Zuzenean

Naiz Irratia
Elkarrizketa
Joseba Asiron
EH Bilduko Iruñeko alkategaia

«EH Bildurenganako betoarekin hasten dira eskuinaren aukerak Udal Gobernura iristeko»

Joseba Asiron EH Bilduko Iruñeko alkatetzarako hautagaiak PSNren betoa eta blokeoa kritikatu ditu. Eta gaineratu du koalizio subiranistaren jarrerak argia izaten jarraitzen duela: indar progresisten batasunaren alde egingo du, eskuinak gobernatu ez dezan.

Audio_placeholder

«EH Bildurenganako betoarekin hasten dira eskuinaren aukerak Udal Gobernura iristeko»

Loading player...
Joseba Asiron maiatzaren 28ko gauean
Joseba Asiron maiatzaren 28ko gauean (FOKU)

Hauteskunde osteko agertokiak agerikoa egin du maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan EH Bilduk lehen indarra izateko zuen beharra. Iruñean gertu ibili da Joseba Asiron, 2.800 bozkagatik gutxi gora-behera ez da  lehen indarra izan eta 700 bozka inguruko langagatik ez dira bederatzigarren zinegotzia eskuratzera iritsi. Gertu beraz, baina ez nahikoa. Matematikek ematen dute, baina PSNren babesa behar du Asironek. Eta momentuz, Elma Saizen jarrera ezezkoa da. Ordezkatuak izango diren talde guztiekin bildu da. Jarrera malguago agertu dute Geroa Baik eta Contigo-Zurekin Nafarroak. PSNrekin baina, jarrera zurrunarekin egin dute topo: «blokeoa eta betoa». Asironek Saizen erantzukizun falta azpimarratu du. 

EH Bilduk harriduraz ikusten du PSNk blokeoa justifikatzeko erabiltzen dituen argudioak; Asironek azaldu du aurreko legegintzaldiko gobernu-erabakiak izan zirela. Zergatik orduan beto partikularra? Geroa Bairekin bestelakoak dira harremanak. Dagoeneko bitan bildu dira Koldo Martinez buru duen taldearekin. Asironek azaldu du Martinezek haien bi bozkak «indar aurrerakoi bozkatuenarentzat» izango direla adierazi diela «behin eta berriro».

Contigo-Zurekin Nafarroarekin ere ekin diote elkarrizketari. Jarrera arduratsua egotzi dio koalizioari: «haiek ere ulertzen dute gure jarrera zein den; hau da, PSNri baldin badagokio Nafar Gobernuan negoziazioak lideratzea lehen indarra izan direlako, logikoena dela Iruñeko udaletxean guk egitea hori». 

Udaleko zein Parlamentuko blokeo egoera ikusita, aukeretako bat Nafar Gobernuaren eraketa uztailaren 23ko hitzordu elektorala igaro ostera atzeratzea izan liteke. Testuinguru horretan Asironek ez daki EH Bilduri ezarritako betoak zein iraupen izan dezakeen, baina argi duena da negozioazioei begira ez dela batere abiapuntu ona: «EH Bildu betatzen eta blokeatzen dugunean, hor hasten dira eskuinaren aukerak gobernatzeko» .

PSNren jarreraren ondorio izan daiteke, beraz, UPNk eskuratzea Iruñeko alkatetza. Herritarrek nekez ulertuko luketela uste du Asironek: «begietara begiratu beharko diegu eta esan lau urte gehiago egon beharko dutela Enrique Mayaren itsurako gobernu batekin, Ibarrola eta Adanero jaunekin gainera».

U23: Hazten jarraitzeko asmoz

Uztailaren 23ko hauteskudeetarako hautagaitza bateratua eratzeko ERC-EH Bildu akordioaz galdetuta, erabakia positibotzat jo du eta orain artean erdietsitako adostasunen norabide berean kokatu du honakoa. Haren ustetan lortutako emaitza onek erakusten dute EH Bilduren azken hauteskundetako igoera ez direla zerbait behin-behinekoa, estrukturala baizik. Joera hori «arrazoi soziologikoetan» oinarritzen dela uste du alkategaiak eta gaineratu du itxaropentsu begiratzen diola horri.

Kanpainaurreko tira-biren ostean, UPN eta PPren arteko azken gerturatzeak ez du sorpresaz harrapatu Asiron. Navarra Suma osatzeko akordioa ekarri du gogora eta helburu bakarra zuela azaldu: aginteari eustea. «Ezkerrean ideologiak ditugu eta horrek jotzen du dibersifikaziora. Eskuinak ez du ideologiarik, interesak baizik, eta horiek elkartzera jotzen dute».

Jaurlaritza Logoa