Zuzenean

Bigarren Kafea

«Ez nuen uste serioa zenik antzerkia ikasi nahi nuela esatea»

Itzuli konpainiaren eta Oihana antzerkiaren sortzailea da Maryse Urruti eta gaur, haren ibilbidearen errepasoa egin dugu, Bigarren Kafeako Kafe Hutsean.

Audio_placeholder

«Ez nuen uste serioa zenik antzerkia ikasi nahi nuela esatea»

Loading player...

Nafarroa Behereko aktore eta sortzailea da Maryse Urruti, eta txikitatik izan du gustuko antzerkia. Bost urte zituela pertsonaia txiki bat egin omen zuen antzezlan batean, ehiztariarena, eta oroitzapen ederra utzi zion. Gainera, Donibane Garaziko lizeoan zela, Antton Lukuk antzerkiarekiko bere maitasuna transmititu zion.

Hain gustukoa izan arren, ez zuen hasieratik antzerkia egiteko pausua eman, lehenik, Zientzia politikoak ikasi zituen Okzitaniako Tolosan. “Gaztetan gurasoei nien errespetuak atzera bota ninduen, eta ez nuen uste serioa zenik antzerkia ikasi nahi nuela esatea”, azaldu digu. Hala ere, politika alde batera utzi eta  Parisko l’Ecole du Jeu antzerki eskolan ikasketak egin zituen, eta garai hartan ere hasi zen kantua ikasten. 

Ikasketak amaitu eta gero, Mathilde Saubolerekin batera Les instants electriques konpainia sortu zuen. Harekin asko ikasi eta gero, 13 R3P sortu zuen Elodie Darquierekin. Beranduago, Baionako Hecho en casa konpainiarentzat Cyrano lanean aritu zen aktore eta ordutik aurrera Atx Teatroa edota Hika teatroarekin bezala, hegoaldeko hainbat konpainiekin ere aritu da. 

Horrez gain, Itzuli konpainia sortu zuen orain urte batzuk, “hiru antzerki konpainia sortu ditut, eta horiek ulertu behar dira amodio harremanak bezala, batzuetan bukatu egiten direla”, kontatu du, eta esan du min handia ematen duela batzuetan, baina gero beste manera batzuk topatzen direla harremanarekin jarraitzeko, edota bide ezberdinak irekitzen direla. Azken konpainiarekin, Itzulirekin, hainbat emanaldi sortu dituzte: Erromako zubia eta Oihana. Azkenarekin oraindik biran dabiltza baina Pasaian 29an emango duten emanaldia, azkena izan daiteke.


Honen eta gehiagoren inguruan aritu da gurean Maryse Urruti.

Jaurlaritza Logoa