Zuzenean

NAIZ Irratia
Iruñea
Elkarrizketa
Joseba Asiron
Iruñeko alkatea

«Esaten didate ez dudala txupinazoa bota. Ez ziren abenduaren 28an udaletxeko balkoian egon»

Nola dago Iruñea UPN Udaletik kanporatu ostean? Galdera horri jarraiki NAIZ Irratia nafar hiriburuan izan da astearte goiz hotz honetan. Joseba Asiron alkate berria elkarrizketatu dute, baina baita, hiriari tenperatura hartzeko, Paris 365 eta Laba bezalako bi guneko kideak ere.

Audio_placeholder

«Esaten didate ez dudala txupinazoa bota. Ez ziren abenduaren 28an udaletxeko balkoian egon»

Loading player...
Joseba Asiron, Iruñeko alkatearen bulegoan.
Joseba Asiron, Iruñeko alkatearen bulegoan. (NAIZ IRRATIA)

«Egun oso intentsoak» izaten ari dira, Joseba Asironen hitzetan. Udal bat martxan jartzeko izendapenei, egin beharreko «gauza asko» topatu dituztelako abenduaren 28an aginte makila berreskuratu zuenetik. «Nahiko paralizatua aurkitu dugu Udala eta hau mugiaraztea Titanic martxan jartzea bezala da». Hala ere, hauteskunde garaitik «lanean hasteko gauza asko prest» zituztela baieztatu du.

Puntu honetara iristeko, baina, Titanic-en moduko biratzea egin duena PSN izan da. «Epe luzeko prozesu bat egon da. 2019an hasten da non entzun genuen ‘Agur, Asiron’ hura. Dolu egun bat eta gero astelehenean lanean hasi ginen, talde guztiekin, PSN barne. Eta sinergiak sortu dira, lan egiteko modu bat. Aurreko legealdian oposiziotik ahoi batez aurkeztu genituen proposamenak eta iritsi gara diagnosi partekatu batetara. Behin Pedro Sanchezen inbestidura eginda, PSNren partetik ikusi genuen zentsura mozioa egiteko aukera eta hor hasi ziren negoziazioak Nafarroan eta zentsura moziora iritsi gara».

Egun hura «pasada bat» bezala definitu du Asironek. «Esaten didate ez dudala txupinazioa bota, alkate bakarra naizela. Hori da egun horretan balkoian egon ez zirelako. Hori benetako txupinazoa izan zen, hunkigarria, oso zaila da azaltzea hor sentitu nuena».

Zentsura mozioa ezagutu zenetik, Iruñeko prozesua beste udal eta erakundetara eramangarria izan ote daitekeen bolo-bolo dabil. Izan ere, Lizarra, Barañain, Eguesibar edo Zangoza bezala. «Eramangarria da. Ez dakit zer baldintzetan. EH Bilduren ahotik hitz egiten dut. Baina oso indar ezberdinak gara, kultura politiko oso ezberdinetatik gatoz».

Ez du ezkutatzen gobernatzeko garaian PSNrekin «desadostasunak» egongo direla onartuta dutela eta horietako bat Sinboloen Legea da. «Errespetatuko dugu, baina ez diogu uko egingo gureari. Ez da lege justo bat. Iruñean aniztasuna dago eta lege hori aldatzeko lan egingo dugu».

Erorien Monumentuaren etorkizuna, herritarren esku

Mintzagai izan du ere alkateak Erorien Monumentua. Hala ere, puntu horretan, egungo Udala ez da hutsetik abiatzen. «2015-2019an Lan ederra egin zen, Mola, Sanjurjo eta gainontzeko jauntxo faxistak desobiratu genituen eta izena aldatu genion plazari. Ideien lehiaketa bat egin genuen, proiektu oso onak aurkeztu ziren. Batzuen ustez eraikina desagertu behar da, beste batzuen ustez beste erabilera bat eman. Iruñeak erabakiko du proiektu parte-hartzaile baten bidez», iragarri du.

Ibarrolaren azken mugimenduetako bat Entzierroan parte-hartzen hil direnen omenez oroigarriak ezartzea izan zen. Inolako kontsentsurik gabe egin zuen, senideekin ere kontatu gabe. «Ez dakit zer gertatuko den, ikusteko dago. Iritzi oso kontrakoak agertu dira. Korrika eta presaka jarri ziren, Ibarrolak bazekienean kargua utziko zuela, familiekin kontatu gabe. Horrek kontrako iritziak sortu zituen. Ongi erreflexionatuko dugu, hitz egingo dugu eta horren arabera hartuko dugu erabakia».

Epe motzera aurrekontuak jarri ditu helburu argi gisa. «Urteko espedienterik inportanteena da udal mailan. Arlo soziala indartuko dugula esan dugu: etxebizitza plana da gako bat eta horren atzean daude auzoko proiektuak: sanduzelaiko rotonda, Donibaneko haur eskola, Etxabakoitz, Zabalguneko parkina...»

