Zuzenean

Otsailaren 25ean egingo da 40 Minutu Rock ‘Bagatoz, badatoz’ lelopean

Azken sarrera fisikoak eskuratzeko tabernen zerrenda beren sareetan elkarbanatzen dabiltza, egunez egun berritzen ari direna, geroz eta toki gutxiagotan geratzen baitira 40 Minutu Rock ikusteko sarrerak.

Audio_placeholder

Otsailaren 25ean egingo da 40 Minutu Rock ‘Bagatoz, badatoz’ lelopean

Loading player...
Jendetza Landako Gunean joan den asteburuko 40 Minutu Rock jaialdian. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Jendetza Landako Gunean joan den asteburuko 40 Minutu Rock jaialdian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Indarberrituta gatoz bai!» esan digute Aitziber Areitio eta Anes Baños 40 Minutu Rock jaialdiko antolakuntzako kideek. «Bi urteko etenaldiaren ostean gogotsu gatoz bueltan, baina automatizatuta geneuzkan lan batzuk herdoildu egin zaizkigu. Gainera, aurten jende berria sartu da antolakuntzan eta lehenengo lan potoloa bi urteren ostean gure artean koordinatzea izan zen. Orain arte egon direnek egin duten lana zelan egin duten ikasi, zer ez den egin behar jakin… Denetik pixka bat», aipatu digute kideek

Hamahiru talde izango dira Durangoko Landako eremuko oholtzan: Bengo, Brigade Loco, Bulego, Dupla, Ginger, Huntza, Iheskide, Lukiek, Merina Gris, Perlata, Rotten XIII, Skabidean eta Unidad Alavesa.

Orain hilabete bukatu ziren online sarrerak eta orain Euskal Herriko taberna desberdinetan dituzte salgai: «Guztira 20 leku desberdinetan daude (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan) baina dagoeneko leku batzuetan bukatzen ari dira». Aste pare bat barru denak jaso eta zentralizatu egingo dituzte bizpahiru tokitan bakarrik salgai jarriz, «beraz, oraindik erosi ez duenari ahalik eta arinen erosteko gonbita egiten diogu» diote antolatzaileek.

Guztira 8.000 sarrera daude, eta, 7.000 salduta, guztiak saltzea espero dute. Helburuetako bat horrekin betetzen dute antolatzaileek eta «oso gustora» daude jendeak emandako erantzunarekin. «Horrelako ekitaldietan nabarmentzen da badela herri kontzientziatu bat, eta presoak etxera ekartzeko bidea geroz eta gertuago dugula», diote Bañosek eta Areitiok.

Kontzientzian eraginaz

Baina sarreren salmenta ez da helburu bakarra: «Presoen auzia presente izatea ere bada beste helburu bat. Beharrezkoa da beraien oinarrizko eskubideengatik eta etxeratzeagatik egiten den borrokari sostengua ematea. Izan ere nahiz eta egoera hobetu den, azken asteetan emandako gradu progresioen atzera botatzeak arduratu egiten gaitu, eta horren aurrean erantzun beharra dugu. Egoera guzti honek sozializatzeko eta borrokatzeko sortu dira elkartasun jaialdi guztiak.

Ohi denez, ekitaldi politikoa ere izango du jaialdiak bere baitan, «presoen etxeratzearen aldeko jaialdia izanda, mezu horri tartea ematea ezinbestekoa delako eta beraiek bertan izateko edo sentitzeko beste modu bat ere badelako». Aurtengo mezu orokorra jaialdiko leloak laburbiltzen duena izango da: ‘Bagatoz, badatoz’. «Gu bueltan gaude presoen kaleratzea esijitzeko eta haiek badatoz Euskal Herrirantza, denok dakigun bezala, 2022an hurbiltze asko egon direlako», diote antolatzaileek.

Aurten gainera, Skabidean taldearen eskutik abesti ofiziala atera dute eta abestiak ere laburbiltzen du trasmititu nahi den mezua, «aldaketa handiak eman direla hurbilketengatik, baina badela oraindik lan handia egiteko, preso guztien bizi baldintzak duindu eta etxeratzea lortu arte».

