Zuzenean

Naiz Irratia

Analisi Mahaia: Angel Toña eta Garbiñe Biurrun

Abortuaren legeaz, Justizia Administrazioko letradunen grebaz eta torturaz hausnartu dugu bi tertuliakideekin.

Audio_placeholder

Analisi Mahaia: Angel Toña eta Garbiñe Biurrun

Loading player...
Joxe Arregiri omenaldia, atzo, Zizurkilen, Egiari Zorrek antolatuta
Joxe Arregiri omenaldia, atzo, Zizurkilen, Egiari Zorrek antolatuta (Jon URBE | FOKU)

Abortua lehen lerroko gai bihurtu zaigu azken egunetan ertz ezberdinetatik, hasteko, lege honen erreforma onartu berri duelako Senatuak. Hala, 16 eta 17 urteko adin txikikoek aukera izango dute gurasoen edo tutoreen baimenik gabe abortatzeko.

Bestetik, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du PPk duela hamarkada bat baino gehiago Abortuaren Legearen aurka aurkeztutako helegitea. Rodriguez Zapatero presidente zen garaiko gobernuak onartu eta 12 urtera Konstituzionalak legea babestu du.

Garbiñe Biurrunek azpimarratu du «arduragabekeria» dela erabakia hainbeste urtez atzeratu izana. PPk aurkeztu zuen helegitea eta Konstituzionalean gehiengoa izan duenean gaia ebatzi ez izana kritikatu du, gaineratuz, horrek erakusten duela ez zutela aurkakotasunarekiko «konbentzimendurik». Angel Toñak azpimarratu du auzi honetan hitza emakumeena dela, «bizitzak eta heriotzak» beti sortzen dutela eztabaida baina adituei eta kaltetuei entzun behar zaiela.

Soldata igoerak eta negoziazio kolektiborako eskubidea eskatuz Espainiar estatuko Justizia Administrazioko letradunek, idazkari judizial zirenak, greba mugagabean hiru aste bete dituztenean, Biurrunek aldarrikatu du «funtsezko zerbitzuetan» greba egitearen inguruan hausnartu egin behar dela «herritarrek jasaten dituzten kalteak» haintzat hartuz. Toñak gogoratu du greba «eskubide handi bat» dela eta lanuzteen «oreka ezegonkorra» aipatu du.

Amaitzeko, Torturaren aurkako egunean, Toñak nabarmendu du instituzioek barkamena eskatu beharko luketeela eta Biurrunek edozein delitu larriren aurrean beharrezkoak diren aitortza, justizia eta erreparazioa falta direla oraindik. «Estatu batek egin dezakeen delitu larriena» da tortura bere esanetan.

Jaurlaritza Logoa