Zuzenean

Elkarrizketa
Gorka Padrones
Addar taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea

«Gaztetxeei ezartzen dizkieten baldintzak ere halakoak dira eta itxi egin behar izaten dute»

Rockak beti egin du presentzia Euskal Herrian baina hard rock gehiegi ez da egiten. Addar taldeak esan dezakegu hori izan duela hasieratik bere zigilua. Beñat Aurre, Imanol Rodriguez, Mikel Omagogeaskoa eta Gorka Padrones dira Bermeoko taldeko kideak eta ‘Gordinik’ EPa atera zuten 2022a bukatzerako.

Audio_placeholder

«Gaztetxeei ezartzen dizkieten baldintzak ere halakoak dira eta itxi egin behar izaten dute»

Loading player...
‘Gordinik’ diskoa kaleratu ostean, apirila eta maiatza artean aurkezpen kontzertu batzuk baditu Addar taldeak.
‘Gordinik’ diskoa kaleratu ostean, apirila eta maiatza artean aurkezpen kontzertu batzuk baditu Addar taldeak. (Jon FONDA | OJO DE PEZ)

Egun on Gorka, zer moduz?

Oso ondo, topera.

Disko bat kaleratzeak buruhauestak bai, baina plazera ere ematen du, ezta?

Plazera itzela, pentsa disko bat ateratzen duzunean urtebeteko lana dagoela akaso atzetik. Diskoa kaleratzen duzunerako asko asebetetzen zaitu hortaz, baina ardura asko ditu atzetik, gauzak seriotasunez hartzen ditugulako.

Hard rockak gurean ez da hainbeste egin, are gutxiago teklatueraren erabilerarik gabe.

Bai, gu ere etapa desberdinetatik pasatakoak gara. Metal asko kontsumitu dugu, punka ere bai, ska ere bai… gaur egun ordea panorama hain da zabala edozer topa dezakezula. Hard rocka ez hainbeste, rocka bera ere ez dagoelako lehen lerroan. Potemkin bezalako taldeak egon dira, baina nik ez dut hainbeste ikusi sekulan ere. Bonberenean ikusi genituen oñatiarrak eta beste hainbat musikarirekin egin genuen topo bertan, esaterako, Letagin taldekoekin, oñatiarrak eta hard rocka egiten dutenak hauek ere.

Zuen arteko harreman eta ezagutza ere badagoela, alegia.

Bai, hori da. Beste taldeko jendearekin egoeraz hitz egiten duzu, non jo daitekeen eta non ez eta halako kezka partekatuak izaten dira. Esperientziak elkarbanatzea garrantzitsua da. Ez gara hainbeste eta Euskal Herria txikia denez, denok ezagutzen dugu elkar.

‘Berpizten’ kantuarekin abiatzen da disko berria, fenix hegaztiaren fenomeno hori agertzen da hemen ere, aurreko ‘Errautsetatik’ diskoari erreferentzia garbia eginaz, ezta?

Bai, hala da. Abesti honek bizitzan erortzen zaren bakoitzean altxa eta aurre egiteako beharrari buruz hitz egiten du.

Tempo lasaia du, baina oso gitarrero.

Bai, hala da, gainera hasierako riff horretatik sortu zen dena eta hari horri tiraka etorri zen abestia.

Gitarran hiru edo lau efektu, gutxienez, erabiltzen dituzu.

Bai, baina disko honetan ez dago hainbeste efektu. Nahiko gordinik doa, distortsioa, delaya eta reverba, nahikoa oinarrizkoa.

Askotan nahikoa dira pedal gutxi eta ongi konbinatzea emaitza onak lortzeko.

Beñatek eta biok efektu nahikoa klasikoak erabili izan ditugu, bai estudioan eta baita zuzenekoetan ere.

Bigarren kantuaren sarreran bada atentzioa ematen duen akorde progresio bat.

Niri abesti honek Turbonegro bezalako taldeak ekartzen dizkit gogora, metaletik gertuago daudela. Denbora asko darama abesti honek gure artean, ‘Electroshock’ sortu genuen garaikoa da abestia, pentsa.

Diskoan entzuten diren koroak ere bitxiak dira.

‘Engorilatu’ egiten garela diogu, elkarrekin eta unisonoan punch hori bilatzen dugu. Koroak armonikoki egin ditzakezu eta batzuetan hala egin eta gustuko dugu, baina punch hori ere maite dugu.

