Zuzenean
Gutxitan ematen dira eztabaidak euskal literaturaren kosmosean, edota gutxitan iristen dira irakurzalegoarengana, behinean. Bada, euskarazko edota euskal jatorriko narraziogintza beltzaren inguruan su txiki bat sortu omen da, hala kontatu digu Amaia Ereñaga GARA eta NAIZeko kultura-erredaktoreak.
Azken hamarkadako literatura-ekoizpenean hazkundea izan du euskal eleberri beltzak. Baita salmenta datu ikaragarri onak eskuratu ere. Eta badirudi azpigenero berri baten sorreraz hizt egin genezakeela: ‘Euskal noir’ gisa izendatu dena nobela beltz nordikoaren azpigenero bezala definitu dute. Geure lurraldeari loturiko elementuak ditu eleberrigintza horrek: klima, euskarazko izen eta izendapenak, erreferentzia mitologikoak... Bada elementu kurioso bat, baina, azpigenero berri honi dagokionean: euskal jatorriko idazleek idatzitakoak dira, baina gazteleraz.
Euskarazko eleberri beltza eta ‘euskal noir’-a gauza bera al dira? Astelehenean abiatu zen Pamplona Noir festibala eta jaialdiaren irekierako mahai-inguruan parte hartu zuen John Andueza idazleak adierazpen polemikoa egin zuen: «Agian, euskara bada nobela beltzean ongi moldatzen ez den hizkuntza bat. Euskal literatura ez da nobela beltzean nabarmendu, nahiz eta egile batzuek jarraitzaileen kluba merezi duten eta, bitxia bada ere, denak nafarrak diren». Harrabotsa sortu dute Anduezaren hitzek. ‘Euskal noir’ eta euskal eleberri beltzaren arteko dikotomia baieztatu daitekeen, ordea, denborak esango du.