Zuzenean
«Euskarak berak ez badu ez legerik edota hori arautuko duen estatu propiorik, galbidea da»
‘Hitzño bat erran eta, banua berhala’, horrela deitzen da Olatz Zugastiren lanik berriena. Zalantzati tituluan, sendo abestietako mezuetan eta fresko doinuetan; horrela laburtu genezake bere ibilbideko zazpigarren diskoa. MusikHaria saioan aletu ditugu barruan gordeak.
«Euskarak berak ez badu ez legerik edota hori arautuko duen estatu propiorik, galbidea da»
Diskoa atera duenak beti egin behar du ospakizuna.
Atera da, lan asko du, mami asko eta gorabehera asko ere bai, hortaz, zentzu horretan pozik
‘Ganbaratik’ kantuarekin, diskoa folketik abiatzen da baina pop asko du. Hainbeste estimulu eta ezinegon asko izan ditugun garaian, bide berrien bila ibili zara?
Jende askok esan dit hori, baina egia esanda ez. Beti sentitu ditut doinu horiek eta arparekin jo izan banitu Olatzen betiko soinua dela esango luke. Bakarka lan asko egin dut eta asko aurreratu dut, hortaz, moldaketak ere horrelakoak atera dira.
Armonikoki badu zure marka, baina dena freskoagoa dela esan dezakegu?
Konbentzionalagoa, estandarragoa akaso. Esan dizudan moduan, etxean bakarka eta arparekin izan balira, ez dut alderik sumatzen
Zer ganbara da aipatzen dena kantuan? Espazio fisiko bat edo mentalaz ari zara?
Ganbara batean banintz bezala eta kanpora begira jartzen naiz, horregatik diot ez gaudela bakarrik eta sortzen diren emozio guztiekin zer egin behar den pentsarazteko kantua da. Barrura begirako lana egin da, baina kanpoan islatuta ikusten da. Kanpoa nola ikusten den norberak determinatzen du, izan ohituretatik, kulturatik edo tradiziotik.
Segidan hondartzaraino goaz, ‘Muga gabeko hondartza’ abestiarekin. Hamabi sokako gitarra entzun daiteke hor.
Aurkikuntza bat izan da eta istorioa du. Benito Lertxundirena da eta Fernando Ederra, bere baxu-jotzaile zenari, utzi zion, eta, orain, haren semea, Ander, nirekin dabil gitarra jotzen eta ekarri zuenean jakin zuen instrumentuaren jatorria zein zen. Gitarra berezia da eta sekulako kolorea ematen dio, gaitasuna du Anderrek, baina beldur zen gehiegi ez ote ari ginen erabiltzen, baina nik asko entzun zedin nahi nuen eta horrela geratu da.
Orio ere aipatzen duzu eta hondartzaz ari zara… Hondartza edo errioa duzu nahiago?
Ni errio zalea naiz eta lehen diskoan, ‘Bulun bulunka’ errioari begira gehiago egin nuen diskoa da.
Ez dakit etxetik biak ikusten ote dituzun egun.
Parean etxea egin ziguten, baina zirrikitu batetik ikusten da. Dena dela, ez dut hainbeste denbora hari begira egoteko. Eta esan behar dut beste aldea ere oso ederra dela, errioa eta Aia ikusten dira eta hego ekialdearen egutera ere asko maite dut.
‘Down the sea’, Brendan Graham eta Catherine Jordan musikarien abestiaren moldaketa da, berri samarra den abestia.
Brendan Graham eta biok aspaldi elkar ezagutu ginen eta letra hau helarazi zidan ea doinua jarriko nion eskatuz, baina ez nion heldu eta Derby's taldeko Cathy Jordanek egin zuen. Gero esan zidan ea euskarazko moldaketa egin nahi ote nuen eta hau da egin dudana. Egon dira zalantzak egin ditudan pausa batzuekin, baina ingelesak eta euskarak ez dute zerikusirik eta hori azalduta onartu dute.
Itsasotik mendira goaz ‘Izarraitz magalean’ kantuarekin. Eskaintza kantu bat da?
Bai, baina ezagutzen ez dudan norbaiti egina. Ez dakit 2018 bukaera zen edo, hala zela esango nuke. Azpeitiar gazte bat hil zela jakin nuen, albistea izan zen mendian istripua izan zuela. Nire semea izan zitekeen eta bortitza egin zitzaidan.
Musikalki beste atmosfera bat du, akaso Olatz jendeak gehiago honekin lotuko du. Sehaska kanten disko hark asko markatu du zure ibilbidea?
Disko hura ibilbidean berezia izan zen eta salduena izan da. Baina zuzenekora abestiren bat noizbait eraman dut modu oso berezian. Atzetik etorri direnek ere badute berea eta azkena disko oso berezia izan zen, musika popularrarekin lotura gehiago duena. Alan Stivell izan nuen erreferente arpa pop musikara ekartzeko eta horretan ibili naiz.
Beti aurrera begira ikusten zaitut.
