Zuzenean

Ainara Rodriguez
Elkarrizketa
Iker Mariezkurrena eta Leire Zubillaga

«Ni Iker naiz»

Orain gutxi bere urteko batzarra ospatu du Naizen elkarteak eta okasioa baliatu dugu Iker Mariezkurrena andoaindarra ezagutzeko; aludun mutila da bera. Bere amak azaldu digu zein prozesu bizi izan duten.

Audio_placeholder

«Ni Iker naiz»

Loading player...
Iker Mariezkurrena eta Leire Zubillaga, ama-semeak.
Iker Mariezkurrena eta Leire Zubillaga, ama-semeak. (@naizirratia)

«Ni iker naiz». Ikastolako gelakideen aurrean zutitu eta bere benetako izatea, bera nor zen argi azaldu zuenekoa da aitorpen hori. 3 urte zituen orduan Iker Mariezkurrena Zubillaga andoaindarrak, eta jendarteak ezartzen dizkigun eredu normatiboak atzean utzita, aludun mutila izatera pasa zen orduz geroztik.

Egia esatera, beti izan da horrela, hala azaltzen hasi zen 2 urte besterik ez zituenetik. «Mutila zela esaten zigun, baina gero kotxe bat zen... ez genion garrantzia handirik ematen», hala kontatzen du bere ama Leire Zubillagak. Egunez egun egoera zen bezalakoa erakusten zien Ikerrek, baina «ez genuen ikusten», dio bere amak etengabe.

Kontatu du nola ikastolan neska aludun eta mutil zakildun baten irudiak erakutsi eta ez batekin eta ez bestearekin ez zen identifikatzen Iker, edo beste haurren begietara ‘izenik gabeko mutil’ gisa aurkezten zen... Egoera horrek eraman zuen bere ama pentsatzera autismoa ere izan zezakeela bere haurrak, ez baitzen jendaurrean zen bezalakoa agertzen.

Susmoak hartuta, Chrysallis Euskal Herria elkartera ere jo zuen: «Orduan ez zegoen informazio askorik, eta horren bila jo genuen elkartera. Umearen ondoan egoteko esan zidaten, berari entzuteko». Eta hala egin zuen. Gogoan du amak nola udako egun batean errekara joan eta Iker biluzik, inguruan ziren haur batzuk galdetu zioten neska ala mutila zen: «Neska!» erantzun zuen amak, eta kontatu du Ikerrek bota zion begiradak guztia esan ziola: «Atzera egin eta esan nien beste haurrei: Badakizue badirela alua duten mutilak? Erabat aldatu zitzaion aldartea Ikerri». Inguruan input asko jasotzen zituen ama honek: «Pasako da, pasako da», esaten zioten. Baina errekako egun hartan hasi zen kontziente izaten egoeraren dimentsioaz; bere bikotekideari kontatu zion eta hortik hasi ziren bidea urratzen; edo hala uste zuen Leirek behintzat: «Mutilen zapatilak erosi genituen... berak asko aldarrikatzen zuen mutil gisa deitzeko, beharbada, gu ez bezala, kontziente zelako ez genuela ikusten». Ikastolako ariketa hura ere errepikatu zuten: Orduan bai, lau irudi jarri zituzten bistara, eta argi adierazi zuen aludun mutila zela.

«Ni Iker naiz»

Hasi ziren konturatzen, ordea, Iker ez zela jaio zeneko izenarekin identifikatzen: «Konturatu ginen Ekhiñe deituta, inguruak neska bat bezala ikusten jarraitzen zuela. Kalean bere izenez ez deitzea erabaki genuen haurra ez kondizionatzeko». Hainbat egunetako gorabeheren ostean, azkenean, Iker izena gustatzen zitzaiola adierazi zuen haurrak. Eta hemen azalarazi zen etxeko arrakala: «Nik uste nuen bikotea eta biok puntu berean geundela gaiarekiko, baina ez. Haserraldi haundi bat izan genuen, Iker tartean zela, eta une batetik bestera Iker izena etxetik desagertu zen».

Hainbat egunez hitz egiteari utzi zioten etxean; Leirek berak egoeraz jakitun egin zuen Ikerren Ikastolako andereñoa, oso kezkatuta zegoen: «Egun horretan zelatan ibili nintzen patio garaian. Haurra oso triste ikusi nuen, oso kezkatuta jarri nintzen. Irakaslearen deia jaso nuen orduan». Arrapaladan bertaratu zen Leire hara, ez zitzaion burutik kentzen Ikerri zerbait larria gertatu zitzaiola, baina guztiz kontrakoa zen: Jolas ordutik itzuli zirenean, andereñok borobil batean eseri zituen guztiak, eta esan zien berari ez zitzaiola gustatzen ‘andereño’ deitzea, berak Garazi edo Gaxi deitzea nahiago zuela. Hala, erronda bat egin zuen ikaskide guztien artean, eta ordura arte Ekhiñe zenaren txanda iritsi zenean, zutitu eta ozen adierazi zuen: «Ni Iker naiz». Gelakideek ongi asko hartu zuten konfesioa: «Baina nola izango zara Iker, gelan badugu beste Iker bat!», esan zuen batek. Baina irakasleak ez zela horren arazorik adierazita, egun hartatik aurrera izan da Iker argitasun osoz, eta aparteko inolako problemarik gabe.

Negarrari ezin eutsita, bikotekideari kontatu zion pasartea Leirek; argi zuen gertaera hura ezin zutela oharkabean pasatzen utzi. Hala, etxera iritsi zirenean, batean eta bestean ‘Iker’, ‘Iker’, ‘Iker’... afitxak ikusi zituzten barreiatuta. «Eskerrik asko ama», esan zion Ikerrek amari, eta honek erantzun: «Ez naiz ni izan, aitatxo izan da».

Erronka berriak

Pasarte hark inflexio puntua eragin zuen etxean. Urtebeteko prozesua izan zen Iker bere nortasunaren lehen zantzuak erakusten hasi zenetik. Eta bistan da, bide malkartsua izan dela. Gainera, inguruan ere landu behar izan dute prozesu hori, nahiz eta oso eskertuta dagoen Leire jasotako erantzunarekin: «Ez dugu inoiz inolako arazorik izan, ikastolan, kalean... beti ulertu izan da Ikerren prozesua». Oso eskertuta dago Naizen elkartean jaso duten babesarekin: «Gu iritsi ginenean 32 familia ginen, 300dik gora dira gaur egun».

Ikerrek orain 10 urte ditu; erronkaz beteta izan duen haurtzaroa uztear da eta sartuko da gaztaroan, beste erronka batzuei heltzeko. «Nik aipatzen diot bere gorputzak hemendik aurrera nirearen antza hartuko duela aitarena baino gehiago. Badago aukera hori gelditzeko blokeadoreekin, baina orain gutxi esan digu bera ez dagoela prest, oso txikia dela erabaki hori hartzeko». Kontaktuan dago Naizen elkartean bere egoera berean dauden beste gazteekin, baina etxean ez dute presarik: «Ez dugu urratsik eman bera ez dugulako horretarako prest ikusten. Argi ikusi dugu prozesu guztian berak markatu duela erritmoa, berak erakutsi digula bidea, eta orain ere hala egingo du».

Jendartea eraiki dugun moduak egiten ditu gauzak zail eta konplikatu, eta norbera, batzuetan, ezin izan ahal izatea bere gorputzaren edo izan nahi duen horren jabe. Zentzu horretan, haurrei entzuteko deia egin du Leirek.

Jaurlaritza Logoa