Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Azkena Rock Festivalen izango diren lehen taldeen errepasoa Izkander Fernandezen eskutik

Duela aste batzuk Izkander Fernandezi galdera luzatu genion ea Azkena Rock jaialdiko lehen izenak noiz jakingo genituen esanaz eta dagoeneko badugu horren erantzuna. Hartara, 2024ko jaialdiko lau izen ekarri dizkigu aurreko osteguneko tartera.

Audio_placeholder

Azkena Rock Festivalen izango diren lehen taldeen errepasoa Izkander Fernandezen eskutik

Loading player...
Queens Of The Stone Age taldeko Josh Homme 2011ko Azkena Rock Festival jaialdian.
Queens Of The Stone Age taldeko Josh Homme 2011ko Azkena Rock Festival jaialdian. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Iaz, Last Tour International enpresakoak eta artista asko zeuden hotelean nintzen kasualitatez eta bertan Queens Of The Stone Age taldearen izena aipatua izan zen, diskoa kaleratu zuten egun haietan eta 2024rako lotuta zeudela entzun nuen, eta, antza, egia da. Askotan ez dakizu halako zerbait entzutean egia den edo ez, baina oraingoan bai», hasi du tartea lemoaztarrak.

Oraindik kartelbururen bat falta dela aipatu diogu Izkanderri eta berak Weezer eta Smashing Pumpkins taldeak aipatu ditu posibleen artean: «Smashing Pumpkinsen bira bat bada hortik, Weezer taldearekin egingo duena eta kontaktuak aurretik ere eginda badaude. Lehendabizikoak Azkena Rocken jotakoak dira eta Weezerrek BBK Liven ere bai, hortaz ikusi beharko dugu, Last Tour badelako halako taldeak errepikatzeko zalea. Baina, bestalde, askotan ebidenteena dirudiena ez dute egiten eta horren adibide da Neil Young oraindik ere ez dela etorri».

Arde Bogotá - Clávame tus palabras

BBK Live goizaldeko 2:00etan aritu zen azken BBK LIven, Txiki oholtzan eta sekulako jendetza elkartu zen, hortaz, ez da harritzeko urtebete azpitik errepikatzearena: «Astelehen batekin jakin genituen lehen izenak eta Arde Bogotá asteartean entzun nuen lehenengoz. ‘Cowboys de la A3’ entzun nuen pare bat aldiz eta, alde batetik interesgarria egin zitzaidan, baina, bestetik galdu egiten nintzen pixka bat. Seiurteko Jokin Elortzarekin noizbait aipatu izan dut gitarrak zerbait estetikoa bihurtzen ari zirela, ez irudietan, baizik eta soinuan ere bai eta esango nuke talde honetan hori oso agerian geratzen da. Gitarrak erabiltzen dituen talde bat da, beren bihotzetan egongo dira eta maite dituzten taldeak ere hortik mugituko dira, baina diskoan ez du muskulorik gitarren munduak. Hori bai, diskoa oso ondo dago nahiz eta agian ez den niretzako. Azkena Rock Festival bezalako jaialdi batetarako akaso gitarrak hori behar du, muskulo gehiago, baina gisa honetako taldeak nazioartean geroz eta arrakasta gehiago edukitzen ari dira gisa honetako taldeak».

Sheryl Crow - Home

Rock & Roll Hall Of Famean sartu berritan aurkeztu dute artista estatubatuarra datorren urteko Azken Rock Festivaleko kartelburu bezala: «Oraindik ere artista garrantzitsua da Estatu Batuetan eta bere zaleak izango ditu bertan. Hango kulturan Hall of Famean sartzea garrantzitsua da eta, han ezagutzen ez duten arren, Azkena Rock Festival bada Europa mailan halako rockaren Hall Of Fame txiki bat, zeozergatik aukeratzen direlako eta zerbaitegatik etortzen direla. Americana, countrya edota hango pop-rockaren bueltan dabil egun, baina Michael Jacksonen koroak egiten hasi zen musikan modu profesionalean. Lehen diskoa 1993an atera zuen eta bideoklip sorta itzela kaleratu zuen, ni, ordea, 1996ko disko homonimoarekin geratzen naiz, countrya eta americanak pisu gehiago zuelako lan horretan. Gero, egiari zor, ez nion gehiegi jarraitu pista eta 2002ko ‘Come on, come on’ da etxean dudan bere azken diskoa. Auskalo zer nolako talde puska duen berarekin eta kalitateko kontzertua ziurtatua dugula esango nuke, eta, esango nuke Euskal Herrian lehenengo aldiz joko duela».

∏.L.T. - Automatak bezala

Sorpresan harrapatu gaitu Mungiako taldea kartelean agertzeak, baina Izkanderrek argitu digu hori guztia: «Ez gara kontziente baina 90etan ∏.L.T. talde nahikoa handia izan zela Espainian eta, esaterako, Murtzian sold out kartelak zintzilikatzeko gai ziren 500 pertsonako areto batean, eta, kontzertuetan, jendea beren abestiak kantatuz hasten zen. Garaiari aurrea hartuta ibili zen taldea zen bizkaitarra eta ez Euskal Herrian soilik, Radio 3eko kontzertuetan ere agertu zirenean halako zerbait gertatu zen eta asko miretsi izan zituzten Madril aldetik ere. Euskal Herriko musikaren mahaian aurretik aipatzen ez ziren Nine Inch Nails edota Faith No More bezalako taldeak jarri zituzten, haiei esker ezagutu genituen hein batean. Diskografia oso zabala dute, abentura polita da bertan sartzea eta gaur egun ekoiztuko balitz ‘Denbora’ diskoa, hautatu dudan abestia bertakoa da, bestelako emaitza bat eskuratuko genuke, beste sakontasun batekin ekoitziko zelako, baina hau da garaiko tresnekin ateratako argazkia».

Queens Of The Stone Age - Auto Pilot

Iazko Azkena Rock Festival martxan zela kaleratu zuen azken diskoa talde estatubatuarrak eta Azkenako zaleen artean asko aipatu zen hori: «Esan dudan moduan zurrumurrua zabaldu zen iaz eta bete egin da esames hura. Talde beteranoa da, Kyuss taldetik datorrena eta aurreko mendearen bukaeran martxan jarri zena. 2002an kaleratu zuten ’Songs for the Deaf’ diskoa mende honetako diskorik arrakastatsuena eta handiena da eta hori ez dudala gogoko, baina egia da taldeak arriskatu egin zuela, lana egin zutela eta ondo atera zitzaiela. Gakoa da mende honetako rocka ulertzeko eta gerora ibilbide borobila landu dute, nahiz eta azken bi disko hauetan galduta dabiltzala iruditzen zaidan, zale sutsuenek gorrotatuko nauten arren. Hiruzpalau disko bikain dituzte, gaur egungo gitarren eredua izan da eta bereziki Euskal Herrian ere baietz esango nuke, stoner munduan zer esanik ez. Harritzen nau nik baino 10 urte gutxiago dituztenekin hitz egiten dudanean, Kyuss ez dutela ezagutzen eta Queens Of The Stone Age maite dutela jakiteak. Baina beno, izugarria da hirugarrenez Gasteizen ikusteko aukera izango dugula, bazirudienean jaialdiak halako fitxaketa bat egitea ezinezkoa zela. Ikusi beharko da zer nolako esklusibitatea duten gainerako jaialdiekin eta abar, baina kanpotik jende asko etorriko dela aurreikusten dut».

Jaurlaritza Logoa