Zuzenean

Ainara Rodriguez

Abian da berriz Gaindegia: «Administrazioak egiten ez duena jendarteak egin behar du»

«Euskal Herria herrialde kutsatzaileenen artean dago» lerroburuarekin itzuli da Gaindegia. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako datuak osoki hartzen dituen behategiak ia bi urteko hibernazio publikoa izan du, pandemiak baldintzatuta. NAIZ Irratian eman ditu xehetasunak Xabier Oleaga idazkariak.

Audio_placeholder

Abian da berriz Gaindegia: «Administrazioak egiten ez duena jendarteak egin behar du»

Loading player...
Xabier Oleaga, Gaindegiako behin-behineko idazkaria, NAIZ Irratiko estudioetan.
Xabier Oleaga, Gaindegiako behin-behineko idazkaria, NAIZ Irratiko estudioetan. (NAIZ Irratia.)

2021eko ekainaren 30ean, «aktibitatearen geldialdia» iragarri zuen Gaindegia behatokiak. Xabier Oleaga behin-behineko idazkariak osasun krisitik eratorritako «produktibitate gabezia» jo du geldialdiaren arrazoi nagusitzat. Hala ere, pausa kanpora begirakoa izan zen bakarrik. «Gogoetaren ikuspegitik ez da izan. Horren emaitza da une honetako gure presentzia». 

Gaindegia bideragarria izan dadin, «nortasuna, esparrua eta aitortza soziala» ezinbestekoak dira Oleagaren ustez. Behatokiaren izaeraren berezitasuna da ikerketetan zazpi herrialdeak aintzat hartzen dituela. «Ez zeukan aurrekaririk. Inork ez du bere esparru administratiboaz harago ikertzen. Administrazioak egiten ez duena jendarteak egin behar du».

Esan duenez, bi urteotan faltan eman du jendeak Gaindegia. «Ze ongi ez dituzuela ateak itxi!», izan da jaso duten mezua.

«Indarberrituta» datoz, bost laguneko behin-behineko zuzendaritza batekin.

Etorkizuneko helburuen artean, «Gaindegiaren barne egitura sendotzea» eta iragarri berri den adierazle sozioekonomikoaren galeriaren «dibulgazioa» daude. Hemendik urte bukaerara bitartean gogoeta sustatuko dute honen inguruan, eta nahi horren erantzuna da «Euskal Herria herrialde kutsatzaileenen artean dago» lerroburu dinamizatzailea.

Barnera begira, zuzendaritza egonkor bat osatzea da asmoa. Aldamenean, momentuz batzorde akademikoa deitu dutena izango du, babesa eta kalitatearen bermea ematen Gaindegiak egingo duen lanari. «Akademikoa deitu dugu Unibertsitateko osagai inportante bat egongo delako, baina ez da izango bakarrik unibertsitatekoa, eragile sozioekonomikoen alorrean punta-puntako jendea integratu nahi genuke».

Ekimen soziala eta babes instituzionala

Gaindegiaren idazkariak ekimen sozialaren eta babes instituzionalaren formula nabarmendu du. «Uztarketa hori ematen denean, oso ondo funtzionatzen dute gauzek. Hori neurri bateraino lortu dugu. Babes instituzionala areagotzea izango litzateke gure helburua».

Ikerketa lanetan ari dira orain. Esperientzia metatua du horretan Gaindegiak, instituzioekin jarduteko orduan egokitzen jakiteko eta baita konbikziozko diskurtso bat hedatzen joateko ere. «Gauzak ondo doaz eta emaitzak ikusiko ditugu epe laburrera», iragarri du Oleagak.

Bestelako eragileen artean ere harrera oso ona dela esan du. Aurkezpen bat egin zuten eurentzat eta han izan ziren hedabideak, entitate finantziarioak eta Bidasoaz bi aldeetako erakunde garrantzitsuak.

Ingurugiroarekiko zorra

Demografia, ekonomia, jendartea eta ingurugiroa jaso ditu Gaindegiaren 2022. urteko txostenak. Azken neurgai hori berria da. Xabier Oleagak adierazi du «aspaldiko zor» bat zela. «Bazen garaia», esan die batek baino gehiagok.

Lanaren ondorio nabarmenetako bat da Euskal Herriak mundu mailako CO2 isurketa ratioak «ia bikoiztu» dituela. Neurketak «inpaktu soziala» sortu du iritsi den lekuetan.

Oleagak azaldu du arlo teknikoan datuak ezagunak zirela, baina klase politikoak jendarteari ezkutatu izan dizkiola. «Herritarroi sufrimendua saihestu asmoz edo demagogia egiteko, honelako gauzak ezkutatu egiten dira. Guk inpaktua bilatzen genuen, inpakturik gabe gogoetarik ez dagoelako. Batzuetan inpaktuarekin ere ez dago gogoetarik, baina aprobetxatu nahi genuen sortzen duen ezinegona hori gogoetara eramateko, kanalizatzeko, eztabaidatu behar diren gauzetaz eztabaidatzeko desberdinen artean, ahal bada kontsentsu batzuetara iritsiz», esplikatu du Gaindegiako idazkariak.

Jaurlaritza Logoa