Bai, eta nire musika ere ez dut entzuten atzera begira ez jartzeko, akzidentalki akaso bai, baina ez dut gogoko.
Ekoizpenean etxeko denak buru-belarri ibili zarete, baina zu izan zara ardura hartu duena.
Partekatzen hasten zarenean zalantza asko sartzen dira, eta beharrezkoa da hori, baina finkatu nuen zer ez nuen nahi eta Benitok ere lagundu dit nire indarguneak identifikatzen edota frekuentzia batzuk ukitzen.
Abesten ere ahotsaren kokapenaren bila ibili zara ahalik eta hitz egiten duzunetik gertuen egon zaitezen?
Nik ez dut abeslari izugarria naizenaren kontzientziarik, hortaz, hitz egiten dudan tonuaren inguruan nabil beti, hor dudalako adierazpiderik onena, leialena eta ekarpen gehien egin dezakedana. Dena dela, justu abesti honek badu sofistikazio puntu bat eta Benitok ere lagundu zidan konforme geratzeko.
‘Lohitzunean barna’ hirugarren singlea izan zen, argi eta garbi Orioko errioa ikusten da bertan, aipatzen diren elementuak ikusten direlako.
Pozten naiz. Azalean eta diskoaren barrukaldean ere horretan saiatu naiz, Udane Juaristi ‘Udatxo’ horretan saiatu da eta lortu da.
Artelan bat da.
Nik ateratako argazki batetik abiatuta dago egina. San Martin inguruko zaldi bati egindako argazkia da.
Txato da zaldia!
Izenik ez nekien orain arte, baina eskaini izan dizkit argazki zoragarri batzuk… eta hau ez dakit zer argi motarekin dagoen baina Udatxori pasa nizkion hiruzpalau argazki eta hortik dago abiatuta.
Kantura itzuliz, programazio eta filtroekin jolasean aritu zara. Ordu asko eman ditzakezu?
Bai, jolastu egin behar da! Denbora asko pasa nezake, baina kantuak egin behar dira eta horretan zentratu behar da. Grabaketari eman diot garrantzia.
Zer egin duzue etxean eta zer Muir estudioan?
Batez ere Mairu Baratzetan kantuaren arpa eta ahotsak daude han grabatuta, beste ahots batzuk Doctor Master estudioan. Baina entsegu lokala ere egokitu dugu eta etxean ere aukera dagoenez, horrela egin da guztia. Estudioa ez da zurea eta orduak joan egiten dira, hortaz, erosoago aritu gara gisa horretan.
Baxua nola sartzen den ere bitxia da.
Amaiur Cajaravillen, baxu-jotzailearen, sorkuntza bat da hori, edizioan ez garelako erotu. Hortaz, espero dut atsegina izatea sortzen den efektu hori.
Bizitzan aurrera begira jarri behar dela diozu.
Ekimen publiko batean parte hartzera joateko insistentzia bati uko egin diogu urtetan eta urtetan eta horri emandako erantzun bat da. Enkriptatu samar geratuko da eta ez da oso ondo ulertuko akaso, baina musika ere bada horretarako.
Teklatuen soinu desberdinen aniztasuna ere handia da, denak zu jotakoak dira?
Orokorrean bai, zuzenekoetan alabak jotzen duen arren. Teklatuaren soinuarekin jolastea ere gustatzen zait. Batzuetan kendu egin ditut, koltxoi hori izan da nire marketako bat, babesten nauelako, baina gauza subliminilagoak bilatu ditut oraingoak ohiko koltxoia kenduz.
Musikari izatetik ekoizle izateko bidean asko entrenatu behar al da entzumena?
Asko entrenatua badago behintzat, baina beti dago ikasteko asko. Diskoari titulua ere horregatik eman nion, akaso azkena izango zelako, baina dagoeneko ari naiz gauzak hobetu behar direla pentsatuz eta bidean ere abestiak geratu dira. Hortaz, zorionez, badago grina hori oraindik ere.
Lehen singlea, ‘Mairu baratzetan’ atera zenetik ia urtebete pasa da. Aspaldi ikusten duzu edo hortxe dago denboran?
Akaso gehiago ere bai. Aspaldikoa bada, ordutik hona lan asko egin dudalako. Baina denboraren kontzeptu hori definitzeko Oteitzaz akordatzen naiz, «100 urteko aitona bat? Beno, 500 urte izan balitu…».
Musikan denboraren kontua oso azkar txikitzen da esponentzialki musika munduan.
Denboran mantenduko diren kantuak egitea izaten da gure nahia. Garaian garaiko baliabideak erabiltzen ditugu, baina muina gaur entzuten den moduan denbora bat pasata entzun dadin da gure nahia.
Balkandar musika du oinarri, zuretzat bertako musika aspalditik da ezaguna?
Bada 2006an utzi nion Kantaita saioa egiteari eta 1995etik nenbilen bertan. Musika zeltiarra eta afrikarra irisiten zitzaizkidan, baina Europa ekialdeko eta Asia zentraleko musikaren bila ibiltzen nintzen ni.
