Zuzenean

Bigarren Kafea

'343en Manifestua'; abortuaren aldeko ahotsak

1971ko apirilaren 5ean Le Nouvel Observateur aldizkari frantsesak '343en manifestua' testua argitaratu zuen. 343 emakume frantziarrek, ausardiaz, publikoki kontatu zuten noizbait haurdunaldia etetea erabaki zutela. 

Audio_placeholder

'343en Manifestua'; abortuaren aldeko ahotsak

Loading player...
Gisèle Halimi, Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre (Archives AFP)
Gisèle Halimi, Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartre (Archives AFP)

«Frantzian milioi bat emakumek abortatzen dute urtero. Baldintza arriskutsuetan egiten dute, klandestinitatetara kondenatuta daudela kontuan hartuta. Horietako bat naizela aitortzen dut. Abortatu dudala aitortzen dut. Antisorgailuetarako sarbide librea eskatzen dugun bezala, abortu askea eskatzen dugu» 

Horiek dira Simone de Beauvoirrek 1971 urtean idatzitako testuaren lehen lerroak. Le Nouvel Observateur aldizkari frantsesak argitaratu zuen eta 343 emakume frantziarrek sinatu zuten. Horien artean zegoen Beauvoir idazle eta filosofoa, edo Marguerite Duras eleberrigile eta zinema zuzendaria, Christine Delphy soziologoa, Catherine Deneuve aktorea, eta Agnès Varda zuzendaria. Dozenaka emakume anonimorekin batera, urtero ezkutuan abortatzeagatik, milaka emakume hiltzen zirela salatu zuten, eta abortu libre eta segurua izateko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuten. 

Beauvoirrek hitzak beste emakumeekin adostu zituen; gehienak Emakumeen Askapenerako Mugimendukoak zirenak. Talde hura, urtebete lehenago aurkeztu zuten, ekintza gogoangarri batekin. Parisko Garaipenaren Arkuan soldadu ezezagunaren hilobia dago; bada, hilobiaren aurrean lore-koroa bat jarri zuten soldadu ezezagunaren emaztearentzat; soldadu ezezaguna baino ezezagunagoa den norbait badagoelako: bere emaztea. 

2011n, manifestuaren 40. urteurrena ospatzeko, beste 343 emakumek manifestu berri bat sinatu zuten, emakumeen eta gizonen berdintasuna aldarrikatzeko.  Mende erdi geroago, eta aurrerapenak aurrerapen, datuek diote 47.000 emakume hiltzen direla urtero mundu osoan arrisku baldintzetan abortuak egin ondoren.

Jaurlaritza Logoa