Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Galder Izagirre
Musikaria

«Banuen halako anfora puskatu bat, piezak itsastea zen zegokidan lana»

Ibilbide luzeko musikaria da Galder Izagirre (Irun, 1974). Dut, Kuraia, Berri Txarrak edota Bazka taldeetan entzun dugu bateria astinduz. Orain, ordea, bakarkako proiektuarekin dator eta ez daki zuzenean zer egingo duen, ‘Esc’ diskoan berak sortu baitu guztia. MusikHaria saioan aurkeztu digo diskoa.

Audio_placeholder

«Banuen halako anfora puskatu bat, piezak itsastea zen zegokidan lana»

Loading player...
Bakarkako bidera pausua emateko ‘Bidegurutzean’ aurkitu zuen bere bidea Galderrek.
Bakarkako bidera pausua emateko ‘Bidegurutzean’ aurkitu zuen bere bidea Galderrek. (G.I.)

Zer moduz zaude Galder?

Ongi, zarata arraroen artean.

Beldurrak ere zarata bihurtzen dira batzuetan.

Bai, eta horiekin bizi gara, horiei aurre egin behar diegu, borrokatu eta beldurrik gabe bizi ahal den neurrian.

Diskoaren irekiera kantua da ‘Beldurrekin batera’, crescendo moduko bat duen abestia. Ahots prozesatua duzu abesti honetan, beldurren zati da hori?

Baten bati beldurra sartu zitzaion ahotsa sartu zen unean, efektua entzun zuen eta «ya estamos» esan zidan. Gero, diskoa osorik entzunda, ohartu zen testuinguruarekin bazuela zentzua ahots prozesatu horrek eta gainerako guztiak ere. Hortaz, hari ere beldurra desagertu zitzaion.

Bakarkako lehendabiziko lana den arren, zenbat disko dituzu kaleratuta zure ibilbidean?

Bada, egia esan ez dut atzera begirada hori egin kontaketan behintzat. Izan daitezke hamalau edo hamabost. Duela 32 edo 33 urte izan zen lehendabiziko grabaketa, orduan jakingo banu, behar bada beldurrekin batera abiatuko nintzateke. Orain, atzera begira, bertigoa ematen baitu.

Bataz bestekoa egiten badugu, kasik bi urtean behin disko bat kaleratzea esan nahi du horrek.

Hori gustatzen zaidan neurria da. Bi urte horietan lokaleko lanetik zuzeneko bira egitera pasatzen zara, bira horrek urte edota urte eta zerbait irauten du eta sormenaren gose hori berriz ere etortzen da. Hortaz, berriz ere lokalean sartu eta kantu berriak egiteko nahia sortzen da, bai niri behintzat. Uste dut bi urteko neurri hori oso ondo dagoela, nahiz eta disko honekin hiru pasa ditudan. Urtea amaitzear zela ikusten nuen, 2024an sartuko ginela eta lau urteko hori oso pisutsua egin zitzaidan. Horrek arrazoia ematen zidan kantu berriak sortzeko eta zaharragoak beste baterako uztekoa, abesti batzuekin denbora gehiegitxo ematea ez baitzait ona iruditzen, nagia hartzera iristen zara, eta, gainera, gero bi urtez zuzenean jo behar dituzula pentsatzen hasten zara eta okerrerako da. Azkenean, sei urte ia hamar kantu berekin pasatzea, oso astuna egiten zait.

Askotan aipatzen da, baina kuriosoa egiten zait oraindik ere disko berri bat atera orduko artistarentzat kantu zaharrak izaten direla.

Erabat. Entzulea zure kantu bakoitzaren zirrikitu bakoitza ezagutzen hasten denerako, hor ibilia zara zu. Hiri berri batean sartzea bezalakoa izaten da disko batean sartzea, ez dituzu kaleak ezagutzen zuk, baina bertako batekin topo egiten baduzu, hark dena ezagutzen du. Bada hori da entzulearen eta artistaren artean gertatzen dena.