Izan ere, arlo sozialean jarri du ikusmira Iruñeko alkateak aginte makila hartu zuenetik. Zentzu horretan jakin zen zentsura mozioaren egun horretatik inork kalean lo egin ez dezan baliabideak ezarri zituela Udalak. Hala ere, zorrotz mintzatu da Asiron. «Egoera ez zen ona eta ez da ona. Estatu mailan Iruñea bizi kalitate aldetik beti dago goian, baina horrek ezin du estali pertsona asko daudela gaizki pasatzen dutenak. Gaur etxetik atera naizenean tenperaturak zero azpitik zeuden eta pentsatzea jendea kalean dagoela oso mingarria da. Lan egin behar dugu. Honen inguruan ez dut dominarik jarriko».

Paris 365: «Neurri estrukturalak behar dira, ez daitezela izan hotzaldiari lotuta soilik»

Jone Arnedo hezitzailearekin ere izan da NAIZ Irratia, Paris 365 jantokian. Entitate txiki bat da hau, nafar hiriburuko Alde Zaharrean lan egiten duena, biltegia eta jantoki gisa. «Biltegian nolabaiteko erosketa egiten dute familiek astero eta jantokira etxerik ez dutenak edo sukaldatu ezin dutenak datoz», azaldu du.

PARIS 365, otordu bat denentzat

Loading player...

Jone Arnedo, hezitzailea Paris 365 gunean.

Adierazi duenez, hotzaz gain, «orain Gabonak sasoi zaila eta txarra izan ohi da», baina urte osoan zehar eskaintzen da zerbitzua. Zentzu horretan «neurri estrukturalak» eskatu ditu. Momentu honetan, Udal Gobernu aldaketarekin, kalean bizi diren pertsonentzako plaza aski dago Iruñean, baina badaude pertsonak erabaki dutenak kalean jarraitzea. Baina plazak badaude eta hori «berri oso ona da», Arnedoren hitzetan. «Ikusi beharko da epe motzera eta luzera zein neurri hartzen den, martxotik aurrera. Neurri estrukturalak behar dira, ez daitezela izan hotzaldiari lotuta soilik. Kalean dauden pertsona guztiek jateko toki bat izan dezatela», eskatu du.

Jantokira egunero 65 lagun inguru gerturatzen dira. «Baliabide ekonomikorik gabeko pertsonak, sare sozial eta familiarrik gabeko pertsonak, oro har». Helburua desagertzea da eta inork hoilako entitaterik behar ez izatea da. Baina «gaur egun, ez dira baldintzak ematen».

Laba: «Indar eta denbora asko galdu dugu»

Beste esparru batzuetan ere baikor agertzen dira Iruñeko Udalean emandako aldaketarekin. Gaztelu plazan dagoen Laba guneko Iker Tubia eta Yasmine Khris izan dira NAIZ Irratian. Azaldu dutenez, Laba «egonkortze fase» batean dago. «Hasieran arazoak izan genituen Udalarekin», terraza erabiltzeko trabak direla eta. «Urriaz geroztik terraza lortu dugu eta hor fase berri bat hasi da. Jende gehiago dator, gehiagok ezagutzen du».

LABAn azeleragailua zapaltzekotan

Loading player...

Iker Tubia eta Yasmine Khris, Laba guneko kideak.

«Itxaropentsu» agertu da Tubia. «Ikusiko dugu zer ematen du Udal berriak. Aurrekoak oso argi utzi zigun zein zen bere jarrera gurekiko. Indar eta denbora asko galdu dugu. Hobe indar eta gogo hori kultur ekimenetara bideratu. Ea orain hobe lan egiteko aukera dugun».

Khrisek onartu du «auzi politiko hori» ez zutela «aurreikusi» Laba irekitzerakoan. «Terraza izan da gure gai nagusia eta orain espero dugu izan dadila gure eskaintza».

Euskalgintzak nafar hiriburuan bizi duen egoeraz galdetuta, Tubiak «aktibatzeko gogo bat» antzematen du. Horren adibide jarri du ekainean egin zen mobilizazioa. «Laba hor beste aktore bat da. Euskarari espazio bat eman nahi diogu eta hortik egin nahi dugu ekarpena. Publiko berriak erakarri eta euskara normaltasunarekin eta egunerokotasunarekin lotu. Euskaraz kontsumitu, harremandu».

Hori lortzeko zikloak abiatuko dituzte, Khrisek azaldute. Hurrengo astean "ongi etorri Iruñera" antolatuko dute, errefuxiatuak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko. Horren atzetik iritsiko dira kabareta, umore saioak, antiespezismoa, bertsoak... Garai berri bat.

Jaurlaritza Logoa