Zuzenean

Jose Antonio Primo de Rivera, martiri bihurturiko faxista

Falange Españolaren sortzailea, Bigarren Errepublikak iraun zuen bitartean ultraeskuinaren iritzi emaile nabarmenetako bat izan zen. Ez zuen aho bilorik izan boterea indarkeriaren dialektikaz hartu behar zela aldarrikatzeko. 1936ko azaroaren 20an exekutatu zuten eta frankismoak martiri bihurtu zuen.

Audio_placeholder

Jose Antonio Primo de Rivera, martiri bihurturiko faxista

Loading player...
Jose Antonio Primo de Rivera, Falangeren sortzailea.
Jose Antonio Primo de Rivera, Falangeren sortzailea. (WIKIMEDIA COMMONS)

Jose Antonio Primo de Rivera ez da nahasi behar Migel Primo de Riverarekin. Lehena semea da, Falange Españolaren sortzailea; eta bigarrena aita. 1923–1930 urteen artean Espainiako diktadorea izandakoa, Alfonso XIII. erregearen monarkia babesteko helburuarekin.

Semearen esanetan, aitaren diktadurak ez zuen funtzionatu ideologia gabeziagatik. Miguel Primo de Rivera militarra zen, Rif-eko gerretako agintarietako bat, teniente generala. Hau da, bere gainetik soilik espainiar erregea zegoen. Jose Antonio semeak ere izan zuen ibilbide militarra. Urtebetez boluntario izan zen, baina bere bokazioa politikan zegoen.

Formakuntzaz abokatua zen eta 1931. urtean aurkeztu zen lehen aldiz hauteskundeetara. Ordurako ‘Union Monarquica Nacional’ alderdiko idazkariordea zen. Aitaren oroimena aldarrikatzeko helburuarekin eman zuen pausua. Ez zuen arrakastarik izan.

1933. urtean lortu zuen Kongresuko eserlekua. Cadizen aurkeztu zen; bertan bere familiak botere eta eragin handia zuen. Koalizio kontserbadore monarkikoan arukeztu zen. Ordurako, parte hartu zuen Jose Sanjurjo militar iruindarraren Estatu kolpe saiakeran, «sanjurjada» deiturikoan. Lehen konspirazio horretan parte hartzeagatik atxilotua izan zen.

Faxistaren ametsa Falange matxinadaren motorea izatea zen. Horretarako, hainbatetan biltzen zen militarrekin. 1934–1935 artean, balizko gobernu baten osaera idatzi zuen. Bertan zeuden, besteak beste, Francisco Franco, Emilio Mola eta Ramon Serrano Suñer.

Falangeren jaiotza

Hala ere, Falangeren sorrera apur bat beranduago iritsi zen, Italiako mugimendu faxista eta Alemaniako mugimendu naziak bultzatuta. Julio Ruiz de Aldarekin Movimiento Español Sindicalista sortu zuen, Falange Españolaren aurrekaria. Helburua Estatu berri totalitarioa eta korporatiboa sortzea zen, klaseen borrokaz gaindi eta zentzu katolikoarekin. Mugimendu honen zuzeneko inspirazioa izan zen Mussolini. Helburua «antzeko mugimendua» espainiar Estatuan sortzea zen eta hala idatzi zuen berak.

Espainiako Falangea 1933ko urriaren 29an sortu zuen, Madrilgo Komediaren antzokian. Buruturiko lehen hitzartzean bere burua «Estatu liberal parlamentarioaren aurkaritzat» jo zuen. Indarkeriaren erabilera ere defendatu zuen; «pistola eta ukabilen dialektika» bere hitzetan.

Indarkeriaren erabilera ere defendatu zuen, «pistola eta ukabilen dialektika»


1934an, Falangea Ramiro Ledesmaren Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista alderdiarekin fusionatu zen. Eta horrela sortu zen ‘Falange Española de las JONS’. Horrek Espainiako sindikalismo nazionalaren atxikimendua suposatu zuen.