Zer izan nahi du beldurrak kenduta Galderrek?

Ni neu, ezta? Azkenean, gure etsairik handiena gu geu garela uste dut eta gure beldur handienak gure barnean garatzen ditugula uste dut. Norbera izatea beldur horiek uxatuta, hobe izaten da edota ideala litzateke.

‘Ilunabarrean’ abestian ikusezinak garela esaten duzu, behin baino gehiagotan gainera, zuk gaur egun horren beldurrik baduzu?

Ez, beldurra baino kontrakoa. Niri ikusezin izatea gustatzen zait eta esposizioa eta protagonismoa saihesten saiatzen naiz. Bateria atze horrek beti babestu izan nau eta ikusezin izatea ez da batere txarra. Baina, norberak ulertuko ditu hitz hauek bere burura.

Argazkilari, zuzendari, bateria-jotzaile… Ezkutuko lan asko egindakoa, tartean ‘Bidegurutzean’ telebista saioan ere bai. ‘Ilunabarrean’ bera ere izan zitekeen saio hortatik ateratako kantua.

Iruditzen zait, gainera, disko honen iturburu nagusia saio horretan dagoela. Berri Txarraken bidea bukatu eta ezbai batean aurkitu nintzen, zer egin nire bizitzarekin. Azken hamarkadan modu profesional batean musikara emana bainintzen eta ia-ia zerotik hasi behar nuen berriz ere. Saio honetan nire bi munduak elkartu ziren, musikaren mundua eta argazkilaritzarena. Saio hauek bukatuta eta hainbeste musikari entzunda, beren prozesu, beldur, arima saltze edo ez saltze eta abarretan, oso atsegina egin zitzaidan artista bakoitzak duen barne mundua zeinen desberdina den. Bakoitzak funtzionatzeko modu oso desberdina du eta beldur hauei aurre egiteko modua ere guztiz desberdina da. Beldur esaten dut, baina disko baten hastapena izan daiteke edo zuzeneko baten aurreko momentu hori non oholtzara igotzera zoazen. Niri hori guztia ikusteak sekulako gogoa sortu zidan nire bidea egiteko eta orduantxe nire ideia batzuk elkartzen eta pilatzen hasita nintzen, argi neukalako ez nuela ez gogorik ez pazientziarik beste musika talde baten zain egoteko.

Eta saio horretan, aipatu dugun kantuan bezalaxe, Joseba Ponce ondoan.

Joseba eta biok institutu garaian ezagutu ginen, nerabe ginela, eta bioi elkartu gintuen musikak eta irudiaren inguruko guztiak. Lehenengo garai horretan gogoan dut hardcorea eta serigrafia zirela gure pasioa. Gogoratzen dut Leninen irudi bat izan zela serigrafiatzen saiatu ginen lehendabizikoa. Bi mundu horietatik abiatu ginen eta elkarrekin jarraitzen dugu hainbeste urte eta gero, eta, egia esan, gozada bat da berarekin lan egitea, oso ondo ulertzen dugulako elkar eta ia-ia hitzik egin gabe, begiradarekin soilik badakigu gutxi gorabehera nondik joko duen bakoitzak.

Bera izan zen zu Delorean batean esertzea erabaki zuena edota zuk nahi zenuen Delorean batean ikusi zure burua?

Bere ideia izan zen, argi ikusi zuelako kotxe batean behar zuela bideoklipak. Aukera asko jarri genituen mahai gainean, baina guztiak zailak iruditzen zitzaizkidan. Hortaz, berari kotxe batean eta motorra piztuta ez zitzaion zerbait konplikatua egiten. Niretzako sekula aukera izan zen noski, kar-kar. Barregarria izan zen guztia, bere semeak, Julenek ere esan ziolako editatzeran ari zelarik berak ere atzeko kotxean egon nahi zuela eta, hartara, bera era chroman grabatu eta sartu dugu hor.

