Zuzenean
Nokodek jaialdiaren 9. edizioa ospatuko da larunbat honetan Hendaiako Borderline Fabrikan. Bertan ospatzen den bigarren edizioa da aurtengoa; aurrez, Donostialdeko eta Pasaiako hainbat gunetan ospatu da.
Bideo-sormena eta musika uztartzen ditu jaialdiak. Esperimentazioa, elkarlana eta parte-hartzea dira oinarri nagusiak, hala azaldu digu Ander Fernandez Bordeline Fabrikako kideak. «Behin bakarrik gertatzen den jaialdia» dela gaineratu du: «Gauza asko egun horretan gertatuko dira soilik».
Fisikoki zein metaforikoki mugatik lan egiteko apustua egin dute aurtengo jaialdia. Bi zentzutan egin dute hori. Batetik, Borderline Fabrikaren kokalekua eta lan-ildoa baliatuko dituzte. Borderline Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan kokatua dago eta, gainera, azkenaldian mugaz bestaldeko artisten arteko elkarlana sustatzen ari dira. Aurtengo Nokodek-en, Lumi musika taldea eta Nagore Legarreta argazkilariaren arteko lankidetzaren emaitza eskainiko da.
Bestetik, gizakiaren eta makinen arteko muga metaforikoa ere izango dute mintzagai; adimen artifiziala txertatu baitute jaialdiko eskaintzan. Gaia mahai-gaineratu eta sormenean «naturalki» erabiliko dute, «gogoeta eta eztabaida sustatzeko». Oier Guillanek idazketa tailer bat eskainiko du eta testu motzak sortuko dituzte parte-hartzaileek. Ostean, makina batek testu horiek oinarri izanda irudiak sortuko ditu eta, azkenik, irudi horiek Miriam RZM-ren zuzenekoa lagunduko dute.
Egitaraua Borderline Fabrikako webgunean kontsultatu daiteke.