Zuzenean

Ion Garate
Elkarrizketa
Itziar Ariztimuño
Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalaria

«Dena nahiko ondo ari gara egiten, baina pixka bat gehiago nahi dugu oraindik»

Lesioak direla-eta, Lointek Gernika Bizkaia denboraldi zail bati ari zaio aurre egiten, baina nahikoa txukun dabil. Bosgarren eta Koparako sailkaturik, baina «oraindik liga asko geratzen da», dio jokalari bilbotarrak. Hasteko, larunbatean 20.00etan Malosten IDK Euskotrenen aurkako euskal derbia.

Audio_placeholder

«Dena nahiko ondo ari gara egiten, baina pixka bat gehiago nahi dugu oraindik»

Loading player...
Itziar Ariztimuño, Maloste kiroldegi kanpoan.
Itziar Ariztimuño, Maloste kiroldegi kanpoan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Taldeari energia desberdin bat eta beti zerbait ona eman nahi izaten diot, eta nik uste ari naizela lortzen», dio Itziar Ariztimuñok. Sandra Ygueravide sendatu zenetik bere ohiko rolera itzuli da bizkaitarra, baina aurtengoa da antolatzaile bilbotarraren urterik oparoena, eta oraindik falta dena aintzat hartuta, ez dago geldirik egoteko.

Larunbatean duzue IDK Euskotrenen aurkako derbia. Zer moduz dago taldea?

Tira, Teneriferen aurka irabazi eta gero, sentsazioak bestelakoak dira orain. Hori oso garrantzitsua da derbiari begira.

Aipatu duzu Tenerifen irabaztetik zatoztela, azken sailkatuaren aurka, eta sentsazio honekin. Euskal derbia ere motibazio iturri izango litzateke aurrera begira, ezta?

Bada, bai. Urtarrila zaila izan da guretzat; azkenean partida asko jokatu ditugu eta horietatik asko galtzea tokatu zaigu. Horregatik uste dut azkenengo partida irabaztea garrantzitsua izan dela. Azken batean, gogor entrenatzen dugu eta nik uste gauzak ondo ari garela egiten. Orain, bestalde, partida garrantzitsu bat dugu aurrean eta aukera hori baliatu behar dugu.

Aurrean IDK izango duzue; hamargarren postuan daude donostiarrak sailkapenean eta galtzetik datozen arren, joaneko itzuliko derbian 69-61 nagusi izan ziren etxean. Orain kantxa faktorea zuen alde izango duzue... Nolako partida aurreikusten duzu?

Ba tira, derbiak izan ohi diren bezalakoak. Nik uste oso partida lehiatua izango dela. IDK Euskotrenek kalitate handiko jokalariak ditu; dela Coulibaly, dela Maria España... Hasteko eta bat, defentsako lanean oso kontzentratuta jokatu beharko dugu.

«[Donostian] une txarrak oso nabarmenak izan ziren. Nire iritziz momentu txar horiek kontrolatzen asmatu behar dugu, hasteko»

Joaneko partida hartatik oroitzen duzunetik, zer aldatu edo zertan hobetu behar duzue, berriz ere berdina pasa ez dadin?

Nik uste Donostian partida txarra jokatu genuela. Hau da, momentu onak ere izan genituen, baina une txarrak oso nabarmenak izan ziren. Nire iritziz momentu txar horiek kontrolatzen asmatu behar dugu, hasteko.

Bestelakoan, ligako sailkapenean bosgarrenak zarete hamar garaipenekin, 10-9 balantzearekin Bartzelonarekin berdinduta, eta aurreko lau taldeak zertxobait urruti. Ez dakit zein den ligan denboraldirako helburua...

Urte osoan zehar nola ari garen ikusita, nik uste gure helburuak betetzen ari garela. Agian egon zitekeen ligako laugarren postua gure helburuen artean; baina, batetik, oraindik liga asko geratzen da, eta bestetik, oso berdinduta eta nahasita dago lehiaketa. Dena nahiko ondo egiten ari gara, baina pixka bat gehiago nahi dugu.

Beno, eta Eurocupean ezin izan zenuten Gorzow taldearen aurka kanporaketa gainditu. Min handia eman al du horrek taldean edo zein eragin izan du kanpoan geratzeak?

Eurocupa jokatzea guztioi gustatzen zaigu eta kanpoan geratzeko momentuan min hartu genuen. Kanporaketa oso zaila izan zen, batez ere Polonian bertan jokatu beharrekoa, baina nik uste egin behar genuen guztia egin genuela. Azkenean, baina, galtzea tokatu zitzaigun... Tira, saskibaloia horrelakoa da. Baina nik uste kanporaketa hartatik ikasi dugula eta hori aprobetxatuz, hurrengo helburuetan pentsatu behar dugu.

Eurocupean dagoeneko ez, baina Kopan behintzat izango zarete. Zaragozan egongo zarete, martxoaren 30etik apirilaren 2ra... Oraindik zertxobait geratzen da, baina gogotsu al zaudete dagoeneko?

Bai, noski! Kopan jokatu ahal izatea beti da esperientzia oso ona. Beste zazpi taldeekin hotel berean zaude, saskibaloiari lotutako jende asko batzen da bertara eta horrela, oso esperientzia polita da Kopa jokatzea.

«Taldeari beti gauza onak eman nahi izaten dizkiot eta uste dut hori lortzen ari naizela»

Ilusio edo esperantzarik ba al duzue jarrita Kopan?

Bai! Uste dut Kopa hau edozeinek irabazi dezakeela. Lehenengo partida horretara begira ilusio oso handia daukagu, baina era berean, urduritasun handia izaten duzu. Nik uste urduritasun hori kontrolatzen kontzentratu behar duguka; izan ere, Girona –final-laurdenetako aurkaria– urduri egon daiteke ere, eta horretaz aprobetxatu behar gara.

Orokorrean, nola baloratzen duzu taldeak orain arte egin duen lana?

Ba lan oso ona egiten ari garela pentsatzen dut. Azkenean, denboraldi zaila izaten ari da. Lesioak direla, fitxaketak direla... Horrek guztiak taldearen dinamika aldatzen du eta zailtasun guzti horiekin ere aurrera atera gara. Hori kontuan hartzeko modukoa dela uste dut.

Alor pertsonalean, zer moduz sentitzen zara?

Ondo! Pixkanaka-pixkanaka, pauso gehiago ematen ari naizela uste dut. Kantxan ditudan minutuak aprobetxatzen ditut, beste energia bat ematen diot taldeari... Taldeari beti gauza onak eman nahi izaten dizkiot eta uste dut hori lortzen ari naizela.

Jaurlaritza Logoa