Kraut musikaren zera hori hor dago, baina Kuraiaren ‘Egunsentian’ kantua ere bai, zuk zeuk esplizituki esanda, gainera. Kasik «Uooooo» eta guzti egin dezakegu oihu.

Bai, berez sartzeko aukera dago eta ondo funtzionatzen du, gainera. Aukeren barruan egon zen hori ere sartzea. Ane Garcia Lopezekin aritu nintzen ahotsak lantzen eta, kantu hau entzun eta bigarren aldirako, bera ere ari zen zuk diozun hori abesten. Baina modu sotilago batean egitea politagoa iruditu zitzaidan, nahiz eta akaso zuzenekoetan berreskuratuko ditugun.

‘Orainorainorainoraino’ diozu, baina hor orain, orai, inora, nora, noraino… dena sartzen da. Non kokatu behar dugu gure burua?

Hitz joko horri buelta asko eman dizkiot, «orain, orain, orain» hori bada pixkat «jamón, jamón, jamón» hori bezalaxe. Orain bai, baina noraino egon zaitezke oraina egiten? Zurrunbilo bat ikusten nuen, baina amaitezina izan zitekeela ikusten nuen eta noraino hori eternala. Hartara, nik uste dut bakoitzaren eskuetan dagoela non geratu behar den oraina eta zenbateko iraupena ematen dion orainari.

Delorean batean bidaiatzeak zentzua hartzen duela, alegia.

Hori da eta espiral hori ere denbora eta espazioak lotu ditzakeen zerbait izan daiteke.

Martxel Mariskalenak dira ‘Bilaketan’ kantuko hitzak. Beste bat urte askoan gertu izan duzuna, ezta?

Gertu izan dut lagun bezala eta ni bere zale bezala ere bai. Beti Muganen hitzak idazten zituenetik, Lisabörenak, DUTen bat edo beste ere bai eta ‘Me llamo Ezequiel y así será siempre’ eleberria ere asko disfrutatu nuen. Kasu honetan, testu hori beste mobida batetarako idatzia zeukan eta proiektu hori bertan behera geratu zen, baina testu hori behin eta berriz buruan izan dut azken bost edo sei urte hauetan. Hala, sartu behar nuela sentitzen nuen eta, behar bada, kantu hau izango da hitzak musikaren aurretik egon diren bakarra, paraleloan sortu dira bi gauzak.

Nahikoa esperimentala izan da, ez bada esperimentalena. Bilaketaren parte izan da hori guztia?

Bai. Baso batean ibiltzea eta bertan galtzea bezala da, «el bosque y los emboscados». Badabilen norbaitez hitz egiten du, baina egonean dagoen norbaiten perspektibatik. Zein baino zein da iheslariagoa. Iruditzen zitzaidan musikak halako abiapuntu goxo edo groovelari, hip-hopero, bat izatea, baina, era berean, apurtzea eskatzen zidan eta galbide moduko bat egotea. Galbidea, baina kontzienteki galtzen zaren bidea, gero zure burua topatuko duzula badakizun hori.

Iheslari izateak pixka bat hortik ere badu.

Bai, iheslariak bere burua topatzen baitu bidearen bukaeran. Iruditzen zait hitz hauen testura eta giroa nire ikuspegitik lortu nituela, baina oso subjektiboa da hori, noski.

Erreferentzien inguruan ere egin nahi nizun galdera. Izan duzu ispilu izan denik edota barruan gordetakotik abiatu zara?