Falangeak historikoki monarkia ukatu arren, Primo de Riverak ez zien muzin egiten zirkulu monarkikoei. Alderdiaren lehen urteetan erregezaleek finantzatu zuten taldea, Jose Antonio Primo de Rivera Italia faxistako ezkutuko agente bihurtu zen arte.

Mitinak eta lehen hildakoak

1935. urtean, Jose Antonio Primo de Rivera Espainian zehar ibili zen mitinak ematen. Lehen unetik nabarmena izan zen indarkeriaz beteriko hizkera eta probokazioa, gatazka sustatzeko helburuarekin. Falangeren lehen hildakoak ‘Arriba’ astekariaren irakurleak eta banatzaileak izan ziren. Honen ostean, Manuel Andres Casaus, Eibarren errepublikaren lehen aldarrikatzaileetako bat; Luciano Malumbres kazetaria; eta Juanita Rico gazteria sozialistetako kidea hil zituzten.

1936ko hauteskundeetan ezkerrak eta eskuinak batasun propioak aurkeztu zituen: Fronte Popularra eta Fronte Nazionala. Aldiz, Falangek bere kabuz aurkeztea erabaki zuen. Jose Antoniok ez zuen ordezkaritzarik eskuratu, izan ere, 44.000 boto soilik lortu zituen Estatu osoan.

Fronte Popularraren garaipenaren ostean «tentsioaren estrategia» sustatu zuen, indarrezko kolpe bat justifikatzeko helburuarekin. Honela, ohikoak bihurtu ziren Falangek bultzaturiko indarkeriazko ekintzak, uztailaren 18ko Estatu kolpea heldu arte. Oihartzun handiko lehen ekintza Luis Jimenez Asua katedradun sozialistaren erailketa izan zen. Honen ostean atxilotu zuten Jose Antonio Primo de Rivera. Immunitate parlamentarioa galdu berritan, etxean armak izatea egotzi zioten. Berarekin batera, Falangeko batzar politikoa ere atxilotu zuten. Estatu mailan, Falangeko zenturietako kideak atxilotu zituzten. Hurrengo pausua Falangeren ilegalizazioa izan zen.

Legezkoa ez bazen ere, klandestinoki berrantolatu zen erakundea. Fernando Primo de Rivera anaiak hartu zuen agintea, espetxetik jasotzen zituen aginduak indarrean jartzeko. Lanetako bat Mussolinirekin biltzea izan zen, Italiak balizko estatu kolpe batean lagundu zezan.

Madrilgo Dirección General de Seguridad delakoan galdekatua izan zen Falangeko sortzailea. Lau prozesu judizial ezberdin egotzi zizkioten. Azkenekoan, epaileei iseka egiteaz gain gelako ofizial bat jipoitu zuen. Epaiketetan izandako jarrera dela eta, 5. aldiz epaitu zuten agintarien aurkako erasoengatik. Bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta ihes egiteko beldurragatik, Madrilgo Modelo presondegitik Alacanteko espetxera bidali zuten.

Falangek ikasle, intelektual, langile eta militar espainiar guztiak «birkonkista arriskutsu eta gozagarrira» gonbidatu zituen


Madrilen atxilotua egon zen bitartean, ‘La voz del jefe desde el calabozo’ manifestua idatzi zuen. Bertan zioen otsaileko hauteskundeak errusiarrek irabazi zituztela komunismoak agintea zuelako kalean. Ondorioz, Falangek ikasle, intelektual, langile eta militar espainiar guztiak «birkonkista arriskutsu eta gozagarrira» gonbidatzen zituela azpimarratu zuen. 

Horren adibide dira Alacanteko presondegitik Emilio Molari bidaltzen zizkion gutunak. 1936ko maiatzean, 400 falangista eskaini zituen, nahiz eta «el director» delakoarekin guztiz ados ez egon. Hala ere, ez zuen behar besteko boterea indar eskuindarretan. Fronte Nazionaleko eskuin tradizional eta monarkikoak ez zuen Estatu baten lidergoa sustatzeko behar besteko indar ikusi Falangen. Horiek hala, Molari Estatu kolpea azkartzea eskatu zion.