Gitarra akustiko bat ere entzuten da abestian, baina baita punteo dotore bat ere.

Bai, hemen ere punteo bat badago. Disko honetan saiatu gara abestien egituretan zati desberdinak sartzen eta hau horren adibidea da. Nahikoa abesti progresiboa dela esan daiteke eta azken zati horrek guztiarekin apurtzen duela, halakoak egiten ere saiatu gara disko honetan. Punteoarekin abestia gora ekartzen saiatu gara.

Bizi sena pizteaz ari zarete… emaizkidazu sena hori pizteko pare bat arrazoi.

Alertan egon behar zara beti. Gizartean beti entzuten dugu ea nork jaten duen nork batean bizi garela, nor den indartsuena eta nork bizirauten duen… Bada hori, bizi sena beti esna eduki behar dugula.

Atzetik datorren ‘Zer gehio’ abestian kontrakotasuna erakusten duzu, zein merke saltzen garen salatzen duzuelako. Alertan egon inork ez jateko, baina gero belarriak gozatzen dizkigute eta saldu egiten dugu gure burua.

Bai, hori da. Horrez gainera «zer gehiago gertatu behar da gure mundua erortzen ikusteko?» galdera ere egiten dugu. Milaka injustizia ikusten ditugu gure inguruan, baina ez dakigu zer gehiago pasa behar den jendea altxa eta gizarte honi buelta emateko.

Letrak zuk eginak dira, Gorka?

Bai, gehienak bai.

Diot dena zuek egiteko joera duzuelako, nahiz eta Xanperekin grabatu duzuen. Gordintasunetik aparte abesti guztiei buelta bat emanda badagoela dirudi haren eskutik.

Xehetasun batzuk lokaletik prest eraman ditugu eta beste batzuk estudioan bertan Xanpek iradoki dizkigunak dira. Aurretik ere berarekin grabatu genuen eta ezagutzen gara. Bere iritzi eta ekarpenentzat tarte bat noski eduki duela eta hori aberasgarria delakoan gaude.

Diskoaren izenburua argi dago nondik datorren.

Beti izaten da halako nahasmendu bat diskoaren izena pentsatzerako garaian eta abesti baten titulua ‘Gordinak’ denez, titulua hizki bat aldatuz etorri da.

Ez zarete gutxi diskoa zuzenekoetan defendatzeko egoera gordina dagoela diozuenak ere.

Talde pila bat gaude eta pandemia bukatu dela askok diskoa kaleratu du eta denok gaude kontzertuen bila. Gaztetxe, antzoki eta aretoak beteta eta saturatuta daude. Kontzertuak bilatzeko zoro moduan gabiltza, gure tokia non dagoen bilatu nahian, gure moduan asko gabiltzalako. Gainera, Gaztetxe askori ezartzen dizkioten baldintzak ere halakoak dira eta itxi egin behar izaten dute, hortaz, herri askotan ez dago gauzak antolatu ahal izateko espaziorik ere.

‘Automatak’ kantuarekin lotura egiteko baliatuko dut zure erantzuna. Ahanzturaz ari zarete bertan eta identitate ezaren inguruan ere bai, hala ere zuek zuenari eutsi diozue eta ez diozue muzin egin estiloari eta egiten zenutena eusteari. Horrek ere egiten du talde bat benetazkoa.

Bai, pentsatzen dut musikari eta pertsona moduan eboluzio batzuk egoten direla eta hori modu naturalean ematen da. Orain, guk gureari eutsi diogu sentitzen duguna delako, ez dakigu bestelakorik egiten. Nik technoa egin nahiko banu, bada ez dakit egiten, sentitzen dudana egiten dudalako.

Rocka bada erresistentzia ariketa bat, horregatik nion aurrekoa.

Rocka beti izan da erresistentzia ariketa bat, batez ere Euskal Herrian, Hertzainakek esan zuen moduan. Gaur egun, are gehiago esango nuke hala ere.

‘Gordinak’ abestiak badu hardcore melodikoaren edota punk-rockaren zera hori, baina niri Mötorhead taldea etortzen zait burura. Zuek haien kutsurik baduzue ezta?

Bai eta abesti hau laban bat bezala da, minutu eta erdi dena emanaz. Abesti hau Beñatek konposatu zuen amorruz beteta zegoen garai batean, mugaz josita ginen negu hartan, horri egindako oihu bat da.