Hasieran kontzienteki abia zaitezke eragin batzuetatik, DUT, Kuraia, Berri Txarrak eta abar horietatik, baina ez neukan gogo handirik horietatik jarraitzeko eta atzera begira lan egiteko ere. Eta, beste alde batetik, kuriositatea nuen entzuten dudan musika guzti hori nigan nola distilatzen den ikusteko. Azkenean, kanpora begiratzea baino barrura begiratzea eskatzen zuen galdera horri erantzuna topatzeko. Ez nion kasu handiegirik egin estiloei, baizik eta emozioen loturei begiratzen nien. Gitarra honetatik abiatu eta melodia honetarako bidea nondik nora sortzen den ikusteak harritzen ninduen eta zalantzak sortu ere bai, hori ere bada beldur bat. Zerbait oso biguina sortzen nuenean ukatu egiten nuen nire estiloa izan zitekeenik, kantautore itxurako kantuak ez zirela nireak esaten nion nire buruari eta abar. Baina une bat iristen da non zure buruko globoak zulatzen hasten zaren eta mamu horiek uxatu eta aurrera egiten duzun. Hau da, melodia horrek ireki dizun bideari jarraitzeko erabakia hartzen duzu eta eskutik heldu eta joaten uzten duzu zure burua. Hala hasi nintzen eta geroz eta puxika gutxiago sortzen ziren, horrela aurkitu nuen nire bidea.

Dena zuk jo duzu diskoan, eta instrumentu batzuk badaude.

Dena jo dut, gaur egun elektronikak eta teknologiak ahalbidetzen duelako kale edo bale horretan gehiago aritzea. Hala egin nuen, gehienbat pentsatuz maketa batetarako ideia soil batzuk baino ez zirelakoan, atzetik beste norbaitek hobeto joko zituela pentsatuz. Azkenean, egia da ahalik eta hoberen egiteko saiakera horretan konturatu nintzen entzutearen poderioz akats horiek ez zirela hain inportanteak. Erakutsi nahi nituen ideiak bertan ikusten zirela jabetu nintzen eta arazo tekniko horiek bigarren plano batetara pasa ziren. Mugikorrarekin grabatutako hainbat gauza diskoan bertan geratu dira. Grabatutako hori soinu hobearekin eta medio hobeekin berriz grabatzen saiatzen nintzenean, ez nuen ez atmosfera hori ez arima bera lortzen. Hortaz, horretaz konturatu nintzenerako, jabetu nintzen banuela halako anfora puskatu bat eta egin behar nuena pieza horiek itsastea zela eta ez anphora berri bat egitea. Itsatsitako zati horiekin osatutako anforak, bere inperfekzio guztiekin, edertasun gehiago zuelako. Hala osatu nuen diskoa eta, gerora, horrekin ere kamiseta bat egin nuen.

Grabatutako hori soinu hobearekin eta medio hobeekin berriz grabatzen saiatzen nintzenean, ez nuen ez atmosfera hori ez arima bera lortzen. 

Irudi potentea du azalak.

Enara Bravo, berez tatuatzailea da, eta berak egindako diseinu batzuetan agertzen zen irudi hau. Diskoaren kontzeptuarekin erabat lotzen zela ikusi nuen eta azalaren hauskortasunaren irudia ere etortzen zitzaidan burura, hortaz hark egindako diseinua da kamisetetakoa.

‘Esc’ kantua, diskoari izena ematen diona, BAP! taldearen esaldi bat ere badu gordeta, «Une larrienetan eroena izaten da onena».

Egia esanda, halako egoera batean, behar bada eromen puntu hori eduki behar da, ezin da galdu. Azkenean hitz egiten dut gizartean nola gauden erabat domatuta eta eromen puntu horrek salbatuko gaituela diot. Oso gogoan izan nuen hitzak idazterakoan BAP! taldearen esaldi hau, abesti guztian adierazi nahi nuen hori esaldi bakar batean kontatzen dutelako.

Asko ari da esaten ‘Escape’ teklatuko botoiari lotuta dagoela izen hori.