Uztailaren 18rako, hainbat plan antolatu ziren Jose Antonio Primo de Rivera espetxetik irtenarazteko. Guztiek huts egin zuten. Honenbestez, Falangeren sortzaileak espetxean igaro zituen kolpe militarraren osteko lehen lau hilabeteak. Epe honetan, diskurtsoa leundu zuen. Abuztuan, gerrari bukaera emateko dokumentua idatzi zuen. Honen arabera, berradiskidetze gobernu bat eraikiko zen, errepublikaren legezkotasuna errespetatu eta matxinatuei amnistia eskainiz.

Aferaren larritasuna presondegiko zuzendariaren aldaketarekin ikusi zen. Gainontzeko presoak kexu ziren Primo de Riveraren pribilegioekin; ziegan bi pistola eta ehun bala zituen.

Primo de Riverak ziegan bi pistola eta ehun bala zituen; gainontzeko presoak kexu ziren


Jose Antonio Primo de Rivera eta bere inguruaren aurkako epaiketa 1936ko urriaren 3an hasi zen. Akusazio guztiak ukatu zituen, estatu kolpearen konspirazioan parte hartu izana barne. Epaia heriotza zigorra izan zen.  

Lehen deshobiraketak

Frankismoak martiri bilakatu zuen Jose Antonio Primo de Rivera. Beregan irudikatu zuen galduaren mitoa. Erregimenak bi urtez ezkutatu zuen Falangeren sortzailea 1936ko azaroaren 20an exekutatu zutela Alacanten. Unifikazio dekretua burutu ostean eman zuen aditzera Francok exekuzioa. Orduz geroztik heroi nazional bilakatu zuten; gazteriaren sakrifizioaren irudi. Derrigorrezkoa bilakatu zen herri guztietako erorien zerrendetan lehenengoa Jose Antonio Primo de Rivera izan zedin. Gorpuzkien lehen deshobiraketa matxinatuek Alacanteren kontrola hartu berritan burutu zen.

1939ko azaroaren 9an, bere heriotzaren hirugarren urteurrena betetzera zihoala, Francok Jose Antonioren gorpuzkiak El Escorialera eramateko agindu zuen. Hilkutxa Alacantetik oinez eraman zuten falangistek, gau eta egun txandaka. Erromesaldia azaroaren 20an hasi zen, eta hamar egun eta 500 kilometroko bidaia burutu zuten.

Zerraldoari Francok berak egin zion harrera El Escorialeko atarian, Gobernu osoak eta hierarkia militarrak lagunduta. Hilobiaren ondoan, Hitlerrek eta Mussolinik bidalitako lore-koroak zeuden. Hilkutxa errege katolikoen kaperako aldare nagusiaren oinean lurperatu zuten. Bertan hartu zuen hitza Francisco Franco diktadoreak.

Erorien Haranaren inagurazioa

Erorien Harana inauguratzear zegoenean, Franco jeneralak gutun bat bidali zien 1959ko martxoaren 7an Miguel eta Pilar anai-arrebei, haranean lurperatzeko baimena eman zezaten. Familiak begi onez eta eskertzaz jaso zuen proposamena. Hala ere, sektore falangista batzuek erabakia ez zuten ondo hartu, lehen lurperaketarekin kritiko izan ziren monarkikoak pozik uzteko egin zela uste baitzuten.

Hilkutxa Alacantetik hogei urte lehenago eraman zuten anda beraren gainean jarri zuten, eta Guardia Zaharreko zein Francoren Guardiako kideek bizkarrean eraman zuten, El Escorial eta Erorien Harana banatzen dituzten hamahiru kilometroetan zehar.

Jaurlaritza Logoa