Zenbat gitarra erabili dituzue disko honetan?

Bada hiru gitarra elektriko, Les Paulak eta SGak, denak Gibson etxekoak eta akustikoa ere badago. Geruzak berriz, ez dira gutxi. Soloak badaude beren aldetik, baina gainerakoan auskalo zenbat egon daitezkeen.

Gitarraren pisua sentitzea garrantzitsua da, beraz, zuentzat.

Les Paula nire gitarra gustukoena da, pisu eta indar berezia dituelako. Hori bai, kontzertuetarako gitarra kañeroa da, nekatu egiten duelako.

Balada kutsua duen abestia da ‘Bihotza urratu arte’. Hori bai, galdera ikur batez apuntatu dut ea maitasun kantua ote den.

Ez, ez da maitasun kantua. ‘Berpiztu’ kantuaren antzeko mezua duen abestia da, bizian amore eman arte borrokan segi behar duzula esan nahi izan dugu abesti honekin.

Musikalki zabaldu egiten den kantua da besteen aldean.

Bai pentsatu genuen hasiera batean bazuela pop-rockaren esentzia hori, nahiz eta ez den hain balada, baina diozun zabaltasun hori badu, bada publiko guztientzat kantua. Saiatu gara abestietan xehetasun txikiak sartzen ere kantuak desberdin egiteko. Entzule moduan monotonia ez dut maite eta hori ekiditen saiatu gara diskoarekin, buruhauste handiena akaso horrek eman digu.

‘Altxa eta erori’ segidan datorrena, indarr gehien akaso breaketan dago hemen.

Abestia balada moduan hasi zen eta nahikoa indartsua dela uste dut. Polita da, asko gustatzen zait eta Beñaten soloa izugarria da, orain arte egin duen politena nire ustez.

Konposatzerakoan riffetatik abiatu zarete?

Kantuaren arabera, baina ohituraz bai, gitarrarekin konposatzen dugulako.

Abestira itzuliz, aurrera bai, baina bakarrik kosta egiten dela diozue.

Bai eta denbora joan egiten dela, ez dela itzuliko. Aurrera jarraitu behar da.

Diskoa ixten duen kantua, ‘Nigaz’ oso punkia da, bestalde.

Abesti hori Beñatek konposatu zuen eta oporrekin lagunetara joan zen egoera batetik sortu zuen guztia. Egurra eta zoramena da iradokitzen duena, pasa dadila pasa behar duena baina topera gozatuz.

Diseinuari erreparatuz, logoa aldatu egin duzuela esango nuke.

Smoke Signals estudiokoarekin egin dugu diseinu guztia eta, aprobetxatuz, logoa aldatzeko ere eskatu genion, taldearen irudia berritu asmoz.

Baina gorriak eta beltzak, hard rockaren koloreek, ezin zuten falta.

Bai, iluntasun hori irudikatzen duen diseinua da.

Kontzertu askorik ezetz diozu, baina izango dira ezta?

Apirilaren 22an Portugaleteko gaztetxean izango gara, eta, maiatzean, 12an Aretxabaletako Kixkor tabernan, 20an Aguraingo gaztetxean eta 25ean Abadiñoko Amaraun arte fabrikan. Udan etorriko dira Bilbo, Iruñea, Oion eta Gasteizko emanaldiak.

Askotan zuzenekoetan hartzen da talde batetik sorpresa atsegina, ezta?

Bai, entzule modura zer esanik ez. Ezer espero ez duzun talde bat entzuten duzu eta kateatu egiten zara bere musikara.

Beno, bukaerara iristear gaudela, aipatu gabe ez dut nahi utzi ahotsarekin egin duzun lana. Gordinik egon da, urratuago edo lasaiago, baina azken kantuan efektu bat badago.

Bai, kolore desberdina eman nahi izan genion kantuari eta megafono efektu bat-edo badu.

Katea, pozoia, zuloa… Zuen hizkuntzaren parte diren hitzak dira.

Adikzioen inguruan hitz egiten du. Zeinen zaila izaten den adikzio baten katea eten eta hortik irtetea, hor zaudenean irtenbiderik ez duzu ikusten eta hortaz ari gara.

Zorte on kontzertuen bilaketan eta disfrutatu ateratzen diren guztietan, horrek ere baduelako garrantzia egin duzuen lan guztiaren ostean.

Hori da, bestela ez dago aurrera egiteko motiborik.

Jaurlaritza Logoa