Zuzenean

Ainara Rodriguez
Elkarrizketa
Ane Alava eta Txomin Aiartza
Ernaiko bozeramaileak

«Aldaketarako prest gaude; galdera da ea nahi duten gu motor izatea»

Dozenaka lagun batu zen duela 10 urte Lizarrako frontoian, Ernai gazte antolakundea izango zenari ongi etorria emateko. Zazpi hilabete iraun zuen sorrerak, 180 herri eta 2.500 gazte bildu zituzten eztabaidetan. Ilegalizazio aldi luze bati bizkar eman zion ezker abertzaleko gazte antolakundeak.

Audio_placeholder

«Aldaketarako prest gaude; galdera da ea nahi duten gu motor izatea»

Loading player...

Independentismoa, sozialismoa eta feminismoa ardatz, gazteak horien bueltan elkartzera deitu zuen hastapen horretan Ernaik. Nafarroa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzo eta herrietan antolatu izan da Ernai orduz geroztik. Ilusioz ekin zioten aldarriari.

Lehen hamarkadara heldu da erakundea, 10 urte bete ditu gaur Ernaik. Ane Alava eta Txomin Aiartza izan ziren atzo NAIZ Irratian, gaur egungo Ernaiko eledunak.

Ospakizun eguna da?

Ane Alava: Badu ospakizunetik, baina baita aldarrikapenetik eta horrela ospatu nahi izan dugu antolatu dugun egitarau zabalarekin, unibertsitateetan eta hiriburuetan zehar garatuko dena bereziki. Uste dugulako ospakizunekin batera gaurko eguna berresteko eguna ere badela. Ernai sortu zen tresna gisa, independentzia, sozialismo eta feminismoaren proiektu politikoarekin; horretan berretsita hau garatzen eta aldarrikatzen jarraitzeko eguna ere izango da.

Nola heldu da Ernai 10. urteurrenera?

Txomin Aiartza: Orokorrean eraberrituta eta maila batean indarberrituta heldu gara. Egia da sarritan aipatzen dela azken urte hauetan orokorrean izan dela azkartze bat eremu guztietan. Aldaketa sakonak izan dira, krisiaren azelerazio bat izan da, pandemia bat ere izan da eta horrek azeleratu egin ditu gure bizitzako hainbat esparru, eta gazte antolakundean aldaketa nabarmenak izan dira. Aurreko kongresuaren ostean aurrerapauso nabarmenak izan ditu gazte antolakundeak. Ostean etorri zen pandemiak hedapena moztu zuen.

Gogotsu ziren orduko gazteak abiatzear zen ibilbide horrekin. Nola ikusten dituzue gaur egun gazteak?

A.A.: Gaur egun bizi dugun krisi anizkoitza 2008tik garatzen joan den krisi baten ondorioa da, 2020ko pandemiarekin azkartutakoa. Kapitalismoak goia jo du eta gazteok egoera guzti honek modu partikularrean kolpatzen gaituela ukaezina da. Ernaik argi eta garbi esan zuen ikasturte hasieran belaunaldi krisi baten aurrean egon gaitezkeela. Gazteoi gure bizi espektatiba guztiak lapurtu dizkigute. Gainera, prekaritatera eta osasun mental kaskar bat izatera eraman gaituzte eta hainbat oztopo jartzen dizkigute.

Testuinguru guzti horretan ezinezkoa da nolabait ere momentu batzuetan etsipena ez sentitzea edo neoliberalizazio prozesuak indibidualismora bultzatzen gaituen horretan desmobilizazio sentsazio bat ez izatea, baina gazteriak erakutsi digu baduela borrokarako grina eta baduela parte hartze politikorako gogoa. Esan dezakegu testuinguru gogor batean bagaude ere gazteok badaukagula zer borrokatu eta borrokatzeko gogoa.

Uste duzue Ernai izan dela beren burua abertzale eta ezkertiartzat duten gazte horientzako aterpea?

T.A.: Nik uste dut baietz. Ernaik hasieratik izan du anbizio eta bokazio hori eta lortu du, orokorrean Euskal Herriko gazte independentista eta ezkertiarra izan daitekeen ororen erreferentzia politiko eta bilgune izatea.

Azken kongresu horretan ere hausnartu eta ikusi genuen Ernaik hainbat urrats egin dituela eremu honetan baina oraindik ere badugula jauzi bat emateko beharrizana.

Nafarroan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan eratu zen Ernai eta Ipar Euskal Herriko gazte mugimenduarekin hartu-emana iraunkorra zela esaten zenuten. Nolakoak dira gaur egun harreman horiek?

T.A.: Ernairen sorrerarekin eta horren ostean Aitzinaren sorrerarekin harreman finkoa zehaztu zen bi antolakundeen artean. Badira bi edo hiru urte Aitzina desagertu zela, eta, desagertu bazen ere, Ipar Euskal Herrian badaude abertzale eta independentista kontsideratzen diren gazteak eta desagertu zenetik harremana mantendu izan dugu eta gertutik jarraitu ditugu eman dituzten urrats organizatiboak. Duela gutxi sortu zen Xuti gazte dinamika eta ulertuta errealitate ezberdinak direla biak ala biak gertutik jarraitu izan ditugu eta poliki-poliki ere ari gara harreman horretan aurrerapausoak ematen.

Gazte boterea ahaldunduta indarrean dagoen sistema iraultzeaz ari ziren sorrerako bozeramaileak. Gaur egun zer irakurketa egiten duzue sistema horretaz?

T.A.: Gaur egun kasik arrazoi gehiago edo pisuzkoagoak daude sistema iraultzeko. Egia da Ernai 2013an sortu zela, 2008ko krisi ekonomikoaren testuinguru horretan eta ordutik hona nolabaiteko sistemaren balioen eta kaskartze ekonomikoaren sakontze bat izan dela eta azken urte hauetan sistemaren beraren krudelkerian eta aurpegirik gordinenean sakondu dela. Hori eremu desberdinetan erakusten da: ekonomikoan, politikoan eta kulturalean. Azken 10 urte hauetan sistemak berak are gogorrago

Zeintzuk dira gazteek bizitza duin bat izateko oztopoak?

A.A: Prekaritatea, emantzipatzeko ezintasuna, ikasketa prozesuetan aurkitzen ditugun oztopo guztiak eta prozesu hauek zertara bideratuta dauden oztopo da gure garapen pertsonal eta militantean. Baita aipatu dugu osasun mentala eta gaur-gaurkoz agendan dagoen bizitzaren garestitzea oro har. Ezeren jabe ez garen bizitzaren momentu honetan gurea eraikitzeko gaitasuna daukagu, emantzipazorako alternatibak sortzearena.

Asko aipatzen da gazteek ez daukatela konpromiso politikorik. Non daude gazteak?

A.A.: Pasa den urteko Topagunea horrekin amaitu genuen: «Hemen gaude eta milaka gara». Erakutsi genuen orduan eta erakustera goaz Elorrion. Ezin da ukatu indibidualizazio prozesu bat bizitzen ari garela gizarte moduan eta horrek gazteoi eragiten gaituela, baina horrek ez du eragina izan gazte mugimenduetatik sustatzen diren egitasmoetan. Gazteok bagaude eraldaketarako prest; galdera da ea gizarteak nahi duen gu horren motor izatea eta gazteok exijitzen dugunaren mesedetan gurekin lan egin.

Jaurlaritza Logoa