Zuzenean
«Bada garaia hauteskundeak deitu eta urrats berriak gehiengo berriekin emateko»
‘Etorkizuna gara’ lelopean ekitaldia egin zuen igandean EH Bilduk. Maddalen Iriartek koalizioa galdera berriei erantzun berriak emateko prest dagoela adierazi du. Zentzu horretan, Pello Otxandianoren dohainak azpimarratu ditu: umiltasuna, adostasunak lortzeko gaitasuna eta inteligentzia.
«Bada garaia hauteskundeak deitu eta urrats berriak gehiengo berriekin emateko»
Datarik zehaztua ez dagoen arren, gero eta gertuago dira EAEko hauteskundeak. EH Bilduren Mahai Politikoak bere hautagaia zein den jakinarazi du: Pello Otxandiano. Militantziak erabaki hori berresteko zain, lehen aldiz hartu du hitza izendapenaz geroztik igande honetan Otxandianok, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Maddalen Iriarte bina aldiz izan da EAEko lehendakarigaia. Orain, EH Bilduko Gipuzkoako bozeramalea da. Otxandianorena hautagaitza «bikaina» dela dio: «Gizon argia da, asko daki herri honentzat garrantzitsuak eta ezinbesteak diren ildoak eraldatzen hasteko eta hitza ematen dakien pertsona da» Osasungintza, hezkuntza, trantsizio energetikoa... Erronka asko parez pare direla dio Iriartek. Horiei erantzuteko gaitasuna da, Iriarteren hitzetan, Mahai Politikoak Otxandianorengan balioan jarritako dohain nagusia.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jauzi handien beharra dagoela dio Iriartek: osasungintzaren gainbehera edota Hezkuntza Lege berriaren hutsuneak aipatu ditu, baina baita erronka berriak ere, trantsizio ekosoziala kasu. Zaila izango dela ezkutatu gabe, EH Bilduk horiei heltzeko formula duela azaldu du: parte-hartzea. Trantsizioa ez dela «paper gainean eta soilik instituzioetan egiten» azpimarratu du, eta herritarren parte-hartzearen garrantzia jarri du mahai gainean.
Agortutako legegintzaldia
Amaitzear da legegintzaldia EAEn, baina Lakuako Gobernuak hainbat lege ditu oraindik onartzeko. Hiru herrialdeak, ordea, kanpainaurre giroan murgilduta daude honez gero.
Maddalen Iriartek nabarmendu du legegintzaldi honek EAJ eta PSEren gehiengoarekin egin duela aurrera, baina egungo erronkek adostasun zabalagoen beharra dutela. Haren ustetan hauteskundeak deitzeko unea da, «egoera berritzeko eta eman beharreko urrats eta erantzun berriak sortzen diren gehiengo berrien arabera emateko».
Iruñea zein Gernikan, aukera berriak
Iruñeko zentsura mozioak ordura arte jorratu gabeko bidea zabaldu lezake, PSNk EH Bilduren mozioa babestuko baitu hiri buruzagian. Iriartek azaldu du UPNren politikek eragin handia izan dutela horretan, Cristina Ibarrola ez baitzen iruindarren beharrei erantzuten ari, baina lortutako adostasuna aurreko legegintzalditik egindako lanaren uzta dela. «Iruñeak asko irabaziko du».
Gernikan ere gertu dago Jose Maria Gorroño alkatetzatik kendu eta EH Bilduk aginte makila hartzea ahalbidetuko lukeen zentsura mozioa. Herria paralisian dagoela eta EAJk sinatzea besterik ez dela falta dio Iriartek; jeltzaleek aurreko astean horretarako prestutasuna zutela gaineratu du.
«EH Bildu oso eskuzabala izan da»
Aurrekontuak dira, foru aldundiei dagokionez, agendaren erdigunean dauden pisuzko elementua. Gipuzkoan Elkarrekin Gipuzkoak uko egin dio negoziatzen jarraitzeari eta PPk espektatibak bete ez direla dio. Maddalen Iriartek azpimarratu du Gobernuak egindako proposamena ez dela modu parte-hartzailean osatu.
Akordioak erraztera bidean, EH Bilduk ez du osoko zuzenketarik aurkeztu. Bere proposamen propioa egin du Gipuzkoarako, epe ertain eta luzeari begira. Bost ardatz jorratzen ditu eta planteamendu «globala» da: zaintza, mugikortasuna, industria, euskara eta inflazioari aurre egiteko neurriak mahaigaineratu dituzte. Pilota orain, Gobernuaren teilatuan dagoela dio Iriartek.