzea da ‘Aheri’. 2021ean atera zuen lehen EParen ostean, aldaketa nabarmena eman du bere musikan eta heldutasuna ere nabari zaio oriotarraren diskoari. MusikHaria saioan aurkeztu digu.

Audio_placeholder

Estreinako lehen lan luzea kaleratu du Intzak, ‘Aheri’

Loading player...
2021ean EP bat kaleratu ostean, estreinako LPa da ‘Aheri’ Intzarentzat
2021ean EP bat kaleratu ostean, estreinako LPa da ‘Aheri’ Intzarentzat (Iker GOZATEGI)

Lehen EPa kaleratu zuenetik bi urte pasa ostean, 2023ko azaroan, kaleratu du lehen lan luzea Intza Unanue Arruabarrena musikari oriotarrak. Estilo aldaketa nabarmena eman du lehen EP hartatik ona, pop delikatu baten bueltan segitzen badu ere, disko honetan atmosfera landuagoak topatu baititzake entzuleak.

Jon Aguirrezabalagarekin aritu da elkarlanean Bilboko El Tigre estudioetan eta hamar kantu bildu ditu bere estreinako LPan. Diskoari izena ematen dion ‘Aheri’ kantuak irekitzen du lana. Aheri, euskara zaharrean abesti esan nahi duena. Progresioa oinarri duen kantua.

‘Aurkituko gara’ kantuarekin ematen dio segida diskoari Intzak, ahotsa lehen planoan jarri eta elementu gutxirekin betetzen den abesti gaseoso batekin. ‘Dikotomia’ kantuan harmoniarekin jolasean entzungo dugu Intza, piano soinu klasikoago bat agerian du eta bigarren ahots disonante bat oso atzeko planoan gordetzen du. Horratx jolasa.

Bere ahizpa Goiuri izan du abesten ‘Koh Tao’ abestian. Elkarrekin egin zuten bidaia baten oroitzapenak partekatzen dituzte abestiane eta betirako erregistratu dute erritmo biziagoa duen abestian. Baleen deiadarrak entzutera ere eramaten gaituzte hartu dituzten erabaki sonikoen ondorioz. Unibertso aldaketa dator, ordea, ‘Gero arte M.K.’ kantuarekin, pop-rock mundura eramaten gaitu kantuak eta sinteak dira protagonista.

Oso elektronikoa den ‘Utzidazu arnasten’ kantuak ematen dio segida, bonboak pisu handia hartzen duen abesti batetan. Berriz ere disonantziek hala ezinegon bat sortzen dute eta ezin hobeto ezkontzen dira hitzak eta musika, antsietateari buruz ari baitzaigu abesti honetan Intza. Sentikor eta hauskor agertzen zaigu, berriz, ‘Florentziatik’ abestian. Galera baten aurrean sortutako kantua da eta gitarra akustikoaren soinuak eta perkusioaren oihartzunak atmosfera goxo bat sortzen dute.

Berriz ere piano klasikoago baten hautua egin du Intzak ‘Kuxian’ kanturako. Artistaren faseri beltzenak kontatzen dizkigu abesti honetan eta abesteko modua ere sakontasun horretara bideratzen du nabarmen. 2018an atera zuen ‘Karan’ abestiaren moldaketa dator ostera, ‘Karan lila’. Ukelele batekin hasi zena askoz ere garatuagoa den abesti bihurtu da eta hitzak ere moldatu egin ditu, bera ere aldatu egin baita denborak aurrera egin ahala. 

Kantu dibertigarri batekin ixten du ‘Aheri’ diskoa Intzak, surf ukitua duen ‘Zenbat bada’ abestiarekin, bizitzan erabakiak norberak hartzearen garrantziaz hitz egiten duen abestiarekin. Zuzenekoak eskaintzen hasia da eta diskoa bere webgunean eskuratu daiteke. Bakarkako bidean lehen mugarria jarri du, beraz, oriotarrak.

Jaurlaritza Logoa