Zuzenean
Pelikula bateko gidoia izan zitekeen, baina errealitatea da, herri honen errealitatea. Ikusgarria bezain ezezaguna, gaurko egunez gertatu zen Ezkabako ihesaldia, 1938ko maiatzaren 22an.
Ezkaba mendiaren gailurrean, Iruñeko hiriaren iparraldean dago Ezkabako gotorlekua. 1878an hasi zuten gotorlekuaren eraikuntza, baina 1919an bukatu zutenerako, eraikinak ezin zuen bere funtzioa bete. Gotorlekua ez zen inoiz defentsarako erabili, batetik, ordurako abiazioa agertu zelako, eta bestetik, altzairuzko kanoiak eta ojiba-jaurtigaiak erabiltzen hasi zirelako, hormetan sartzeko ahalmena bikoizten zutenak. Beraz, inaguratu zutenerako, gotorlekua zaharkituta zegoen.
Gerora, handik 10 urtetara, espetxe militar bihurtu zuten, eta eginkizun berri horretarako egokitu behar izan zuten eraikina. Espainiako Gerra Zibila lehertu zenean, kartzela politiko bihurtu zuten.
Adituek diote 7.000 presotik gora egon zirela Ezkabako Gotorlekuko espetxean, gehienak, sindikalistak eta errepublikazaleak. Oso baldintza gogorretan bizirauten zuten; elikadura txarra, gaixotasunak, hezetasun handia, hotza eta pilaketa ikaragarria jasaten zituzten presoek; hain leku basatia zen, desnutrizioaren eta tuberkulosiaren ondoriozko hilkortasun tasa oso handia zela. Horregatik, 1938ko maiatzaren 22an, ihes egitea erabaki zuten.
Igandea zen, eta afalordua zen Ezkaban. oso militar gutxi zeuden gotorlekuan egun hartan, eta zeuden gutxi horiek armarik gabe zeuden, afaltzera zihoazen eta. Une aproposena zen, 319. presoaren iritziz. Bera izan zen, garaiko testuei errepatu ezkero behintzat, ihesaldiaren buruetako bat. Zenbaki horren atzean Leopoldo Picó Pérez zegoen, bilbotarra, komunista. 27 urte zituen eta estatu-kolpea baino lehen Euskalduna ontzioletan lan egiten zuen.
Preso eta historialari batzuen arabera, 30-50en artean osatu zuten ihesaldirako plana. Diotenez, esperantoa erabili zuten elkar komunikatu eta zaindariek ez ulertzeko. Horrela, taldeka, militarrak desarmatzen joan ziren eta ordu erdi baten buruan hartu zuten gotorlekua presoek.
Ezkabatik ihes egitea lortu zuten 795 gizonetatik hiru bakarrik iritsi ziren Frantziako mugara; 585, berriro atxilotu zituzten, eta gainerakoak mendian hil edo ondoren fusilatu zituzten. Iñaki Alforja izan zen ihes egindakoen arrastoari jarraitu zion lehenetarikoa, eta falangisten erregistroetan topatu zituen hori horien izenak: Jovino Fernández, Valentín Lorenzo eta José Marinero. Hala ere, Fermin Ezkieta idazlearen arabera, ba omen dago laugarren iheslari bat.