Zuzenean

Eli Pagola

«Energiari buruzko kezkak argitzeko konfidantzazko puntu herritarra gara»

Hernanin, Energia Bulegoa sortu da, herritarrei eta enpresei energiaren gaineko zalantzak argitzeko eta aukerak azaltzeko aholkuaritza zerbitzua. Kooperatiba forma hartu duen Enherkom komunitate energetikoko kide diren adituek kudeatzen dute udal zerbitzua, horietako bat da Fermin Arruabarrena.

Audio_placeholder

«Energiari buruzko kezkak argitzeko konfidantzazko puntu herritarra gara»

Loading player...
Hernaniko Energia Bulegoa
Hernaniko Energia Bulegoa (Hernaniko Bulegoa)

2022ko azaroan jarri zenuten martxan aholkularitza zerbitzua. Zer nolako harrera izan du?

Hiru hilabetean 200 kontsulta inguru izan ditugu, beraz, harrera oso ona izan du. Hala ere, aurreikusitakoaren araberakoa izan da, zeren, aurrez sumatzen genuen Hernanin bazegoela herritarrak energiaren zenbait arlotan ahalduntzeko premia. Gainera, badu berezitasun bat: nahiz eta udalaren zerbitzua izan, berez, Hernanin sortutako Enherkom energia komunitateak eskaintzen duen zerbitzua da, hau da, bertako bazkideok lantaldeka banatzen gara eta identifikatutako behar bat izan da herritarrei energia gaiak ulertzeko erremintak eskaintzea, batez ere, elektrizitate eta gas fakturak.

Nori dago zuzendua zerbitzua?

Zerbitzua Hernaniko herritar guztientzako da, ez soilik komunitateko kideentzat. Hala ere, dagoen beharrari erantzunez, inguruko herrietako jendea ere ari zaigu etortzen.

Etortzen direnek zein zalantza izan ohi dituzte?

Batez ere, ulertu nahi izaten duten kontratu energetikoa zertan datzan, alegia, gehiengo batek ez daki zer duen kontratatua, ezta zein baldintzetan ere. Behin ulertuta, errazagoa da neurriak hartzea.

Badago errepikatu ohi den soluzio edo aholkurik?

Adibidez, orain, gasak urgentzia handia bereganatu du eta, argi dago, tarifa erregulatuetako kontratuak komenigarriagoak direla merkatu librekoak baino. Bigarrenarekin lau-bost aldiz gehiago ari dira ordaintzen erabiltzaileak, 500, 600 edo 800 euroko fakturak eta, horrela izanda, oso kasu gordinak ezagutuko ditugu.

Elektrizitatearen eta gasaren fakturaren gaineko zalantzak dira nagusi, beraz. Badago beste energia batzuen gaineko kezkarik?

Energia aholkularitza komunitate energetikoaren bidez ematean, landu nahi duguna da, kontsumoak eta kontratuak optimizatzeaz gain, badaudela gure eredu energetikoan eragiten duten beste alor ugari. Helburu hori izatea balio erantsi bat dela uste dugu.
Enherkom komunitate energetikoa lehenik eta orain Energia Bulegoa.

Hernanin energiaren gaineko gero eta kontzientzia handiagoa dago?

Bai eta hala behar du gizarte bezala erronka handiak ditugun gaia baita. Erabakitzeke dugu zein eredu energetiko nahi dugun, nola kontsumituko dugun... eta jakin behar dugu horiek denak nola kudeatuko ditugun. Guk uste dugu modurik egokiena dela herritar ahaldunduak izatea erabaki horiek hartzeko; erabakiak gero eta hurbilago eta gehiagoren artean hartu, orduan eta errazago asmatuko dugu. Horri lotutako beste kontu bat da ekoizpen horietatik sortutako onurak nola banatzen diren eta ez gara onura ekonomikoez bakarrik ari. Edozein instalaziok inpaktu bat dauka eta, bai, gu zenbait egitura eraikitzea sustatzen ari gara, baina, ez helburu gisa, erreminta gisa baizik. Ez dugu energia sortzaile izan nahi, instalazio berriztagarriak ulertzen ditugu eraldaketa energetikoa ahalik eta azkarren eta demokratikoen egiteko erreminta bezala.

Horrez gain, energia mailan jendea oso mesfidatia da eta zerbitzu honen bueltan gabiltzanok gertukoak garela jakiteak konfiantza ematen du. Energiaren gaineko zalantzak lasai argitzeko lekua da eta erabiltzailea ziur dago emandako aholkuak bere onerako izango direla, ez baitago bestelako interes ekonomikorik.

Energiaren gaineko kazka zabalduz doa.

Energiaren gaineko zalantzak edo kezkak badaude, jendea animatuko nuke energia komunitate bat osatzeko ahalegina egitera. Nolako onurak dituen ikusita, prest gaude inguruko herrietan lehen pausuak ematen laguntzeko eta elkarrekin esperientziak partekatzeko. Guk energiaren ikuspegi guztiak lotu nahi ditugu eredu komunitario batetik, ez dugu uste autokontsumorako instalazioak egitea denik bidea. Hala ere, komunitate energetiko eredu desberdinak gaude eta herri bakoitzak ikusiko du zein den bere errealitaterako egokiena.

Jaurlaritza Logoa