Zuzenean

NAIZ Irratia

«Erorien Haranetik hezur guztiak ateratzeko erabaki politikoa behar da»

Lucas Ugarteren gorpuzkiak Madriletik Euskal Herrira ekartzeko borrokan daude murgilduta bere senideak azken urte luzeetan. Ekhiñe Atorrasagastik instuzio publikoen inplikazioa eskatu eta nabarmendu du Primo de Rivera eta Franko bertatik ateratzeko erabaki politiko bat nahikoa izan dela.

Audio_placeholder

«Erorien Haranetik hezur guztiak ateratzeko erabaki politikoa behar da»

Loading player...
Ekhiñe Atorrasagasti eta Karmele Ugarte
Ekhiñe Atorrasagasti eta Karmele Ugarte (Naiz Irratia)

Primo de Riveraren gorpuzkiak Cuelgamurosetik ateratzeko lanak egiten ari diren bitartean euren senideak bertan dituzten ehunka euskal familiek euren gertukoen egoera argitzeko zain jarraitzen dute. Frankismo garaian bertan lurperatu zituztenen oroimena berreskuratzeko beharra azpimarratu dute gurean Lucas Ugarte tolosarraren senideek.

1939an Tolosan lurperatu arren Espainiako Cuelgamuros hilobia eraiki zutenean bertara eraman zituzten Ugarteren gorpuzkiak. Urte luzeetako aldarria izan da haiek berreskuratzea senideentzat, baina oraindik ez dute lortu. Ugarteren iloba Karmele Ugartek azaldu du ilusioz ekin ziotela bideari baina oso luze doala prozesua. Administrazioen behar bezalako babesik ez dutela izan uste dute senideek eta bakarrik egin behar izan dutela bidearen zati handi bat.

Familiaren zuhaitz genealogikoa egitea erabaki zutenean jakin zuten Ugarteren gorpua Madrilera eraman zutela eta orduan hasi zuten berreskuratzeko lana. Ekhiñe Atorragasti Karmele Ugarteren alabak azpimarratu du Cuelgamurosen 34.000 gorpu egon arren Estatu mailan soilik 50 direla euren senidearen gorpuzkiak berreskuratzeko prozedura abiatu dutenak.

Primo De Riveraren eta Frankoren gorpuak ateratzeko erabaki politiko bat nahikoa izan den bitartean, gainerako familiek prozesu zail eta oztopoz beteriko batean murgildu behar izan dutela kritikatu du. Hain justu, instituzio publikoen aldetik babesik jaso ote duten galdetuta, azaldu du Tolosako Udalak mozio bat onartu zuela beren eskakizuna babestuz baina gainerakoan bakarrik ari direla lanean.

Egoera honetan, erakunde publikoek auzia bere gain hartu beharko luketeela defendatu du. Izan ere, uste du gorpu asko ez dituela inork inoiz erreklamatuko eta pausua eman nahiko luketenek prozesu oso zail bati egin beharko lioketela aurre, horregatik instituzio publikoek auzia bere gain hartzearen garrantzia. Memoria historikoari ekarpena egiteko ere funtsezkotzat jo du erakundeek hitzetatik ekintzetara jauzi egitea.

Lukas Ugarteren familiaren kasuan DNA frogekin ari dira orain lanean eta jaso dituzten azken berrien arabera Frankoren omenez altxa zen eraikinean indusketa batzuk egingo lirakete laster. Baina pertsona konkretuez harago, helburua hezur guztiak bertatik ateratzea izan behar dela defendatu du Atorrasagastik eta hori erabaki politiko batek soilik ekar dezakeela.

Jaurlaritza Logoa