Zuzenean
Zorionekoak gu. Diskoa kaleratu aurretik aurkeztu baitzigun ‘Erretratu bat’ Ianire Aranzabek. Azaroaren 20an erakutsi eta 24an kaleratu zen diskoa, hamar kantu ederrez jantzitakoa. Nabari zaio taldean landutako abestiak direla, beste buelta bat duela guztiak, baina Aranzabek bakarkako esperimentazioan gauzak egiteari ez dio muzin egin.
Horren adibide nabarmena da ‘Oraindik’ kantua, single moduan etorri zen abestia. Interesgarria den abesti honetan, entzuten den arpegioa da gako nabarmena, eta hori Aranzabek berak sortutakoa da. Hain da ezaugarri berezia, ezen zuzenekoetan mantendu egiten duten soinu zehatz hori ere.
Elektronika eta instrumentu organikoen haria da Esanezinen baitan Ianire Aranzaberen ahotsa. Bereak dira hitzak eta berak baino hobeto inork ezin ditu defendatu, hain berezia duen ahots horrekin. Ez da harritzekoa lehenengoz zuzenean entzuten duen askorentzat sekulako altxorra bilatu izanaren sentsazioa sortzea. Esker onekoa da gainera, abestietan ere erakutsi duenez, bihotzbera eta onbera. Hitzetan erakusten duen hauskortasuna, abestien sendotasunarekin ahazten dugu eta, kantuz kantu, gozagarria da egiten dugun bidaia.
Urtarrilaren 12an emango du datorren kontzertua, Tolosako Bonberenean. Atzetik etorriko dira urtarrilaren 26an Ordiziko Delikatuzeko kontzertua eta otsailaren 24an Legorretako herri antzokian emango dituenak. Gehiago ere izan daitezela.