Zuzenean

Bigarren Kafea

Doinuetatik Haratago | Arkaitz Villar

Arkaitz Villar izan da aste honetako 'Doinuetatik Haratago' tarteko gonbidatua. Bere abesti kuttunen zerrenda osatu digu, entzule gisa musikarekin duen harremana deskribatuz. Musika Bulegoan lanean aritzen da Arkaitz, musika munduaren barneak kudeatuz eta bizi osoa darama talde berriak ezagutzen.

Audio_placeholder

Doinuetatik Haratago | Arkaitz Villar

Loading player...
Arkaitz Villar elkarrizketatu dugu Doinuetatik Haratago tartean
Arkaitz Villar elkarrizketatu dugu Doinuetatik Haratago tartean (Arkaitz Villar)

Lehen kantu kuttun gisa, Negu Gorriak talde ezagunaren 'Radio Rahim' abestia aukeratu du Arkaitzek, bere hitzetan, «Asko maite dudan talde eta disko bat». Aski ezaguna da kantu hau, baina Arkaitzengan badu iraganeko txoko oso konkretu batera eramaten duen zerbait. «Goñin igaro genuen udaleku batera narama, bertan kuadrilako batzuk playback eginez kantatzen genuen kantu hau, hor deskubritu genuen». Ostera ere izan zuen bere herrian Negur Gorriak taldearen zuzenekoaz gozatzeko aukera. «Geroago, Oñatira etorri ziren kontzertu bat ematera eta nire bizitzako lehen kontzertua edo izan zen, ahaztezina».

Bigarren kantu kuttun gisan Anariren 'Minaren funtsa' ekarri nahi izan du gurera. 1997. urtean kaleratu zuen Anarik estreineko diska eta Arkaitzek oroitzapen argiak ditu, «Bere garaian asko entzun nuen disko hau eta kantu honek bereziki barruak asko mugitu zizkidala oroitzen dut». Gerora ere bidelagun izan du Anari Arkaitzek. «Gerora, lan kontuengatik promotora batean lan egin eta gogoan dut Anari, Lisabo eta Dut taldeekin egindako bira bat, eta asko markatu ninduen bira horrek, hor barnean daukat nonbait Anari, ibilbide guztian alboan izan dut eta baita bizitzan egunerokoan ere».

Hirugarren kantu kuttun gisa Fugazi taldearen 'The waiting room' kantua ekarri nahi izan digu, kantu aski ezaguna eszena alternatiboan. «Gure belaunaldian ereserki moduko bat izan zen, eta gaur egun ere mugimendu alternatiboan hala dela uste dut, gu behintzat, asko markatu gintuen». Aski ezaguna da Fugazi taldean eta Arkaitzek aipatu digu, bere garaian, Euskal herrian ikusteko aukera izan zuela. Diskoetxeen garaia zen hura eta aipamen bat ere egin nahi izan du Arkaitzek. «Dischord diskoetxeak garai hartan zuen indarra ere aipatzekoa da, talde hau eta beste askoren oinarri izan zen eta gure belaunaldia nola markatu zuen erakusten du».

Azken kantu gisa Cancer moon taldearen 'Ramblibn' aukeratu du Arkaitzek «90. hamarkadan kaleratutako lana gurera, Oñatira, beranduago iritsi zen, eta gogoan dut kontzertu bat antolatu geniela». Gauzak nola diren, gaur egungo aro digitalean ez litzake inoiz emango Arkaitzi talde honekin pasa zitzaion istorio kurioso hau. «Taldekide bati eskatu nion deskatalogatuta zuten diskoa ea nola lor nezakeen eta berak casette batean grabatu zidan diskoa, eta pila bat gustatu zitzaidan». Psikodelia, noise eta rock estiloak nahasten dituen taldea da Cancer moon, eta Arkaitzek argi du zergatik dituen horren gustoko. «Disko gordina eta energiaz betetakoa da».

 

Jaurlaritza Logoa