Bai, ‘Escape’ horren laburpena da ‘Esc’, eta ezkerrean goian jarri dut diskoan teklatuan ere horrela dagoelako. Nolabait ere denok nahiko genuke bizitzan horrelako tekla bat edukitzea, non gauzak larri daudenean, eroena onena izaten den horretan, eskapo egiteko gai izateko. Baina badirudi nik ihes egiteko behar izan dudan tekla hori ere. Dauden zenbait kantu egiteko ezingo nuke eskapo egin eta ‘Enter’ tekla sakatzea gehiago eskatzen zidan beste ezer baino ere. Ispiluari begira, globoak apurtuz eta barruan benetan agertzen ziren gauzei tiraka egin dut aurrera eta, horretarako, eskapo egin baino barrurako bidea egin behar zen.

Ezkerrean goian dago ‘Esc’ eta gaur egun ezkerra goian jarrita egin daiteke akaso eskapo bizi dugun egoeratik.

Egiten duzun irakurketa horretan ez gabiltza oso aparte, ez. Nik behintzat oso garbi daukat, eskuinean eta goian oso gaizki gabiltza.

Kontu hori ere bada makabroa, eta antzeko gai bati heldu diozu ‘Danse macabre’ abestian.

Gizarte mailan dantza makabro batean gabiltza dantzan. Iruditzen zitzaidan denok garela herrenak gizartea den dantza pista labainkor honetan. Nahitaez dantza makabro batean gaude sareetan gabiltzan momentutik pentsatuz guk nahi duguna ikusten dugula. Lau urtean botoa ematearekin, pertsona onak direnei emanagatik ere, uste dugu aldaketarako boterea izango dugula eta hor labaintzen gara. Ustez badugu erabakitzeko ahalmena, baina erabat oker gabiltza, eta hori musikalki kontatu nahi izan dut. Groove dantzagarria du, disko-bolaren argi-itzalak ditu, baina oso iluna da kantua, iluntasuna da nagusi nahiz eta dantza pistan egon.

Abesti honetan ke asko ikusten dut, antro batean kokatzen dut nire burua. Ez dakit zuzenekoetarako halakoak ote dituzun buruan.

Bada, oso ondo azaldu dituzun garito horietan, kez betetako garito ilun horietan. Egia esanda orain hasi naiz horri bueltak ematen, baina nire burua halako giro batean jotzen ikusten dut, non izerdia, kea eta argi-itzal horiek nagusitzen diren.

‘Herrari’ abestia, zeri dago idatzia?

Nire minak hegazkin bateko kutxa beltzean zeudela ikusten nuen, hor gorde nituela nire min guztiak eta hegazkin edota hegazti hori badoa epelerako bidean. Txori herrari bat da, zeinak bere barruan min horiek daramatzan barruan. Minak askatzeko modu bat da.

Soinu batzuk hil kanpai bezala hartu ditut, heriori egindako dei baten moduan. Baina bateriaren soinua ere oso berezia iruditu zait.

Bada, bateria hau mugikorrarekin grabatutako horietako bat da. Kantu hau baxuarekin lotzen dut nik. Instrumentu asko deskubritu ditut jotzearekin batera, baxua bera ere bai, eta jolasean hasi eta berehala atera zen marrazki hau. Ez neukan baxuaren anplifikagailurik eta gitarrarenean oso polita entzuten zen. Izatez mugikorrarekin grabatu nuen hori eta bateria oso mekaniko bat eskatzen zidan abestiak, agertu eta desagertzen zena, hegaldi bat bailitzan. Txori herrariak ere horrela ibiltzen dira. Bada, lokalean jotzen pasa ditudan ordu askotan grabatu egiten dut, mugikorra beti toki berean jartzen dut badakidalako soinu txukuna hartzen duela eta jo ere horrela jotzen dut. Hortaz, bateria hau horrela grabatu nuen eta hasiera-hasieratik gutxien ukitu dudan kantua izan da hau.