Otsailaren 25erako prest

Kontzertuen lan-taldea iazko maiatzean hasi zen lanean, eta euskal eszenaren parte diren taldeak ekartzea izaten dute helburu, «presoen auziaz kontzientzia dutenak eta borroka honi aletxoa jarri nahi dietenak». Aukeraketa horretan, euskal musika gailentzeaz gainera, «genero parekidetasuna ere oso presente izaten dugu beti, baita hasten ari diren taldeekin kontatzea ere. Aurten ez da posible izan, baina normalean durangaldeko talde bat ekartzen dugu, gure komunitatearen parte diren talde horiei bultzadatxoa eman asmoz», aipatu dute antolatzaileek.

Ateen irekiera 10:30ean izango den arren, kontzertuak 11:00etan hasiko dira eta edizio honen irekiera Bengo artista oiartzuarrak emango dio. «Garaiz zabaltzeak, beste lasaitasun bat ematen dizu gauzak hobeto kontrolatzeko, 8.000 pertsona batetik bestera mugitzen, mugimendu asko relako. Gainera sarrerak pultserengatik aldatzean ilara luzeak sortzen dira normalean, beraz jendeari denboraz joateko deia luzatzen diogu, guztiok kontzertu guztiez gozatu ahal izateko», aipatu dute antolakuntzako kideek.

11:00etan hasi eta 02:00etan bukatuko den jaialdian bi eszenatoki izango dira, kontzertu bat bukatu orduko bestea hasteko. Antolatzaileek argi esan digute «kontzertuen iraupena ez dela 40 minutukoa, presoen bisiten iraupen eskasa bistaratzeko jarritako izena baino ez dela 40 Minutu Rock», eta, beraz, kontzertuen iraupena ordubeteren bueltakoa izaten dela.

Protokolo feminista aktibatua egongo da uneoro, eta argi utzi nahi dute «jaialdi honetan egoten ez dakienak ez duela inolako kabidarik». Eraso sexistaren bat egotekotan salatzeko telefono zenbaki bat jarriko dute, eta pultsera guztietan eta pankarten bidez ere zabalduko dute zenbakia: 623 166 733.

Ohiko truke sistema izango da jan-edanak eskuratzeko eta ezingo da kanpotik ezer ere sartu. Autobus zerbitzu berezirik ez dute jartzen, «baina badakigu hainbat herri desberdinetatik antolatu dituztela eta sare sozialetatik zabalkundea eman diegu jendeak informazio hori ere eskura izan dezan». Kotxeei dagokionez ez dago aparkaleku berezirik Durangon, eta, hartara, «jendeari garraio publikoan etortzeko» deia luzatu diete 40 Minutu Rockeko kideek. «Autobusez zein trenez aukera asko daude Durangora heltzeko. Gainera, Euskotrenekin harremanetan gabiltza eta zerbitzu bereziak antolatuko dituzte, nahiz eta oraindik ez diguten maiztasuna zehaztu», gaineratu dute antolakuntzatik.

Boluntarioak, ongietorriak

Jakina da halako jaialdietan beharrezkoak izaten direla boluntarioak eta kasu hau ez da desberdina: «Ezin daiteke 40 Minutu Rock boluntario lanik gabe ulertu. Jaialdiak lan handia eskatzen du, hilabeteak lehenago egiten dugun aurre lanketaz gainera, azpiegitura eta produkzio guztia lotzeko eta aurreko astean egiten den muntaian eta egunean bertan bete beharreko txandetan jende asko behar izaten da. Beraz, edozein pertsonak hau jakitean bere aletxoa jarri eta txandaren bat egin nahi badu, idatzi dezala gure sare sozialetara eta txandaren batean sartuko dugu».

Otsailaren 25ean, beraz, jaialdi borobila izango da Durangon, Landako gunean, 40 Minutu Rockekoen eskutik. Besteekin esaten dugun moduan, azkena izan dadila!

Jaurlaritza Logoa