Zuzenean

NAIZ Irratia

«Googleen bilaketetan euskararen erakusgarritasuna %50etik %73ra hazi da»

Euskarak, ikusgarritasuna berreskuratu du Googleen bilaketetan. PuntuEUS fundazioak uztailean salatu zuen gutxiago erakusten zirela euskarazko emaitzak, baina badirudi egoera zuzendu egin dela. Josu Waliño, PuntuEUS fundazioko zuzendariak, euskarazko emaitzak %50etik %73ra igo direla adierazi du.

Audio_placeholder

«Googleen bilaketetan euskararen erakusgarritasuna %50etik %73ra hazi da»

Loading player...
Josu Waliño
Josu Waliño (FOKU)

Google-en burutzen diren bilaketetan euskarak ikusgarritasuna berreskuratu du PuntuEUS fundazioak uztailean gutxiago erakusten zirela salatu ostean. Bilatzailea aztertu ondoren, euskarazko emaitzen kopurua %50etik %73ra hazi da.

Izan ere, PuntuEUS fundazioak argitara eraman zuen Google bilatzaileak burutzen zuen euskarazko emaitzen ezkutaketa. Orain badirudi algoritmoak aldatu egin direla, euskarazko web-edukien ikusgarritasuna nabarmen hobetuz.

Josu Waliño PuntuEUS fundazioko idazkari nagusiak azaldu duenez, ez dute Googlerekin hartu eman zuzenik izan eta hainbat faktorerekin lotzen du aldaketa: «Katalanek egoera salatu zuten guk baino lehen, gainera aliantza digital izeneko lantalde bat sortu zuten, Generalitatea eta hainbat eragile inplikatuz, eta hor egon zen lehen harreman bat Googlerekin».

Ondoren etorri zen haien salaketa eta indarrak batzea ezinbestekoa izan dela deritzo. «Onartu zuten arazo bat zela eta ez zela nahita eragindakoa», eta borondatea ikusi zuen Waliñok adierazpenotan. Googleren algoritmoa erabat sekretua dela azaldu du PuntuEUSeko idazkari nagusiak eta, beraz, ez dagoela zehazki jakiterik zein faktorek eragiten dioten.

Waliñoren esanetan «Google-k erabateko monopolioa du bilaketetan» eta hortaz adierazi du hizkuntza batek duen erakusgarritasunak, hizkuntzaren kontsumo digitalalean eta erabiltzaileon jokabidean eragin handia izan dezakeela, hizkuntza beraren etorkizuna baldintzatuz. Horren adibide da «beste zerbaitetarako» egin duten aldaketa teknikoak euskararen eta beste zenbait hizkuntzaren ikusgarritasunean izan duen eragina.

Egin duten azterketak bi fase izan behar zituen, baina zuzenketa egin dela ikusita, lehenean geratu dira. «Sinplea da, guk hautatu dugu termino neutro zerrenda bat, kontuan izanda edukia euskaraz zein gazteleraz paretsu daukatela interneten» eta ikusi dute bilaketa eginda zein hizkuntza lehenesten duen Googlek. Horretarako, konfigurazio guztia euskaraz duten ordenagailuak erabili dituzte, bilatzailea euskalduna eta Euskal Herritarra dela argi gera dadin.

Erantzunagatik pozik

Uztailean egin zuten azterketaren emaitzek azaleratu zuten kasuen %50ean erdaraz ematen zituela Googlek lehen emaitzak. Wikipedian, ordea, %45ean baino ez zuen euskara lehenesten.

Hala ere, pozik agertu da bilatzaileak salatutako arazoari emandako erantzunagatik, ez baitzuten horrelako azkartasunik espero: «Ez da erraza Googlerekin lan egitea». Gainera, egiaztatu ahal izan dute benetan konpondu dutela, uztaileko termino berekin egin baitute azterketa eta emaitzak bestelakoak izan dira: «Lehen %50 zena orain %73 da, eta Wikipediaren kasuan, %45 zena %80 da».

Laburbilduz, algoritmoetan buruturiko aldaketen harira Josu Waliñok «balorazio positiboa» egiten du. Izan ere, bere hitzetan «euskarak ikusgarritasuna berreskuratu du Google-ko bilaketetan».

Jaurlaritza Logoa