Estudiora ere pasa dituzu hauek guztiak. Ibili da Aitor Etxebarria batetik eta Iñigo Etxarri ere bai bestetik. Nolakoa izan da prozesu hau guztia?

Hasiera batean Aitor Etxebarria eta Txufo Wilsonekin hasi nintzen Bilboko estudioan, baina, egia esan oso zaila zen gure agendatan behar bezain beste denbora hartzea hau guztia egiteko. Aitor bi telesailen soinu banda egiten zebilen, Txufo ere bere talde eta proiektuekin zebilen… Hortaz, ideia politak sortzen ari ginen arren, ezinezkoa zen diskoa bertan bukatzea, sesiotik sesiora denbora tarte zabalak zirelako eta diskoa dispertsatu egiten zelako. Abuztuan ezinezkoa zen diskoa bertan bukatu eta, ordurako, Iñigo Etxarrirekin ahotsaren froga batzuk egiten hasia nintzen In Estudioan. Egia esanda, bedeinkapena izan zen Iñigo agertzea bapatean hor, gogoz, sekulako ilusioarekin eta pasioarekin. Eta pasioa duen norbaitekin lan egitea ia-ia bidearen herena eginda izatea da. Etxarri teknikari oso ona da, musikari bezala ere bai eta belarri oso fina dauka. Horrez gainera, oso azkarra da edizioan eta teknologiaren eta plug-inen ezagutza sekulakoa da. Hortaz, bere egitekoa buruan neukan hori bere eskuekin soinuetara pasatzea izan da. Hor kontzentratu ginen abuztuko beroaldian eta, egia esanda, plazer bat izan da eta asko zor diot berari.

Egia esanda, bedeinkapena izan zen Iñigo agertzea bapatean hor, gogoz, sekulako ilusioarekin eta pasioarekin. Eta pasioa duen norbaitekin lan egitea ia-ia bidearen herena eginda izatea da.

Berri Txarraken esaldia gogora ekarriz, «pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori».

Esaldi horrek sekulako pisua dauka, horrela delako. Askotan nahiago dut pasioak jota dagoen norbait edukitzea ondoan, munduko onena gogorik gabe edota %100ean ez dagoela eduki baino. Iñigori nahi duzuna azaldu eta pare bat ideia erakutsita, segituan harrapatzen du zer nahi duzu eta barneratu egiten du kontzeptua, bere egiten du, bere burua eta behatzak martxan jarriz.

Esan duzun hori guztia entzunda, argi geratzen zait zuk nahiago duzula hozkatu, hozkatua izan baino. ‘Izotz zuriaren azpian’ kantuaz ari naiz.

Bai, dudarik gabe. Egia da letra honek interpretazio desberdinak dituela. Idatzi nuen unean medioetan entzun nuen esaldi bat neukan buruan, aldaketa klimatikoaren harira, dagoeneko aldaketarako leihoa itxi zaigula. Gure belaunaldia libratuko da, hurrengoak sufrituko du eta geroz eta gehiago. Geldiezina da. Eta iruditu zitzaidan gizakiak gure etxea den hau zaindu eta babesteko moduak horrela izan beharko lukeela, oraindik ere bai, baina lehenagotik hozkatu behar geniola uste dut arazo honi. Dagoeneko gu gara hozkatuak.

Ahotsa oso modu berezian tratatu duzu hemen, moztuta bezala entzuten da efektuez harago.

Hemen ahotsarekin jolasten saiatu nintzen, oldarkorragoa bilakatu nahi nuen, gaiak eta hozkadak hori eskatzen zidalako. Ez nuen ezer samurrik nahi, bere inperfekzio, hots, zarata eta guzti horrekin nahi nuen. Erabat moztuta, hozkadaren indar hori adierazteko. Hitzak eta interpretazioa irekia izatea ere gustatzen zait eta kantu honen hitzak aldaketa klimatikoaren inguruan badoaz ere, faxismoari hozkada egin behar zaiola esan nahi izan dut. Aldaketa klimatikoa bezalaxe, ikusten dugu faxismoaren hozkada badatorrela berriro, eta oraingoan guri dagokigu hozka egitea haiek gu hozkatu aurretik.