Arano aipatzen da bertan.
Gu txikitan hara joaten ginen umetan.
Itsasoa ikusten den Nafarroako azken herria omen.
Donostiatik ere ikusten da eta hura ere Nafar Erresuman dago. Iruñeko Merindadeko azken herria izango da akaso.
Zergatik aipatzen dira zazpi jauziak?
Ijito giroa ekarri nahi izan dut abestian. Iñauterietan joaten ginen Aranora edota Santiotan ere bai. Barraka xume batzuk etortzen ziren eta horrek guztiak sortzen zuen ijito giroa ekarri nahi nuen abestira. Zazpi jauziak ere dantzatzen ziren eta paseotxo bat ematen bagenuen kromletxak, mairu baratzak, zeuden tokira iristen ginen. Zazpi jauziekin, beraz, kondairaren aurreraino iristen gara. Aranoko elizako atzeko atean, andreen atea deitzen zenaren gainean, gainera, Nafarroako Erresumako armarri zaharrena omen dago, erosionatuta dagoen arren.
Bideoklipa ere egin duzue, kontrola zure gainean egon da?
Lehena da eta ez dakit gehiago egingo ditudan. Norbaiti nahi duena egiteko eskua emateko sekulako konfiantza izan behar dut eta haren lana oso ondo ezagutu. Esperimentu moduan gazte batzuekin egin dut hau eta dena hitz eginda, emaitzarekin oso pozik geratu naiz. Julen Leturiondo eta Maria Garmendia dira egin dutenak.
‘Oihartzun egiten zigun’ abestiko beheko ahotsaren kolorea sekulakoa iruditzen zait. Zurea da?
Ohiko tesituran abestua dago, Benitorekin hor aritzen naiz. Agian nahasketaren kontua izango da.
Aipatzen den olerkiak badu izenik?
‘Altabizkar’ eta ‘Itzaltzuko bardoari’, baina ez dut gehiago esango.
Hortaz, atzetik datorren guztiak lotura du, herriari begira jarri zarelako. ‘Zuhainik gorena’ kantuan Agosti Xahoren hitzak erabili dituzu. Herria gainbehera dago?
Oso tristea da gertatzen ari dena, dena lausotu da. Herri honek zintzilik du aske izatea, libre izatea eta buruz-buru beste estatuekin izatea munduan. Hortaz ginen ustez duela urte batzuk. Jendearen utzikeria dela dirudi eta badugu erantzukizunik hortan, baina konfiantza jartzen dugun lider politikoek behar lukete herri honen askatasunaren bila egin. Eremu folkloriko batean geratu, dena diluitu eta desagertzeko arriskua hor dago. Euskarak berak ez badu ez legerik edota hori arautuko duen estatu propiorik, galbidean da, denbora kontua da. Misterio bat da orain arte nola iraun duen guztiak denboran.
Arpa lagun duzula abesten diozu herriari?
Kontzientenki ez behintzat, ez dago hautu berezirik hor.
‘Oi Amaiur’, epika duen kantua eta epikoa den tokia. Politikariek ez al diote behar zuena baino garrantzia gutxiago eman urtemugari?
Urteurrena baino gehiago egunerokotasunean ematen zaio garrantzia gutxi. Lehenago egina nuen abesti baten bertsioa da, hain zuzen ere hori aldarrikatzeko, haren gaurkotasuna aldarrikatu nahi nuelako. Gure erresuma hor dago, izaera juridiko bat duena nazioarte mailan. Gure politikariek ez diotela eman garrantziarik, gure politikariek. Bada hori da zertan daudenaren islada bat. Baina ospatuta ere gehiago esijituko nieke, eta herriak ere gehiago eskatu behar lieke.
Kontzertuak eta badituzue disko hau aurkezteko?
Uztailean hasiko gara eta udazkenean hasiko gara modu jarraitu batean, Iruñean 2024rako ere lotu dugu bat. Andoainen, Leizaran bailaran, izango da uztailaren 13koa. Azaroan Zarautzen, Gernikako Lizeon eta halakoak izango dira. Victoria Eugenian, Donostian, abenduaren 28an izango da.
‘Mendian zoinen eder’ naturari begira dagoen abestia eta zure abestietan giltzetako bat izan da. Egun naturari begira hitz ederrak mantentzea erreza da edo mina eragiten du hari begira jartzeak?
Natura nire burua ere bada eta hortaz beti idazten diot naturari, ez soilik ingurune bati edo landare bati. Nire burua eta psikologia ere natura da. Saiatzen naiz denari ahalik eta modu errealenetik begiratzen, galdera egokiak eginaz. Askotan galdera okerrak egiten ditugu eta ez dugu ulertzen zer gertatzen den. Baina bizitza hori ere bada eta hortaz modu egokienean begiratu eta ulertzen saiatu behar gara. Baikor eta ezkor baino, betaurrekoak kendu eta begirada garbiarekin begiratzea da gakoa askotan.