Faxismoaren ondorioetako bat ere bada ‘Hezur eta oroiminak’ kantuan aipatzen duzun Mediterraneoko drama guztia. Zarzisen, Tunisian, izandako drama aipatzen da eta zuk Lesbosen ere ikusi duzu hori guztia lehen pertsonan ‘Kikarakada’ proiektuarekin.

Ni lekuko izan naiz baina oso hein txiki batean. Kantukoa Tunisian gertatzen da, Chamseddine Marzoukek bere eskuekin jaso zituen itsasotik iristen ziren gorpuak eta berak hiloberatzen zituen, zabortegi zahar batean. Ezezagunen hilerria deitu zion tokiari, hobiratzen zituenen izen abizenik ez dakigulako. ‘Bidasoa’ dokumentala aipatzeko baliatu nahiko nuke tartea, sekulako miresmena eta esker ona sortu didalako Bidasoa ibaian hildako horiei egindako jarraipenagatik, beren izen-abizenak berreskuratu dira, nondik zetozen eta Bidasoan hil aurretik zer ibilbide egin zuten jakin ahal izan dugu dokumentala egin dutenei esker. Bidasoa, Zarzis, Lesbos eta beste hainbat izen eta dantzaleku makabro daude munduan. Mediterraneoan gertatzen ari denari omenaldi moduko bat eta salaketa bat izan nahi zuen abestia sortu nuen, faxismoa hor dagoelako. ‘Tonto útil’ deitzen zaien horiei begira gauden bitartean, fokua horiengan jartzen dugun bitartean, izan VOX edota denalakoa, faxismoak egiturak eraikitzen ari da gure azpian, hozka egiten digun oinarri eta sistema ezartzen ari da, eta hori da itsasoan ere topatzen dena, tamalez.

Aipatu dituzun tentel erabilgarri horiek ere zarata dira. Eta keinu sinpleak, berriz, Chamseddine Marzoukena edota Bidasoa dokumentala egin dutenena. Hau diot, ‘Zarataren artean’ kantuan, ondokoari egindako keinu sinple baten garrantzia nabarmentzen duzulako.

Bai, egia esanda beti nahi izan diet ingurukoei eta maite ditudanei omenaldi bat. Honek ere irakurketa zabalagoa izan dezake, keinu edota tanta bakoitzak sortzen duelako uholdea edota itsasoa bera. Hemen modu sinplean eta denbora eskasean lortu nuen nahi hori, maite ditudan horiei hitz gutxitan adieraztea ondoan izango nautela.

Marimba bat, adarra dirudien zerbait, sokak, gitarra akustikoa, txaloak, euria… denetarik entzuten da hemen.

Kantu hau kontzeptuala da. Hemen momentu solemne bat sortu nahi nuen, Arriagan, Kursaalen edota nahi duzun toki dotore eta handi batean, non orkestra guztia une horretarako prestatzen ari den artista nagusia hartzeko. Artista hori ateratzen denean oholtzara, txaloak eta abar entzuten dira, baina artista ez naiz ni, baizik eta maite ditugun lagun eta senide horiek dira oholtzara irteteten direnak. Musika hastean bai, hor banaiz ni, ni naiz maite ditudala esaten duena, baina oholtzaren azpiko aldetik, noski.

Diskoa ixten duen kantua, ‘Ephemeroptera’, euskaraz maiatz eulia da. Horrek asko esaten du efimero izatearen inguruan. Outro moduko bat da, eta, nola diren gauzak, badoan trenaren soinua entzuten dut perkusioan.

Ez nuen halakorik burua eta eskertzen dizut irakurketa, hemendik aurrera esango dudana baino askoz ere politagoa izan delako zure adierazpena, kar-kar. Hemen, ‘Herrari’ kantuan bezala, erritmoa agertu eta desagertzen zerbait izatea nahi nuen, uneoro mugimenduan dagoenaren sentsazioa emanaz. Diskoa bidea egiteko beldur horiek borrokatzeaz hitz egiten hasten da eta bukatu, berriz, denboraren neurketa bat eginaz non konturatzen garen gure bizitza unibertsoko espazio-denbora tarte horretan ephemeroptera bat garen. Intsektu horrek, guk amaren barruan pasatzen dugun bezalaxe, bizitzara etortzeko prozesu hori dena pasatzen du egun bakarra bizi ahal izateko. Egun bakar hori eternala balitz bezala bizi dutela iruditzen zait, oraina uneoro biziz. Eta, gure bizitza ez da askoz ere luzeagoa, diodan espazio honetan guztian.

Emakume bilutsi bat ageri da azalean, bular bat falta duena. Eta, hutsune horretan, ‘Galder’ idatzi duzu, tipografia nahikoa elektrikoan. Nondik etorri da ideia?

Azala zakarretan jasotako koadro bat da, Donostian, erori zen une horretan galdu zuen bularra. Jaso nuenean lanerako mahaian jarri nuen eta ez nion gaur duen garrantziarik eman, baizik eta koadro eder bat iruditu zitzaidan, besterik gabe. Denboraren poderioz, barneko gatazka eta poz guztietan presente egon da koadro hori mahaiaren gainean. Gauza ederrenekin askotan gertatzen den bezala, begien parean neukan eta ez nintzen konturatu koadroak behar zuela azala. Ez diseinuz dotorea zelako soilik, baizik eta diskoaren ibilbidearekin erabateko zentzua zuelako. Artistikoki, diseinurako letra txikien bila ibili nintzen, margo-lanarekin batera joateko, baina konturatu nintzen, hirugarren kantuarekin bezalaxe, harmonia hori puskatzea eskatzen zidala. Hutsune hori modu klasikoan tratatu ordez, bizi berri bat eman nahi nion, disko honek eskatzen zidan haustura bezalaxe. Letra mota Slayer, Suicidal Tendencies… thrash munduko letratan oinarritzen da, kontrakotik abiatu nintzelako eta honekin dena apurtzen nuelako. Eskerrak momentu hori eduki nuen.

Koadroaren jaberik ez da azaldu oraindik, ezta?

Ez da azaldu eta nahiko nuke nire bizitzako uneren batean norbaitek esatea koadro hori bere etxekoa zela, edota nor den koadrokoa edota nor zen margotu duena. Gauza asko ditu esateko eta galdera asko sortu dizkit honek. Donostian topatu nuen esanda bezala, ez nire inguruan, bestela bizilagunei begira eta horrela hasiko nintzatekeen. Baina nire ingurunetik kanpora zegoenez, galderak ere handiagoak izan dira.

Zuzenekoei begira esan duzu ez dakizula zer joko duzun, baina noiz izango dira edo aurreikusten dira?

Udara aldera etorriko direla esango nuke. Prest gaudela sentitzen dudanean, hobeto esanda. Lan asko dago egiteko, zuzenekoetan ez dut diskoa erreproduzitu nahi, pausu bat harago joan nahi dut. Era berean, hogeita hamabi minutuko disko bat da eta zerbait gehiago prestatu nahiko nuke zuzenekorako. Lan asko dut egiteko, taldea osatzen, lokal baten bila eta diskoa desglosatu eta berrikasten. Eta, egia esanda, ez dakit nola izango den guztia. Nahiko nuke argi erantzuten, baina une honetan ez dakit non kokatu. Bai gustura nagoen tokietan izan dadila, dibertitzen naizen tokietan. Etor dadila etorri beharrekoa.

Jaurlaritza Logoa